Dantzaria

Joana Ouret: «Ez zara bortxaz dantzaria izan behar dantzatu ahal izateko»

Dantzaz konpainian sartu zen Ouret, baxotik landako ikasketak bukatu ondoan. Ekainean bukatu zuen formakuntza ibilbidea, eta proiektu bila ari da dantzan profesionalizatzeko. Dantzak adin guziendako jarduera izan beharko lukeela nabarmendu du.

Joana Ouret dantzaria, Baionan, urriaren 24an. PATXI BELTZAIZ
Joana Ouret dantzaria, Baionan, urriaren 24an. PATXI BELTZAIZ
Xalbat Alzugaray
Baiona
2025eko urriaren 30a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ttipidanik dantzaria da Joana Ouret (Uztaritze, Lapurdi, 2003). Uztaritzeko dantza taldean hasi zuen ibilbidea; baxo ondoko ikasketak finiturik sartu zen Dantzaz konpainian. Ekainean bukatu zuen urtebeteko ibilbidea, eta arlo garaikidean profesionalizatu nahi du orain. Zailtasunak zailtasun, dantzaria ez ezik, erizaina da lanbidez: bien artean ari da jauzika, egonkortasuna eta oreka ekonomikoa ahal bezala atzemanez. Zarena Zarelako eta Burrunka dantza taldeetan ere ari da, eta Bilaka kolektiboan dantzari baten ordezkapen lanetan. 

Dantzaz konpainian bukatu berri duzu ibilbidea. Zer eman dizu? 

Berriki arte, dantzan amateur gisa ari nintzen astean hiru edo lau orenez. Dantzaz konpainian sartu naizenez gero, egun guziz dantzatzen naiz. Goizetan klaseak bagenituen, eta, ondotik, arratsaldeetan, koreografoekin lan egiten genuen. Konpainian lau hilabetez prestatu dut nire taularatzea. Hamabi dantzari gara, eta horietarik hamar eszena gainera igaten dira.  

Nolakoa izan da estudiotik eszena gainerako jauzia? 

Zaila. Estudioan erakusten duzu barnean duzun guzia, eta gero hori kanpora begira igortzea gogorra izaten da batzuetan. Xantza ukan dut ordezko gisa hasi nintzelako, eta horrela pixkanaka-pixkanaka usatu nintzen eszena gainekoaz. 

Zer motatako dantzariak ezagutu dituzu? 

Denetarik ezagutu dut. Ni nintzen euskal dantzan aritutako bakarra. Anitz dantza klasikotik edota dantza garaikidetik heldu ziren, eta beste batzuk, karrikako dantza egitetik. Hainbat jatorritako jendea ere heldu da Dantzaz konpainiara. Euskaldun anitz badira, baina kanariar batzuk eta italiar bat ere bagenituen gure artean. 

«Dantzen orotarikotasuna eta aberastasuna erakutsi dizkit konpainiak»

Dantzatzeko manera definitua eta zehatza irakatsi al dizute konpainian?

Ez dut uste. Konpainiara hainbat koreografo heldu ziren haien lanen aurkeztera. Beraz, baditugu dantza garaikidera hurbiltzen diren piezak, koreografo jakin batek halako estiloa zuelako, baina bi hilabete berantago lantzen ahal genuen arras bestelako dantza estilo bat. Dantzen orotarikotasuna eta aberastasuna erakutsi dizkit konpainiak. 

Landu duzun obretarik bat da Hona.

Distirak programa landu genuen, baina baita Hona pieza ere. Bi horiek ez ditut koreografoekin ikasi, baizik eta berantago. Baina berriki Emilie Camachorekin eta Miriam Perezekin sorkuntza ttipiak egin ditugu. Ez dira oraino taularatu. 

Lapurdi eta Gipuzkoa artean joan-jinak eginez sare bat eraiki duzu? 

Euskal kulturaren beste ekosistema bat ezagutu dut. Dantzaz-en izan baino lehen ez nintzen kasik sekula joaten Hegoaldera. Zehazki, Gipuzkoan diren ekitaldien berri izan dut, eta oraino ere franko ari naiz ezagutzen. Baina, azken finean, profesionalizatzea zaila da nahiz eta sarea ukan. Ipar Euskal Herrian eta Gipuzkoan ez dira sistema berak. Oro har, Hegoaldean ikusgarri edo errepika guziz pagatzen dira dantzariak. Ipar Euskal Herrian, aldiz, intermitentzia lor daiteke, eta horrek egonkortasun gehiago ekartzen du. 


Bi administrazioen presioa sentitu duzu? 

Bi sistema desberdin dira, beraz, bi ordaintzeko manera desberdin. Hegoaldean, presioa eman behar diozu zuhauren buruari proiektuak aurkitzeko eta horietan erregularra izateko. Iparraldean, berriz, aski oren ukan behar dituzu intermitentziaren estatutua lortzeko. 

«Hegoaldean, presioa eman behar diozu zuhauren buruari proiektuak aurkitzeko eta horietan erregularra izateko. Iparraldean, berriz, aski oren ukan behar dituzu intermitentziaren estatutua lortzeko»

Dantzaria ez ezik, erizaina ere bazara. 

Ekainean bukatu nuen Dantzaz-eko ibilbidea, eta erizain hasi naiz berriz. Konpainiarekin emanaldi batzuk gelditzen zaizkit, baina nahi nituzke proiektu gehiago ukan intermitentzia galdegiteko; momentukotz ez dut oren aski egiten. Bilaka kolektiboan ordezkatzen dut norbait abendura arte, eta ateak jotzen ari naiz denetan. Nahiz eta sarea eraikitzen duzun, zaila da etengabe zalantzan izatea eta ez egonkortzea.

Bertzalde, konpainiarekin tailer batzuk eman zenituen ikastetxeetan. 

Emaitza ederrak utzi dituzte tailerrek. Dantzaren mundua ederragoa izanen litzateke ttipidanik mundu guziari irekitzen bazaio. Dantza ez da bakarrik antzokian edo ikusgarrietan ikusten duguna, ez zara bortxaz dantzaria izan behar dantzatu ahal izateko. Eta, gainera, ez dut bereziki maite dantza gaztetasunarekin lotzea; zaharrentzat ere beharko lirateke tailer anitzez gehiago. 

Dantzak osagarrian duen eragina aztertu nahi zenuke geroan?

Dantza ez da bakarrik gorputza mugimendu jakin batean ematea. Dantzatzea askatzailea da, eta terapia bat izan daiteke. Ikuspegi hori garatzen ari da pixkanaka-pixkanaka psikiatrian, baina gehiago jakin nahi nuke dantzaren eraginaz osagarrian. 

LOTSABAKO

Haurren ala dantzari profesionalen tailerrak?
Haurrekin hobeki, errazagoa zait haiekin harremana sortzea.

 

Euskal Herriko dantza erreferente bat hautatuko bazenu?
Ez dut erreferente jakinik. Maite dut denetarik ikustea eta jende berria ezagutzea.

 

Erizaintza ala dantza?
Biak, baina orain ene lehentasuna dantza da. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.