«Ezinezkoa zirudien erronka egi bihurtu da»

500 egunetan 500 maratoi egin nahi zituen Ricardo Abad lasterkariak; gaur korrituko du azkena

Iruñea
2012ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
«Oso-oso pozik nago. Hasiera batean ezinezkoa zirudiena egia bihurtuko da gaur. Asko nuen aurka, 500 egun; egunero lasterka eginez, gehiegitxo zirudien. Sekula ez nuen pentsatuko fisikoki zein psikologikoki hain osorik iritsiko nintzela helmugara». Hitz horiekin laburbildu du Ricardo Abad korrikalariak (Tafalla, 1972) sentitzen duen bizipoza. Gaur, Bartzelonan korrituko du bere balentriaren azken maratoia. Hortaz, bere buruari jarri zion erronka beteko du: 500 egunetan 500 maratoi korritzea.

Bartzelonako itsas pasealekuan korrituko du bere azken maratoia. 08:30ean aterako da zazpi kilometroko zirkuitu batean lasterka egitera, maratoiaren 42,2 kilometroak burutu arte. Lasterketa amaitu eta gero, bazkaltzera joanen da, Tafallatik autobusean Bartzelonara joandako senide eta lagunekin.

Gaur bukatuko duen kirol erronka 2010ko urriaren 1ean hasi zuen Ricardo Abad korrikalari nafarrak. 500 egunean 500 maratoi egin nahi zituen, eta, deusen okerrik ez bada, gaur korrituko du azkena. Hau da, egunero, azken hamasei hilabetetan, 42,2 kilometroko distantzia bete du. Bazekien erronka zaila zela, baina pozik da lortu duenarekin. «Ezinezkoa zirudien erronka nuen aurretik, egun onak eta txarrak izan ditut, baina lortu dut balentria burutzea».

Tafallatik lasterka atera zenean bere buruari jarri zion erronka bikoitza pizgarri nahikoa izan da Abaden hankak lanean jartzeko. Batetik, adimen urriko pertsonen aldeko Anfas elkartearentzat dirua biltzea zuen helburu; eta, bestetik, errekorren Guiness liburuan agertzea. Joan den urriaren 1a arte Stefaan Engels belgikarrak zuen errekorra bere esku, urtebetean 365 maratoi eginak zituen. Egun horretan, baina, Abadek 366. maratoia korritu zuen. Engelsen marka hautsi zuen, eta Guinnes liburuan ageri da orain.

Une zailak ere bai

Baina 500. maratoiraino iristea ez da bide erraza izan. Egunero maratoi bat korritu du, eta, gainera, lan egin du. Tafallako Fagor-Ederlan lantegian aritzen da, eta zortzi orduko lan jardunaldia amaituta ekiten zion, egunero, maratoiari. «Egunez egun, etenik gabe egindako ahalegina izan da. Gaizki edo ongi egon, jarraitu behar izan dut. Gastroenteritisa, gripea, eta kalentura ere izan ditut, baina hala ere, maratoia egin dut egunero». Hiru txandatan lan egiten du eta horrek ere zaildu dio lasterka egitea. Batzuetan hamabi-hamalau orduko tartean bi maratoi korritu behar izan ditu. «Arratsaldez korritu izan dut maratoi bat, eta hurrengo goizean beste bat». Dena uztartzeko loari ere orduak kendu behar izan dizkio. «Egunero lauzpabost ordu bakarrik lo eginez egon naiz maiz». Gainera, bere balentriaren nondik norakoak jarraitzeko duen webguneak ere eman dio lana —riki-ricardoabad.blogspot.com—. Eguneroko lasterketaren kronika egiten, eta argazkiak jartzen ordubete eman du-eta.

Baina unerik zailena joan den maiatzean, aita hil zitzaionean bizi izan zuela aitortu du. «Oso zaila izan zen. Aitarekin pasatzen nituen gauak erietxean, eta gero, maratoi bat korritu behar izaten nuen, egunero. Jota nengoen, gogo gabe, baina lasterka egiteko indarrak atera behar».

Une zailak bizi izan dituen arren, ez du erronka uzteko tentaziorik izan Abadek. «Egun oso zailak izan ditut. Hankekin baino gehiago buruarekin korritu ditudan egunak izan dira, indarra ahal zen tokitik ateratzen». Azken 500 egunetan gorputzari sekulako astindua eman dion arren, fisikoki ongi sentitzen da. «Ongi eta ausarki elikatu naiz. Asko hidratatu naiz lasterketa baino lehen, bitartean eta ondoren. Erronka 81,5 kilorekin hasi nuen eta 79rekin bukatuko dut».

Erronka lortzea talde lana dela nabarmendu du. Ondoan izan du laguntzaile taldea eta familia ere. «Familiaren sostengua ezinbestekoa izan da. Aldarte onean ez bazaude, ezin da horrelako eginahal bortitza eskatzen duen zerbait burutu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.