ATZEKOZ AURRERA. Ibon Cormenzana. Produktorea eta korrikalaria

«Ezinezkoa zirudiena betetzen ari da»

Kasualitatez hasi zen mendian korrika Cormenzana. Lasaitasuna eta bakea emateaz gain, buruan zuen proiektua gauzatzeko aukera eman dio horrek: 'El hombre que comenzó a correr' dokumentala.

LAURA CUSI.
Nagore Etxeberria.
Donostia
2016ko martxoaren 30a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Gizartearentzako onuragarri izango zen zerbait egin nahi zuen Ibon Cormenzanak (Portugalete, Bizkaia, 1972), baina ez zuen argi zer. Korri egiten hastea eta Josep Serra ezagutzea lagungarri izan zitzaion bere proiektua garatzeko. Hala jaio zen El hombre que comenzó a correr dokumentala. Josep Serrak zuzendu du, eta Cormenzanak berak eta Ignasi Estapek garatu. Etiopian dagoen ur falta amaitzea da helburua. Aspaldian, tratu bat proposatuz dabiltza: hitzaldia eta dokumentalaren emanaldia, ur putzu baten truke. Bilbon hitzaldi bateman berri du, eta beste bat eta Iruñean. Pozik itzuli da Bartzelonara: «Bi ur putzu gehiago ditugu», dio, txoratzen.

Forrest Gump euskalduna al zara? Hura ere korrika hasten zen, eta ez zekien gelditzen. Zu ere antzera.

[Barre algarak] Lagun batek ere, erdi txantxetan, Forrest deitzen dit;beraz, ez zara lehena hori esaten didana. Hala deitzen hasi zaizkit.

Zer eskaintzen dizu korri egiteak?

Mendian korri egiteak bakea ematen dit, lasaitasuna, hausnartzeko tartea, pentsatzeko denbora, gauzak antolatzeko abagunea.

Noiz hasi zinen lasterka?

Egia esan, kasualitatez hasi nintzen. Egun batean, korrika egitera irten nintzen, eta ezagutzen ez nuen bidexka bat hartu nuen. Menditik korri egiteari gustua hartu nion, eta, geroztik, ez naiz geratu.

Eta korri egiteko afizio berri hori pantailara eraman zenuen. Nola?

Betidanik nuen gogoan gizarteko proiektu bat abian jarri behar nuela, baina beti bilatzen nuen aitzakiaren bat: familia zela, lana zela, denbora zela... Lagun batzuei aipatu nien ideia. Orduan, lasterketa luzeak egiten zituen lagun bat aurkeztuko zidala esan zidan lagun batek: Josep [Serra]. Josep kamerari eta zuzendaria ere bazela esan zidan, eta primeran moldatuko ginela. Mendiko lasterketen berri eman zidan Josepek. Halaxe mamitu zen buruan bueltaka nuen proiektua. Kasualitatez abiatu zen dena, bizitzan gertatzen diren ustekabeko gertakari horietako batengatik.

Eta noiz hasi zineten dokumentalarekin?

Sentaiou Etiopiako entrenatzaile batek 3.000 metroko garaieran atletismorako pista bat eraiki nahi zuela jakin genuen dokumental baten bidez. Hasieran, proiektu hura lagundu nahi izan genuen, baina asmotan geratu zen proiektua. Lourdes Larruy ezagutu genuen, ordea; Emalaikat gobernuz kanpoko erakundeko kidea da. Emalaikat erakundeak eskola bat du Etiopian, eta, besteak beste, ur putzuak egiten erakusten diete etiopiarrei. Korrikari eta ur putzuei buruz hitz egiten zuen dokumental bat nola egin genezakeen pentsatzen hasi ginen. Hala abiatu genuen El hombre que comenzó a correr dokumentala.

Orain, dokumentalaren emanaldiak eta hitzaldiak ematen dituzu.

Bai, leku askotan ematen ari gara dokumentala: enpresetan, ikastetxeetan, kirol zentroetan... Azkenean, deitzen duten edozein lekutara joaten naiz, eta, dokumentalaz gain, hizketalditxoa ematen dut. Ur putzuaren truke dokumentala eta hitzaldia ematen dugula esaten dugu. Martxoaren 22an Iruñean eman nuena 127. hitzaldia izan zen.

Zuen helburua da Muketurri eskualdean ur putzuak zabaltzea.

Muketurri [Etiopia] aldera ura eramatea da asmoa. 35 herrixka daude han, eta herrixkaz herrixka goaz ur putzuak zabalduz. 2013an egin genuen lehen ur putzua. Ordurako, Emalaikat erakundeak eginak zituen putzu batzuk. Hango jendeari ikastaroak ere eman dizkiete, lurra lantzen ikasteko. Erakundeak, ordea, ez zuen dirurik putzu gehiago zabaltzeko. Haiek ikastaroak emateaz arduratzeko esan genien, guk lortuko genuela putzuak zabaltzeko behar zen dirua. Egun, horretan ari gara. Oraingoz, zazpi herrixkatan egin ditu putzuak: 70 ur putzutik gora. Eta beste 57 ur putzu egiteko dirua lortu dugu.

Egoera zertxobait aldatu da han?

Ur putzua eraiki eta lehen urtera, ez da aldaketa handirik sumatzen, baina putzuarekin hiru urte daramaten lekuetan fruituak jasotzen ari dira: lurra lantzen ikasi dute, hobeto elikatzen dira, haurrak eskolara joan daitezke, soberakinak dituzte, eta merkatuan saltzen dute... Aldaketak nabariak dira, beraz.

Pozik sentituko zara?

Oso pozik. Ezinezkoa zirudiena betetzen ari dela ikusten dut. Pozgarria da, era berean, jendeak nola erantzuten duen ikustea: dokumentala ikusten duenak babestu egiten zaitu, lagundu. Hor ikusten da gizakia ez dela hain txarra.

Aspaldian hasi zenuen lasterketa. Argi duzu helmuga?

Ahalik eta ur putzu gehiena zabaltzea da asmoa. Hasieran, ehun putzu egitea zen asmoa. 127 ur putzu egiteko dirua bildu dugu. Orain, berrehun putzutan jarri dugu muga. Berrehun lortzean, hirurehunean jarriko dugu helburua? Ikusiko da. Luzera begirako proiektu bat da, eta modu batera edo bestera babestuko dut beti.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.