Jaiak. Iruñeko sanferminak

Arrapaladan, tentsioa nagusi

Korrikalari ugari erori dira hirugarren entzierroan, eta 11 zauritu artatu dituzte osasun zerbitzuek. Zezen batek adarra sartu dio lasterkari bati, ezker besoan. Bi minutu eta 22 segundo behar izan dituzte zezenek ibilbidea egiteko.

Korrikalariak larri gaurko entzierroan, zezenak gain-gainean dituztela. JESUS DIGES / EFE
Korrikalariak larri gaurko entzierroan, zezenak gain-gainean dituztela. JESUS DIGES / EFE
joxerra senar
Iruñea
2026ko uztailaren 9a
08:32
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zortziak gerturatu ahala, tentsioa handituz doa San Domingoko aldapako hesietako batean. Azken unean sartu nahi duten lasterkariak Santiago plazako oholtzara inguratu dira. Denek igaro nahi dute, uste dute lortuko dutela, baina udaltzainek ez diete iragaten uzten. Hesiaren bestaldera, ibilbide barruan, urduritasun zantzuak nabari zaizkie askori. Urrutian, lehen kantaren oihartzuna entzuten da, abesti amaierako «gora» bat. Gero bigarrena dator. Azkenik, hirugarrena.

Minutu bat falta da. Halako batean, isiltasunak hartu du kalea. Lasterkariak aldapan behera begira jarri dira, datorrenaren zain, saltoka. Suziria lehertu da zeruan, eta giro elektriko batek ordezkatu du isiltasuna. Segundo bat, bi, hiru, badatoz; bost, sei... gero eta azkarrago dator jendea korrika; hamar, hamaika, hamabi... norbait erori da; hamabost, hamasei... badatoz, badatoz, kaskoen soinuak; hemeretzi, hogei... hemen dira. Batzuek hesira egin dute jauzi. Gizon bat bortitz erori da kale kantoian. Min hartu du.

Ziztu bizian pasatu dira zezenak eta joaldunak. Arrapaladan igaro dira Victoriano del Rio ganadutegiko adardunak San Domingoko aldapatik, idi batek gidatuta. Udaletxe plazara helduta, batuta heldu da taldea, eta Mercaderesko bihurgunea elkarrekin hartu dute sei zezenek.

Hortik aurrera, abiada handituz joan da. Kalearen ezkerraldea hartu, eta jarraian erdirantz egin dute. Tren baten gisan, euren abiadari eusteko gai ez zenaren gainetik pasatu dira. Hainbat lasterkarik estropezu egin dute ezinbestean.

Taldea sakabanatu egin da, eta horrek tarteak ireki ditu, adar artean lasterka egiteko aukera utziz entzierro zaleei. Estafeta erdialdetik aurrera, pilaketak sortu dira eta haietako baterantz jo du zezenetako batek. Ez da ezer gertatu.

Ibilbidearen amaieran, lasterkari saldoaren erdian egin dute aurrera zezenek, batak bestearen arrastoa galdu gabe eta inguruan zituzten estimulu ugariei jaramonik egin gabe. Bi zezen joaldunekin batera joan dira plazarantz, eta atzetik jarraitu diote beste laurek. Korrikalari ugari erori dira tarte horretan. Bestelako ustekaberik gabe, ukuilura joan dira seiak.

Berdintsu

Bi minutu eta 22 segundo. Hala, azken egunetako antzera ibili dira gaur ere zezenak Iruñeko sanferminetako hirugarren entzierroan. Bidean, astia izan dute gazte bat adarkatzeko. Espoz Mina kalean gertatu da: ezker besoan adarra sartu dio zezen batek korrikalari bati. Nafarroako Ospitale Unibertsitariora eraman dute.

Zauritu ugari izan dira, erorikoen ondorioz. Ia ibilbide osoan erori da jendea: Mercaderesen, Estafetan, Espoz Minan eta plazan. 11 lagun artatu behar izan dituzte ospitalean eta San Martin osasun etxean. Kolpeak hartu dituzte zangoetan, besoetan, baita buruan ere. Arreta bereziz artatu behar izaten dira buruan izandako traumatismoak. Bi lagun zezen plazan bertan artatu dituzte, haietako batek odol isuria zuelako.

Teorian, ez dira jendearen kontra joan zaleak Victoriano de Rio ganadutegiko zezenak, eta trebatu egiten dituzte korrika. Asteguna izateko, ordea, jendetza batu da Iruñeko kaleetan, eta horrek eragin ditu arazoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA