Portsmouth eta Bilbo ferry bidez lotuko dituen zerbitzua hilaren 29an jarriko da martxan. Astean bi bider egingo du bidaia hori, baina hasieran uste ez zen bezala, ferrya Zierbenako portuan izango du irteera eta helmuga, eta ez Santurtzin. Aldaketa hori horrela izan dadin, ferryak eskaintzen duen zerbitzu aldaketan topatu behar da arrazoia.
Zerbitzu berria eskainiko duen 'Cap Finistere' ferryak merkantzia lanak egingo ditu batez ere, Bilboko Portu Agintaritzatik baieztatu dutenez. Horregatik, aparkaleku handiagoa beharko du ferryak. Horretaz gain, autopistarako irteera azkarra ere bermatu nahi ditu ferryaren arduradun den Brittany Ferries konpainiak. Santurtzik era horretako irteera baduen arren, trafiko handia dauka.
Itsasontziak 850 lagunentzako edukiera izango du, nahiz eta Polonian egiten ari diren lanei esker, 100 bidaiari gehiago hartu ahal izango dituen. Baina aipatu bezala, ferryaren diru iturri nagusia ez da bidaiarietan oinarrituko, merkataritzan baizik. Itsasontziak 500 ibilgailurentzako edukiera dauka, eta horien artean kargako 100 kamioi sartuko dira.
Ezaugarri ezberdinak
2010eko irailean P&O konpainiaren 'Pride of Bilbao' ferryak 17 urtetako zerbitzua eten egin zuen, nahiz eta ferry berriaren zerbitzua egongo zela aurreikusita zegoen. P&Oren itsasontziak hala ere, hilaren 29an martxan jarriko den itsas garraioaren bestelako eredua zeukan. Santurtziko portura iristean, kanpotar ugari lurreratzen baitziren, inguruko interesgune turistikoetara joateko.
Ferry berriak izango duen zerbitzu berriaz gain, itsasontziak ezaugarri ezberdinak izango ditu: luzeran hogei metro gehiago izango ditu 'Cap Finistere'-k, eta horrek Santurtziko portuan maniobratzeko zailtasun handiagoak dakartza. Zierbenako portuak ezaugarri horri erantzuteko azpiegitura hobeak ditu, Brittany Ferries konpainiako arduradunen ustez.
Santurtziko alkatea, harrituta
Albistea jakin bezain laster, Rikardo Ituarte Santurtziko alkateak urgentziazko deialdia egin zien komunikabideei. Harrituta dago alkatea, eta adarjotzetzat jo du albistea: «Zerbitzua eskaintzen hasi baino hamahiru egun lehenago portu aldaketaren berri emateak adar jotze bat besterik ezin du izan, aurretik isilpean hartutako erabakiak ziren hauek, albistearen berri prentsaren bidez jaso dugu, gainera». Leku aldatzeak Santurtziri zuzenean eragingo diola dio.
Era berean, erakundeek eta Portu Agintaritzak Santurtzirekiko «zor historikoa» dutela azpimarratu zuen Rikardo Ituarte alkateak. «Ez dago inongo arrazoirik erabaki hau justifikatzeko, jarri diren arrazoiak ez baitira errealak», dio. Hein horretan, Santurtzi eta autopistaren artean distantziarik ez dagoela jakinarazi zuen, eta Brittany Ferriesek azaldutako arazo logistikoen aurrean esan du moldaketak egitea nahikoa litzatekeela: «Gaur egun ferryarentzako egokituta dagoen 12.000 metro karratuko lursailean egokitzapenak egitea nahikoa izango zen».
Santurtzin, ordea, ez dira moldaketak egingo. Horren ordez, Zierbenan dagoeneko hasi dira lanean hilaren 29an ferrya iristen denerako.
Ituarteren hitzetan, jaso duten albistea «golpe handia da, baina gure herrian ematen ari den eraldatze prozesuak aurrera jarraituko du». Turismoa bultzatzeko hainbat ekimen antolatzen ari dira, eta ildo horretan jarraituko duela jakinarazi du. Hala ere, «herriko ostalaritza eta merkataritzari zuzenean eragingo dio. Gaur egun bizi dugun krisi egoeran gainera, sektore txikien jarduna inoiz baino gehiago babestu behar da», esan du Santurtziko alkateak.
Ferrya, Santurtzitik Zierbenara
Martxoaren 29an zerbitzua eskaintzen hasiko den 'Cap Finistere' ferrya Zierbenara iritsiko da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu