Sanpedroak Mungian

Festak, gastronomia eta musika artean

San Pedro eguna ospatuko dute gaur Mungian; bertso saioa eta pilota partidak izango dira, besteak beste. Igandean, Sukalki Eguna egin eta gero, gauerdian bukatuko dira festak

Adin guztietako jendeak parte hartuahal izango du ostiral eguerdiko tortillatxapelketan. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
2017ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Hasi dira jaiak Mungian (Bizkaia), eta igandera arte herriko kaleak festaren doinu eta kolorez jantziko dituzte herriko eragile eta elkarteek sortutako jaiek.

Gaur, San Pedro eguna, ekitaldiz lepo egongo da goizetik gauera. Goizetik, erraldoiak, dultzaineroak eta Gure Ametsa txistulari taldea kalejiran joango dira herriko kaleetan. Eguerdian, meza nagusia izango da Andra Mari eta San Pedro elizan, eta J. M. Arregi abesbatza izango da mezari laguntzen. Horren ostean, Juan XXIII.a plazan, ohorezko aurreskua dantzatuko dute Amilotx dantza taldeak eta udal dantza eskolak. Horretaz gain, ekitaldia erraldoi, buruhandi eta trikitilariekin lagundua izango da, eta, ekitaldia amaitutakoan, azken horiek kalejiran ibiliko dira herrian, musikaren eta umorearen erritmora ingurukoak alaitzen.

Behin eguerdia igarota, bertso saioaz gozatzeko aukera izango dute Andra Marira bertaratutakoek. Oihana Bartra, Jon Maia, Unai Iturriaga eta Ibon Larrazabal Larra izango dira bertsolariak, Benar Mendaluniz gai-jartzailearen esanetara.

Baina plan dantzagarriago bat nahi duenarentzat ere bada aukera Mungiako jaietan. Mariachi Raza Azteca taldea kalejiran ibiliko da, eta, horren ondoren, kontzertua eskainiko dute Foruen plazan.

Bazkalosteko atsedenaldien ostean, arratsaldeko egitaraua ekintza eta ekitaldiz betea izango da. Udal frontoian, profesionalen arteko esku-pilota partidak jokatuko dira. Ilunabarrean, kontzertua izango da Foruen plazan: Mungialdeko Alaiak soinulari elkartea, Gure Ametsa txistulari taldea, Tantak korala, Mmuk, Danontzat abesbatza eta J.M. Arregi abesbatza igoko dira oholtza gainera, eta bakoitzaren errepertorioarekin doinu eta musikaz gozatu ahal izango dute ikus-entzuleek.

Bestalde, goizean eta arratsaldean, Torrebillela parkean, umeentzako parkea izango da, baita txu-txu trena ere; irteera eta helmuga udaletxean izango ditu.

Gauaren babesean

Eguzkia sartaldean ezkutatzen hasten denean, garbi geratuko da festak ez duela etenik. Txosnetan, play back lehiaketan parte hartzeko aukera izango dute interesa agertzen dutenek, zeina Oihan Vegak aurkeztua izango den. Eta afaritarako mokadu bat jan ostean, Valecea piroteknia etxearen txanda izango da, su festen edertasunarekin zerua argitzeko Zubietako soloetatik.

Matxin plazan, Carlos Nuñezen kontzertua ikusteko eta entzuteko parada izango da. Ikuskizunean ondorengoek parte hartuko dute: gaiteroen bandak, Juan Mari Beltran musikariak eta Kukai dantza konpainiak. Txosnetan, berriz, Mungiako Amilotx dantza taldeak antolatuta, larrain-dantza dantzatzeko aukera izango dute animatzen direnek. Eta gauarekin eta parrandarekin jarraitzeko, disko festa egongo da txosnetan, Oihan Vegaren eskutik.

Aste amaiera, lepo

Ostiraletik igandera bitarte ere, Mungian San Pedro jaiek ez dute etenik izango. Kontzertuak, kale ikuskizunak, otorduak, kirol lehiak eta beste hainbat ekitaldi eta ikuskizun izango dira Bizkaiko herri horretan.

Ostiralean, San Pedrotxu egunez, txistularien kalejirarekin hasiko da eguna. Eguerdian, ikuskizun musikala izango da Matxin plazan: Go!azen dantzatu eta abestera. Horretaz gain, herri kirolen erakusketa egongo da txosnetan, eta, ondoren, herri bazkaria Marijata kultura elkarteak antolatuta.

Arratsalde hasiera txapelketa eta lehien momentua izango da: udal kiroldegian, Street Basquet 3x3 txapelketa izango da; Uriguen parkean, tortilla txapelketa egingo dute, hiru kategoriatan banatuta, adinaren arabera. Arratsalde amaiera aldera, Onintza Enbeita eta Julio Soto bertsolariak kalez kale ibiliko dira bertsotan, eta Torrebillela kultur etxean Koloreak ereiten, irribarreak biltzen erakusketa irekitzeko ekitaldia egingo da. Udal frontoian, berriz, pala motzeko kiniela izango da.

Behin gaua iristen hasten denean, musikaren plaza bihurtuko da Mungia. Txikurri fanfarrearen kale animazioa, umeentzako play back-a eta Musika kalean kale animazioa izango dira bertaratutakoen gozamenerako. Gauean, oholtza gaineko kontzertuen txanda izango da: Foruen plazan, Michael's Legacy, Michael Jackson abeslari estatubatuarraren omenezko taldea egongo da, eta, txosnetan, Bad Sound System.

Jaien amaieran, festa

Larunbatean, egun osoan, ur jokoak izango dira udal igerilekuan. Han, jokoak, txapelketak eta erakustaldiak izango dira. Bestalde, goizean, eta Fruizeko Ibarra auzoan, txakurren lan lehiaketa egongo da.

Sukaldarien txanda eguerdian izango da, txosnetan, pintxo lehiaketa antolatu baitute. Horren ostean, Andra Marin, euskal kantak izango dira Barikuetako Kantuzaleekin. Pintxoekin ezin izan bada tripa ase, adinekoentzako lagunarteko bazkaria izango da. Bazkariaren ostean, Danontzat koruaren emanaldia eta dantzaldia izango dira, orkestra eta guzti.

Ilunabarrean, batetik, dantza erakustaldia egongo da Matxin plazan, Slow Bailes de Salon elkarteak antolatuta; eta, segidan, Amilotx dantza taldearen dantza ikuskizuna; bestetik, boxeo amateurraren erakusketa ofiziala egingo dute udal frontoian. Gauean, Band Jovi, Bon Jovi taldearen omenezko taldea arituko da txosnetan.

Bestalde, igandean, 51. Sukalki Eguna izango da. Uriguen parkean egingo da sukalki txapelketa, eta musikariek girotuko dute eguna. Ilunabarrean, erromeria izango da Foruen plazan, eta gauerdian amaituko dira jaiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.