Data seinalaturako atera du diskoa Ingo al Deu taldeak. Andoaingoa (Gipuzkoa) da taldea, eta prest dute herriko Santa Krutz jaietarako. Festen atarian iritsi zitzaien diskoa, eta hura eskuetan dutenetik emango duten lehenengo kontzertua izango da gaur gauean eskainiko dutena. Elegante Eguna ospatuko dute gaur, hain justu ere. Jon Beloki taldeko abeslariak azaldu du taldea sortu zenetik —2010ean osatu zuten— urtero eman dutela kontzertu bat santakrutzetan.
Bederatzi abesti ditu diskoak. Horietatik erdiak taldeak sortutakoak dira; beste erdiak, berriz, atzerriko abestiei egindako bertsioak dira. Horien artean sartu dute Rosa, rosa taldearen abesti ezaguna, Michael Telo kantariaren Ai Se Eu Te Pego abestiaren bertsioa. Hura egin zutenetik urte batzuk igaro dira, baina taldea oraindik kantu horrekin identifikatzen dutela gogoratu du Belokik: «Kontzertuak lotzeko deitzen digutenean taldearen izenaz baino gehiago abestiaz galdetzen digute». Horregatik agian, zalantzarik izan gabe sartu zuten diskoan abesti hori. Udako abesti gehiagoren bertsioak ere sartu dituzte, Danza Kuduro eta Balada boa abestiekin egindakoak, besteak beste. Belokiren ustez, jendeak beti hartzen ditu ongi bertsioak. «Guk igarri genuen hori Rosa, rosa-rekin. Zaila izaten da taldearen abesti propio bat jendearengana iristea. Gainera, gu berbena talde bat gara, eta bertsioek garrantzi handia izaten dute, maiz kontzertuetan goia jotzeraino».
Belokirekin batera, Ane Galardi aritzen da abesten. Xabat Urkola, Jose Mari Zaldua eta Aitor eta Antton Arruti dira gainerako taldekideak.
Taldea sortzearekin batera hasi ziren kontzertuak ematen; ordutik ia gelditu gabe dabiltzala gaineratu du Belokik: «Laster egingo dugu 200. kontzertua». Udara izaten da berbena taldeen urtarorik gogorrena. Aurtengoari begira jarrita, dagoeneko 25 bat kontzertu lotuta dauzkatela jakinarazi du, eta aurreko urteetakoekin alderatuta, 60 kontzertutara inguratzea aurreikusten du Belokik. «Iazko udan, adibidez, egin genituen 57 bat emanaldi». Azarotik hona egin duten etenaldia izan da egin duten bakarrenetarikoa: «Atseden luzeena iazko azaroan hartu genuen, beharra ere bagenuelako, egia esan». Alde horretatik, zorte handia duen taldea direla uste du abeslariak.
Ibilbidearen laburpena
Diskoa, gainera, orain arteko ibilbidearen laburpen moduko bat da, taldearen abestiak ere kontzertuetan jo izan baitituzte. Zatoz maitea, zatoz eta Ingo al deu—San Krutz jaietarako propio sortua— abestiak aipatu ditu Belokik. «Azalean jarri dugun Greatest hits izena ere horregatik jarri diogu», zehaztu du Belokik, irribarrez.
Hilabete hauetan ez dira geldirik egon, aprobetxatu baitute diskoaren grabaketa lanak egiteko. Taldeak entseatzeko erabiltzen duen lokala bihurtu zuten grabaketa estudio. Iñigo Garrido soinu teknikariaren laguntza izan dute grabaketetan. Errepertorioa ere berritu dute; gaur izango da kantu berriak entzuteko aukera.
Jaiak. Andoain
Festetarako lehen diskoa besapean dutela
Elegante Eguna ospatuko dute gaur Andoainen, eta gauean Ingo al Deu taldeak kontzertua emango du

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu