Enpresa, pentsamendu positiboa eta putre bat. Elementu horiek guztiak elkartuz, gaurkotasun handiko narrazio labur bat idatzi du Oscar Bergarak (Lizarra, Nafarroa, 1971): Aukera-leihoa. Ironiaz eta kritikaz zipriztindutako kontakizun horretan, egoera errealistak eta fantastikoak elkartzen dira. Egilea enpresa munduko hizkuntzarekin jolasten da, eta Egile Berriendako Euskarazko 35. Literatur Lehiaketan saritu dute, narrazio laburren modalitatean.
«Taldekideok familia bat gara». Horrelakoak entzuten ditu protagonistak?
Hasieran enpresaren diskurtso tipiko hori ez du aintzat hartzen. Ez zaio benetako diskurtso bat iruditzen: faltsua dela uste du.
Enperadorearen jantzi berriaren ipuinean bezala, dena itxurakeria da?
Bai. Protagonistak ez du sinesten enpresa giroko faltsukerian, eta uste du besteek ere antzerki moduko bat egiten dutela. Derrigorrezkoa da enpresaren antzerki horretan murgiltzea postuetan gora egiteko. Ipuinean, jendeak ikusten du enperadoreak ez duela jantzirik, baina ez du deus ere esaten.
Afterwork, sport eta muffin. Lanean geroz eta gehiago erabiltzen dira ingelesezko hitzak?
Bai. Enpresa mota horietan oso normala da horrelako hitzak erabiltzea. Identitatea eta nortasuna hizkuntzaren bidez definitzen dira, eta narrazioko enpresak nazioarteko irudia zabaldu nahi du, askotan gertatzen den bezala.
Zertan datza pentsamendu positiboa?
«Kaleratuko zaitugu, baina lasai egon, aukera leiho bat ireki zaizu». Hori da istorioaren inflexio puntua. Protagonistari esaten diote kaleratzea ongi hartu beharko lukeela, berriz hasteko aukera duelako, bere burua berriz asmatzeko aukera.
Inflexio puntu horretan putrea agertzen da, ezta?
Bai. Nire asmoa zen putrearen eskuz enpresen dinamika azaltzea. Ikuspegi absurdoa da. Enpresa baten diskurtso horiek oinarri gisa hartuz, putre funtsa batez ere, metafora errealitate bihurtu dut. Horrek beste ikuspuntu bat ematen dit arazo soziala lantzeko.
Nolakoa da putrearen eta protagonistaren arteko harremana?
Dena okertzen da putrea haren bizitzan sartzen denean. Putrea kaioz elikatzen du, baina azkenean putrearen eta protagonistaren artean harreman toxiko bat sortzen da. Putreak izaera nartzisista irudikatzen du, eta beste nagusi bat da protagonistarentzat.
«Enpresa baten diskurtso horiek oinarri gisa hartuz, putre funtsa batez ere, metafora errealitate bihurtu dut»
Harreman horretatik askatzen denean, protagonistak dio kaiolatik atera dela. Baina, beste enpresa batean hasten denean, beste kaiola batean sartzen da?
Bai, hala da. Beste kaiola batean sartu da, agian okerragoa den batean. Kontakizun hasieran, kontzientzia bazuen behintzat, ez zuen buruzagien diskurtsoa babesten, baina, gero, haren ahotik ateratzen dira nagusien hitzak.
«Handiak txikia xurgatzen du». Protagonista ados dago horrekin?
Pertsonaiak bi aurpegi ditu. Hasieran ikusten du derrigortuta dagoela gauza batzuk egitera; ez dago harro, baina enpresa berrantolatzeko prozesu batzuetan parte hartzen du. Amaieran, berriz enpresa munduan sartzen denean, dinamika horretan erortzen da.
Gurpil horretatik ateratzea ezinezkoa da?
Hasieran, protagonista langile soila da, bere lanean sinetsi gabe dinamika batzuk errepikatzen dituena. Baina, bere enpresa abiatzerakoan, gurpil horretan sartzen da berriro, ikusi baitu zenbat diru lor daitekeen. Pertsonaia ezin izan da gurpiletik atera. Enpresa ez da komunitate bat; etekina du helburu.
Narrazioak errealitatetik edan behar du?
Bai. Fikzioa egiten dugunontzat oso zaila da errealitatea gainditzea. Errealitatea korapilatsua, aberatsa eta berria da beti: iturririk egokiena da.
lotsabako