Garazi Espinosa baxu jotzaile eta abeslariak, Jorge Sanz Pache bateria jotzaileak eta Mikel Lopez gitarra jotzaileak (Gasteiz, 1998) osatzen dute Dirdaia, 2024aren amaieran sortutako rock alternatiboko taldea. 2025a bukatzear den honetan, Arabako Gazte Talent lehiaketako saria eskuratu berri dute, eta 2026aren hasieran argitaratuko dute lehen diskoa: Printzak, zortzi kantuz osatutako lana. Lan horretan, gitarra jotzeaz gain, ekoizpen lana ere bere gain hartu du Lopezek, taldearen soinua eta norabide artistikoa zehazteko. Bolada gozoan dago taldea —kontzertu zerrenda luzatzen ari zaie, harrera ona izan dute, eta aitortza publikoa ere bai—, baina Lopezek berak azpimarratu du oraindik ere prozesua eta eguneroko lana dauzkatela oinarritzat. Dirdaia taldean, arrakasta ez dute helburu gisa ulertzen, baizik eta bidean ikasteko eta hazteko aukera gisa: entsegu orduek, eztabaidek, doikuntzek eta hutsegiteek egiten dute taldea. Horregatik, hirukoteak urratsez urrats sendotu nahi du bere proposamena, presarik gabe, nortasun propioa landuz eta bere soinua denborarekin finkatuz.
Gitarra jotzailea ez ezik, diskoaren ekoizlea ere bazara. Zer esan nahi du bi rol horiek hartzeak?
Txikitatik jo izan dut gitarra, baina beti piztu dit jakin-mina ekoizpenak ere. Aurreko talde batean ikusi nuen nolakoa zen prozesua, eta gustatu. Soinuaren inguruko ikasketarik izan ez arren, urteetan aritu naiz grabatzen eta probatzen etxean, ordenagailuarekin. Orain hori guztia aplikatzeko aukera izatea oso motibagarria da, eta, aldi berean, erantzukizun handia ere bada, taldearen soinua nire esku baitago neurri handi batean. Batzuetan zalantzak ere sortzen dira, baina taldean badago konfiantza, eta horrek asko laguntzen du.
Hiru lagun zarete taldean. Zailagoa da zuzenekoa defendatzea?
Erronka bat da, bai, baina aukera bat ere bai. Gutxirekin gehiago egiteko modua bilatzen dugu: soinua nola bete, nola proiektatu, nola sortu intentsitatea hiru instrumenturekin bakarrik. Murrizketek sormena pizten dute askotan, eta uste dut horrek gure nortasuna indartzen duela: entzutera behartzen gaitu, elkarren espazioa errespetatzera eta ñabardura txikiei garrantzia ematera.
Gazte Talent saria garai garrantzitsuan iritsi da. Espero zenuten?
Ez, inondik ere ez. Oholtza gainean tentsioa nabaritzen genuen, urduri geunden, baina oso giro polita sortu zen. Konexioa sumatu genuen publikoarekin, eta hori izan zen garrantzitsuena. Gainera, oso berezia izan da komunikabideen interesa ikustea, gure musikaz hitz egiteko aukera izan dugu eta. Ate asko irekitzen dituzte halako gauzek.

Zer aurkituko du jendeak Printzak diskoan?
Disko zuzena da, gardena, apaindura askorik gabea. Ez dugu ezer ezkutatu nahi izan, ezta gehiegi apaindu ere. Ekoizle moduan, nire helburua izan da diskoa jartzean entzuleak sentitzea kontzertu batean dagoela; hain justu, zuzenekoaren energia eta egiazkotasuna etxera eramatea.
Nola sortzen dituzue abestiak?
Hirurok parte hartzen dugu. Norbaitek ideia bat ekartzen du, eta elkarrekin eraikitzen dugu. Prozesua organikoa da, entsegu lokalean gertatzen da gehienbat, eta abestiek beren bidea egiten dute. Hitzak beste kontu bat dira, inspirazioak gidatzen gaitu eta.
Taldearen alde bisuala ere zaindua dago.
Tresna bat da, ez helburu bat. Musikaren osagarri gisa ulertzen dugu, giro bat sortzeko eta diskoaren unibertsoa zabaltzeko, baina musika egoten da beti erdigunean. Orain zuzenekoekin eta diskoaren aurkezpenarekin hasiko gara, eta zaintzen dugu arlo hori, baina erotu gabe.
Aurretik beste talde batzuetan aritu zara. Ikasitakoa aplikatzen duzu?
Nire hutsegiteetatik ikasten dut. Konfiantza irabazi dut, eta gauzak lasaiago hartzen ditut orain. Autoekoizpenaren erronkak asko erakartzen nau; izan ere, oso polita da zerbait hutsetik sortzea eta pixkanaka forma hartzen ikustea.

Nola ikusten duzu Arabako panorama musikala?
Mugimendua badago, baina kaleko eszenak berak sortzen du. Taldeek eta norbanakoek egiten dute lanik handiena, autogestioan eta elkarlanean oinarrituta, askotan baliabide gutxirekin, baina ilusio handiarekin. Horrek ematen dio indarra Arabako musikari.
Instituzioei gehiago eskatu behar zaie?
Noski! Espazio handietan aukera gutxi dago talde berrientzat. Hor hutsune bat dago, eta instituzioek rol aktiboagoa izan beharko lukete, sorkuntza babesteko.
Zer espero dezake publikoak Dirdaia zuzenean ikustean?
Filtrorik eza da gure marka: gordintasuna eta gardentasuna. Gertatzen dena gertatzen dela, benetakoa izatea nahi dugu. Hori da guri izaera eta nortasun berezia ematen diguna.
Zer eskatu diozue urte berriari?
Diskoaren atzean dagoen lanari justizia egitea, kontzertu asko ematea eta prozesuaz benetan gozatzea.
lotsabako
Talde bat?
The Strokes.Esaldi bat?
Berri Txarrak-en Sugea suge abestiko «Hegazti bat naiz, hegazti bat naiz. Bi besoak galdu nituen, baina orain hegalak erne zaizkit eta banoa ezezagun zaidan horren muina ezagutzera. Banoa hegaka».Zuzeneko bat?
Ezpalak taldea Jimmy Jazz aretoan ikusi nuenekoa.