Flashak ez du txin-txin egiten

Gero eta erosle gutxiago joaten da merkatuetara. Turistak, aldiz, ugaritzen ari dira. Iruñeko Santo Domingoko, Bilboko Erriberako, Donostiako Bretxako eta Miarritzeko merkatu estaliko saltzaileei gazi-gozoa zaie egoera: begiratu eta girotu bai, baina bisitariek ez dute kontsumitzen.

1. Iruñeko Santo Domingo azoka Ander Perez.
Lohizune Amatria - Lander Muñagorri Garmendia - Ainhoa Larrabe Arnaiz - Saioa Alkaiza Guallar - Nora Arbelbide
2015eko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Bartzelonako (Herrialde Katalanak) Boqueriako merkatura hamabost lagunetik gorako taldeak sartzea debekatu egin du bertako udalak ostiraletan eta larunbatetan. Bisitariek oztopatu egiten dute azokaren erritmo normala, agintarien irudiko. Talde handitan joan, eta bertakoei erosketak lasaitasunez egitea eragotzi izan diete. Zabaltzen ari den fenomenoa da azoketara egindako turismoarena. Euskal Herrian, onerako edo kalterako da? Iruñeko Santo Domingoko, Bilboko Erriberako, Donostiako Bretxako eta Miarritzeko merkatu estaliko dendariek, turistek eta ohiko erosleek azaldu dute.

1. IRUÑEKO SANTO DOMINGO AZOKA

Ongi etorria, ingelesez

Leku abantailatsuan dago Iruñeko Santo Domingo azoka: Alde Zaharreko bihotzean, udaletxearen atzean, entzierroaren ibilbidearen ondoan eta Done Jakue bidean. Turistak izaten ditu inguruan, egunero. Hala ere, denak ez dira merkatura sartzen. Baina gero eta gehiago, bai. Azokako kudeatzailea da Susana Fromnecht: «Turistak gelditu egiten dira merkatua ikusteko; eta, gainera, azkenaldian nabaritu dugu gehiago sartzen direla». Welcome (ongi etorri, ingelesez) handi bat dute sarreran, turistei eta bertakoei ongi etorria ingelesez emanez.

1876koa da Iruñeko Alde Zaharreko merkatuko eraikina, eta hari argazkiak ateratzeko sartu ohi dira turista gehienak. «Bisitatu beharreko eraikina da», Fromnechten ustez. Horregatik, merkatua turismoa sustatzen saiatzen ari da: «Interes gune izan nahi dugu. Turistek erostea da kontua, baina baita hiriko irudi eta erreferente izatea ere». Turismo bulegoan informazio afixak jarri dituzte horretarako.

Iruñeko Alde Zaharreko «motorra» da azoka Fromnechten hitzetan, eta bertako bizimoduaz informazio asko eskaini dezakeela uste du: zonaldeko jakiak, prezioak, saltzeko ohiturak... Herritarren ohiturak ezagutzeko gunea da, haren ustez: «Nola bizi garen jakiteko modu bat da merkatua bisitatzea».

Merkatuko Caridad arrandegian egiten du lan Luisa Cornejok; eta ia astebururo ikusten ditu turistak. «Merkatuan dauden dendei so egin eta argazkiak ateratzen dizkiete». Oso gutxitan erosten dute jakirik: «Eraikina interesatzen zaie, eta ditugun jakiak ere bai». Gehienetan gidaririk gabe doaz bisitariak Iruñeko Alde Zaharreko merkatura. Hala ere, bada bisita gidatua eskatzen duenik ere.

Iruñea ikusteko ibilbideak antolatzen ditu Erreka enpresak. Cristina Azkarate langileak azaldu duenez, baina, «oso noizbehinka» sartzen dira merkatuetara bisitariekin. «Normalean, turistak hiru edo lau ordu pasatzen ditu hirian, eta garrantzitsuena ikusten dute: harresiak, Udaletxe plaza, gotorlekua, entzierroaren ibilbidea... Ez dugu astirik izaten merkatuak ikusteko». Azokaren batera joatekotan, Santo Domingo azoka aukeratu ohi dute gidariek.

2. BILBOKO ERRIBERAKO MERKATUA

Europako handiena izateko helburuz

Bilboko Erriberako merkatuaren eraikina estalitako Europako merkaturik handiena da, nahiz eta merkatua bera ez den handiena. Gorabeherak izan ditu merkatuak, eta dagoeneko ez daude iraganean bezainbeste merkatari, barrutik erabat aldatu baita merkatua. Orain, hiriburuan zein Bizkaian, erreferentzia da gunea. «Merkatu tradizionala da. Eta interes turistikoa du, gehienbat gastronomikoa». Hala uste du Mercedes Rodriguez Bilboko turismo bulegoko zuzendariak. Gune garrantzitsu gisa du Erriberako plaza, eta hiriburua bisitatzera datozenei bertaratzeko gonbita egiten dietela adierazi du. «Merkatua bizitzeko eren eta ohituren adierazgarria da». Baina ez dute bisita gidaturik egiten ohiko turistentzat. «Bilbo ezagutzera datozen kazetariekin eta bidaia antolatzaileekin egiten ditugu soilik; hiriburuaz idaztera edota bidaiak antolatzera datozenekin».

Bisita gidatuekin edo gabe, turista asko sumatzen ditu Gurutze Perez saltzaileak bere arrain postutik. «Turista asko etortzen da, eta arrainek ikusmin berezia sortzen dute eurengan». Ikusi bai, baina erosi gutxik egiten dutela azpimarratu du. «Etxeak alokatzea gero eta ohikoagoa da, eta horiek bai erosten dutela zerbait, baina bestela ez da oso ohikoa». Mikel Rojok ere turisten presentzia handia nabarmendu du, «baina gutxi erosten dute». Hori esatearekin batera sartu da Frantziako ikasle talde bat. «Merkatuak gizartea bera ezagutzeko leku aproposak izaten dira, eta horretara etorri gara», azaldu du Diane Fablet irakasleak.

Merkatuen erakarpen indar hori aprobetxatuz, etorkizunera begira jarri da Rodriguez. Izan ere, merkatuaren lehen solairua konpontzen ari dira orain, eta tabernak eta jatetxeak jarriko dituzte bertan. Horrekin turismoa areagotuko dela uste du. «Europako hainbat hiriburutan dauden merkatuen estiloa jarraitu da. Merkatua ikusi eta erosketak egiteaz gain, gastronomia eskaintza handiagotu egiten du horrek». Merkatu lokala eta turismoa. Biak uztar litezke Erriberako merkatuan Rodriguezen arabera. Eta aukera hori saltzaileentzat aparta izan daitekeela uste du Rojok: «Atzerritar askok hemen erosten dutena momentuan jatekoa izaten da, gazta edo fruta. Baina eskaintza berri honekin norberak bere haragia prestatzeko aukera dauka, eta horrek modu onean eragingo digu».

3. DONOSTIAKO BRETXA AZOKA

So bai, sosik ez

Dir-dir egiten dute supermerkatu kate ezagun bateko argiek Donostiako La Bretxa guneko beheko partean. Salgune handi bat da. Ondoan, postu txikiak daude, bertako produktuak dauzkaten arrandegiak, fruta dendak eta harategiak. Erraldoiak irentsi ez ditzan segitzen dute paretik pasatzen diren erosle urriak erakarri nahian. Baina jende gutxi ikus daiteke. Han-hemenka batzuk orgatxoari bultzaka, beste batzuk erdi-betetako poltsak arrastaka... Eta, tartean, turistak, erosi baino, salmahaiak tokian tokiko kulturaren erakusleiho exotikoak balira bezala begiratzen dituztenak. Gastatu, gutxi gastatzen dute. Hori uste dute saltzaile gehienek.

«Donostian saldoka ikusten ditut. Hemen ere, tarteka, denak batera ibiltzen dira, artaldeen moduan!». Felipe Alberdi eroslea mintzo da. Azokara joateko ohitura du, eta ez du begi onez ikusten turismoa. Mesede egin beharrean, traba egiten dutelakoan dago. Haatik, ez dira denak iritzi berekoak. Bada bisitariak egotearen alde onak ikusten duenik ere. Horren adibide da Itziar Gabilondo bergararra: «Zergatik ezin dute, bada, turistek begiratu?». «Banaka, batzuk» bertaratzea ontzat jo du, eta ona ere izan litekeela oroitarazi.

Hain zuzen, Turkiatik heldutako Can Oguz eta Hicron Ser daude barazki dendako letxugei, tomateei eta kuiatxoei so. Toki «bitxia» dela ziurtatu du Oguzek, eta harategian zintzilikatutako txorizoak seinalatu ditu hatzez, irribarre egin bitartean. Haien jatorrizko herrialdean ez omen dago halakorik. Serek, berriz, txikitasunaren xarma aipatu du. «Ederra da halako txoko bat». Zer edo zer erosteko asmoz ibili dira.

Eta bide beretik jo du Pascal Briand paristarrak, «oso polita» dela dio. Ez ezezagutzatik, ordea: Frantzian kaleko merkatuak «oso ohikoak» direla ziurtatu du. Hori dela eta, pena ere azaldu du, Bretxakoa lurpean dagoelako: «Kanpotik ez dakizu hemen azoka dagoela». Hura «janari osasuntsua» erostekotan joan da Bretxara.

Saltzaileei dagokienez, anitzak dira usteak. Arrainak garbitu bitartean hitz egin du Amets Jordan arrain saltzaileak: «Beste tokietan ez omen dago, bada, arrandegirik... Begiratzen dute, eta baten batek galdetzen du arrain bat edo besteren izena, baina erosi, ia ez dute ezer erosten». Bat egin du harekin Mailu Arrieta lankideak. Dena dela, ez zaio gaizki iruditzen joatea: tour-ekin bisitatzea da problema. «Batzuetan etortzen dira, eta ez diete erosleei erakusmahaia begiratzen uzten, toki guztia okupatzen dute. Baina hori gidariaren errua da».

Beste mutur bat bilatu diote gaiari fruitu dendako Arantxa Mujikak eta Maria Gomezek. Talde handien kontra daude, baina ez turistak joatearen aurka. Nahiz eta, orokorrean, banaka joaten diren horiek ere ia ez kontsumitu. «Batzuk etortzen dira eta galdetzen dute zer den tipikoa, zein fruta den hau eta beste... Hori bai, hori ondo dago, baina postuari argazkiak egitera baino ez etortzea ez da oso erosoa», esan du Mujikak. Borobildu egin du esana Gomezek: «Sartzen diren guztietatik oso gutxik dute erosteko asmoa».

Eta Fernando Perez harakinak fin ehundu ditu gaiaren argi-ilunak. «Kontraesanezkoa da: batetik, ondo dago etortzea, giroagatik; bestetik, batzuetan talde handitan datoz eta erosleei traba egiten diete». Gakoa, haren ustez: «Merkatua bera promozionatzea, ez bakarrik turistei begira, bertakoentza baizik, erosketak egitera hona etor daitezen».

4. MIARRITZEKO MERKATU ESTALIA

Birbaloratze prozesuan

Begiak doi bat harriturik hartu dute Kataluniako berria miarriztarrek. Ez ziren jakinean, eta bitxi egiten zaie, bai bertako L'amuse Gueule ostatuko nagusi Eric Mirambeti, eta baita justu parean duen Edouard Chazouilleres Miarritzeko auzapez ordeari. Kafea edatera etorri da ostatura hautetsia, baita kanpoko obren zaintzera ere.

Merkatu estaliko bazterrak obretan baitira azken aldi honetan. Herriko Etxeak manatu obrak dira, bi aste barru burutuak izanen direnak. Asmoa da oinezkoentzat egokia egitea, baita autoentzat ere: «Une atsegingarri bat iragateko egokia izatea, edota goiz oso bat bertan pasatzeko posibilitateak eskaintzea, bai eta lagunekin hitzorduak finkatu eta bertan erosketak egin ahal izatea ere. Gogo horri lotuak dira inguruan ikus daitezkeen ostatuko terrazak. Oro har, merkatu estalian kontsumitu ahal izatea da asmoa». Borondate horrekin burutu dituztela obrak esplikatu du Edouard Chazouilleresek.

Obren jatorria lekuaren zahartzeari lotua da: merkatu estalia berritu beharra zegoen, segurtasun eta garbitasun aldetik arauak errespetatu beharra baitzuten. Guztiak lekuaren jabe den udalaren esku. Eta, ondorioz, hasian hasi, obren bidez hiri barnean dagoen espazio hori birdinamizatze prozesu batean jarri nahi izan dute. Merkatua eta inguruko dinamika argira ekartzeko: «Miarritzen hondartzak badira, bai, baina hiria ez da bakarrik hori. Merkatu estaliaren auzoa Miarritzeko funtsezko auzoa da. Historikoa, hiriaren bihotza hor da». Itxura guztien arabera, merkatu estaliak ez du saturazio heina gainditua. Alderantziz, pozik hartzen dituzte bisitariak: «Nehoiz ez da jende gehiegi!», Mirambetek dioenez. Eta berdin esan du hautetsiak. Zehazten du haatik, erakusmahaien arteko distantzia zabaldu dutela, justuki, jende gehiago sartu ahal izateko. Hori bai, biek nabarmendu dute turistak etortzea ongi ikusten badute ere, tokikoak etortzea dutela xede: «Miarriztarrak beren merkatuarekin berriz adiskidetzea» nahi dute. Luzaz, bereziki, zaharkituegia baitzen lekua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.