Tolosak (Gipuzkoa) musikalki badu zerbait bereizgarria: txarangak. Inauterietan, kaldereroetan, Urtezahar gauean eta beste edozein ospakizunetan kaleak girotzen dituzte herriko txarangek. Tolosarren izaeraren parte ere badira haiek transmititzen dituzten emozio eta erritmoak. Bada, asteburu honetan, beste musika mota bat adituko da Tolosako kaleetan: folka. JeaJeaka kultur elkarteak Tolofolk jaialdia antolatu du beste behin, eta aurreratu dute jaialdiaren seigarren aldia inoizko aldirik «elektronikoena» izango dela.
Gaurtik igandera bitarte egingo dute «kultura herrikoiari oihartzuna emateko asmoz» antolatzen duten jaialdia. Orotara, sei emanaldi prestatu dituzte, eta horietarik hiru herriaren erdigunean dagoen Berdura plazan egingo dituzte.
Tolosaren beste bereizgarri bat da larunbatero bertan egiten duten azoka. Zerkausian, Euskal Herria plazan, eta, noski, Berdura plazan egin ohi dute. Bada, asteburu honetan, azken plaza horri berari izena ematen dioten azokako barazkiek ez ezik, folk musikaren doinuek ere beteko dute.
Lehenengo emanaldia gaur bertan egingo dute, 19:00etan. Neonymus artista —Silberius de Uraren musika proiektua— eta Amaia Elizaran dantzari tolosarra arituko dira elkarlanean. Neonymus arduratuko da modu original batean musika sortzeaz: teknologia, musika tresna txikiak eta ezohiko tresnak —hezurrak, harriak, orraziak, kanpaiak...— erabiliz sorturiko soinuak ahots lerroekin edo kontrapuntuko esaldi laburrekin uztartuko ditu. Antolatzaileen esanetan, historiaurretik gaur egunera arteko «bidaia emozionala» planteatuko du.
Bihar, toki eta ordu berean Harribitxi taldeak egingo du emanaldia. Iker Alvarez eta Aitor Urkizak osatzen duten bikoteak txistuaren eta musika tradizionalaren aldeko aldarria zabalduko du. Txistuaren erabilera berriak egingo dituzte, ttun-ttun, pandero, Indiako shruti box, glockenspiel, gitarra, mandolina eta ezohikoak diren beste zenbait instrumentu gehiagorekin uztartuta. Maria Ereña kantaria haiekin arituko da oholtzan.
Igandean egingo dute Berdura plazako azken emanaldia: Antton Valverderen kontzertua. Isats pianoarekin arituko da, eta alboan izango ditu Joxan Goikoetxea akordeoiarekin, Txema Garces kontrabaxuarekin, Francisco Herrero biolinarekin eta Ivan Carmona biolontxeloarekin. Boskoteak emango du jaialdiaren azken kontzertua, 19:00etan.
Plazatik at ere bai
Valverderen emanaldiak jaialdia itxi aurretik, herriaren beste zenbait gunetan ere egingo dituzte beste hiru ekintza. Bihar, 22:30ean, Frontoi tabernan, DJ Makalak «munduko askotariko musika generoekin» osatutako emanaldia eskainiko du.
Eta larunbat eguerdian herriko zein kanpoko hainbat musika talde ibiliko dira «kaleak alaitzen». Eta 20:00etan Mercedes Peonen txanda izango da. Galiziako kantaria Plaza Berrian izango da; antolatzaileek adierazi dute Peon Galiziako «ahozkotasunaren eta folk musikaren ikur bat» dela.
Peonen handitasunaren adierazle gisa azaldu dute iazko Goya sarietan musika original onenaren sarirako hautagaietako bat izan zela, eta 2008an Espainiako Musikaren Sari Nazionala ere jasotakoa dela. Izan ere, haren ikerketetan eta proiektu musikaletan, musika tradizionalaren eta ohituren transmisioan oinarritu da, betiere garaikidetasunarekin uztartuta.
Jaialdiaren sei aldietan ohitura bilakatu da espresuki bertarako kamiseta bat sortzea, «herriko artisten arteko sinergien erakusgarri». Aurten ere Andia arropa markak sortu du jaialdirako niki bat, eta bertan bildu du egitasmoaren muina: musika elektronikoa eta herri musika uztartu ditu, soinu mahai bat irudikatuz, pandero eta biniloekin.