Frantzia eta GAL auzia

Gaur, 'GAL: des tueurs d'État?' dokumentala emango dute Baionan; solasaldian Bruno Fay zuzendaria izango da

1985ean Baionako Monbar ostatuan GALek eginiko atentatua. BERRIA / BERRIA.
Donostia
2012ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Espainiako demokraziaren eskandalurik handienetarikoan, hau da, GALen auzian Frantziak izan zuen erantzukizuna oraindik ere argitu gabe dago. Horregatik, Baionako Xokoa elkartean gaiaren inguruko jardunaldi bat antolatu dute: GAL Baiona ttipian 1983-1986. 18:00etan, Daniel Velezen argazki erakusketa inauguratuko dute, eta, 19:00etan, GAL: des tueurs d'État? Canal+ kateko dokumentala emango dute.

Aurpegia ilunduta eta ahotsa faltsututa, lehenengo aldiz mintzatzen da Francis kamera aurrean. Frantziako Poliziak inoiz identifikatu ez zuen gizonarekin hitz egin dute Bruno Fay eta Xavier Muntz kazetariek dokumentalean. Francisek hoztasunez kontatzen du nola hartzen zituen GALek mertzenarioak, armak nondik jasotzen zituzten eta diruaren aferak azaldu, besteak beste. Frantziar funtzionario eta agintari politiko ohien adierazpenak jasotzen ditu lehenengoz lan horrek. Egileek hildakoen familiekin eta garai horretan atentatuen beldur ziren militanteekin ere hitz egin dute dokumentala osatzeko. Emanaldi horretaz gain, zortzietan gaiaren inguruko solasaldia egingo dute, xehetasun gehiago azaltzeko asmoz. Bertan izango da Bruno Fay, dokumentalaren egileetako bat; baita zenbait lekuko ere, hala nola Dominika Dagerre, Jakes Barthyrou eta Txetx Etxebarri. Sarrera doakoa da.

'GAL BAIONA TTIPIAN'

Noiz. Gaur, 18:00etan.

Non. Xokoa elkartean, Baiona.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.