«Oso pozik» daude Edorta Lamo eta Amaia Garcia de Albizu, aurreko igandean Donostiako Muka jatetxean oso jai berezia ospatu ahal izan zutelako askotariko lagunen artean. Donostiako Parte Zaharreko A Fuego Negro jatetxearen 20. urteurrena ospatu zuten bertan —jatetxe hori 2020ko azaroan itxi egin behar izan zuten, koronabirusaren osasun larrialdiaren eraginez—. Kanpezuko Arrea jatetxean (Araba) ari da sukaldari Lamo; eta Garcia de Albizu Cadizetik (Espainia) Kanpezura joan-etorrian ibiltzen da, baina bera da kudeatzaile ekonomikoa. Ez dituzte ahazteko, ordea, A Fuego Negro jatetxearen urteak. Ulises Proust ikus-entzunezko ekoizlea dokumental bat ari da prestatzen A Fuego Negrok egin zuen ibilbideaz. Eta ez diote uko egin nahi molde batean edo bestean, hiri batean edo besteren batean, A Fuego Negro berpizteari.
«Joan den igandeko jaia elkar topo egiteko momentu bat izan zen. Egunerokoan elkar ikusten ez duen jendea bildu zen han, Mukan», azaldu du Garcia de Albizuk. Han [Kursaalen lehen solairuan] elkartu ziren A Fuego Negroko arduradunen senideak, lagunak, lankide ohiak, bezeroak... Egunean zehar, bostehun lagun inguru pasatu ziren bertatik. «Jai arrakastatsua izan zen», dio Lamok. Azoka moduko bat ere prestatu zuten: afixak, katiluak eta bestelako oroigarriak eraman zituzten. A Fuego Negron, Abuztuaren 31 kalean, igande batzuetan bermutak DJarekin izaten zituzten. «Hori bera berreskuratu genuen igandean, neurri batean», dio Garcia de Albizuk.

Jaia ez dute kasualitatez antolatu. Zenbait gauza ospatzekoak dira Lamo eta Garcia de Albizu anai-arrebak, batetik —jatetxearen hamargarren urteurrena ospatzeko bi eguneko jaia antolatu zuten Trinitate plazan—. «Kontua da jatetxearen itxiera oso tristea izan zela. Pandemian gertatu zen, egun batetik bestera», gogoratu du Garcia de Albizuk. «Taberna ezin zen jendez bete, eta ezin izan genuen inor abisatu itxi egingo genuela. Gure ezagunek itxieraren berria jaso zutenean, esan genien egunen batean zerbait ospatuko genuela». Ondorengo urteetan Arrea jatetxeak lan asko egitea exijitu izan diela nabarmendu du Lamok. «Baina iaz, ikusita aurten A Fuego Negrok hogei urte beteko zituela, erabaki genuen jai eder bat antolatzea, jendea elkartzeko».

Bezero izan zirenen berotasuna jaso zuten joan den igandeko festan. Lamok beretzat gorde du egun horretan jasotako jendearen «zoriontasuna». Gauzak horrela, sukaldariak oso argi du urteurreneko jaiak ospatzen jarraitu nahi duela. «Ez dakigu zein maiztasunekin egingo ditugun hurrengo jaiak, baina egin egingo ditugu». Garcia de Albizuri batek baino gehiagok eskatu dio halako jaiak urtero antolatzeko.
Dokumentala, urtea amaitu aurretik
Urteurreneko jaiari begira, bideo labur bat egiteko hizketan hasi zen Lamo Ulises Proust ikus-entzunezko lanen sortzaile eta ekoizlearekin. «Baina gauza ugari zeuden kontatzeko. Jende askok parte hartu zuen A Fuego Negroren egitasmoan. Eta ahots batzuk oso indartsuak dira, gainera», azaldu du Proustek. «Kronologia labur bat egiten hasi, eta berehala esan nion Lamori pieza txiki bat ez zela nahikoa». 45 minutu inguruko dokumentala ekoizten ari dira, eta udazkenean estreinatzeko asmoa dute.
«Bidean laguntzaileak aurkitzen baldin baditugu, A Fuego Negro beste nonbait zabaltzea izan daiteke aukera bat»
EDORTA LAMO A Fuego Negro jatetxeko sukaldaria
Prousten arabera, sukaldearen bueltara arte mota ugari ekarri zituen Abuztuaren 31 kalean zegoen jatetxeak: DJak, Fermin Muguruzaren kolaborazioak, erakusketak... «Edortaren eta Amaiaren nortasuna hor dago. Nik esan ohi dut pintxoa musika edo arte pixka batekin gatzozpintzen zutela». Dokumentalaren egileari iruditzen zaio sarri sukaldeari ez zaiola artearen entitatea ematen. «Baina A Fuego Negrokoek sukaldearen artea aldarrikatu zuten, eta, horrekin batera, beste arte batzuekin inguratu. Polita iruditzen zait hori».
Nahiko argi du Proustek dokumentala ez dela kronologia hutsa izango. «Toki hartan osagaiak ez ziren solik gastronomikoak izan. Jendeak giro bat ikusi zuen han, egiteko modu bat». Eta hori filmean jasotzen saiatuko da egilea. «Dokumentalak jatetxearen historia errepasatuko du, noski, baina elkarrizketa batzuen bidez zer eragin izan zuen azaltzen saiatuko gara». Proustek nabarmendu du, era berean, artxiboko osagai asko dauzkatela bilduta Lamok eta Garcia de Albizuk, eta hori «oso lagungarri» egingo zaiola.

Jaiaren eta dokumentalaren ondotik zer etor daitekeen ez dago batere argi. Kanpezuko Arrea bere bidea egiten ari da, eta horrek jarraitu egingo du. Jatetxe horren biltegian kutxatan dauzkate gordeta A Fuego Negroko askotariko osagaiak; tartean, pintxoen eta errazioen berrehun errezeta baino gehiago. «Ez dugu baztertzen noizbait A Fuego Negro berriro irekitzea», dio Lamok. Nahiz eta ez luketen «ziur aski» Donostiako Parte Zaharrean irekiko. «Baina, bidean laguntzaileak aurkitzen baldin baditugu, A Fuego Negro beste nonbait zabaltzea izan daiteke aukera bat». Garcia de Albizuk uste du etorkizunekoa, akaso, ez dela gauza bera izango. «A Fuego Negro itzuliko dela espero dugu, hala ere».
COVID-19ak eragindako osasun larrialdiak «sastada hilgarria» eman zion A Fuego Negrori, 2020an, Prousten arabera. «Baina A Fuego Negro ez dago hilda. Eta joan den igandeko Donostiako jaiak argi erakutsi zuen bere publikoa baduela».