Futbolin erraldoiko txotxongilo bihurtuta

Seiko talde mistoetan banatuz, ezker-eskuin mugitu dira piraten kofradietako partaideak, Lastan eginiko giza futbolin 'txapelketan'. Aste Nagusi Piratan denetarik dagoela azpimarratu dute.

Zelai barruan zebiltzanak soilik ez, kanpotik animatzen zebiltzanek ere ederki pasatu zuten. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2017ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Kirolerako ere tartea izaten da Aste Nagusi Piratan. Atzo, 17:00etan hasita, Lastako karpan, giza futbolin txapelketa antolatu zuten piratek. Asko astelehen gaueko ajearekin baldin bazeuden ere, ondo pasatzeko indarra sobran zuten oraindik.

Arau bakarra zegoen zelaian: eskuak belkroetan sartuta, ezker-eskuin mugitu behar zuten jokalariek, eta ezin zuten gorputz guztia lurrean izan. Gainontzean, ondo pasatzeko imajinazioa ere ez zitzaien falta izan parte hartzaileei. Seiko talde mistoetan, bost minutuko partidak jokatu zituzten, bi ligaxkatan banatutako txapelketan.

Hala ere, helburu nagusia ez zen irabaztea, ondo pasatzea eta kofradia guztiak biltzeko aitzakia izatea baizik, antolatzaile lanetan ibili zen Ines Arruek azaldu zuen bezala: «Ajea pasatzeko ondo egon da, atzoko [astelehena] egunaren ondoren eta abordatzearekin izan genituen zailtasunak izan eta gero, tentsio hori askatzeko gogoa ere bageneukan. Helburua, berriz, kofradia guztiak elkartzeko ekintza bat sortzea zen. Aingura, Xibaroak, Pirata Bihurriak eta Eskifaia kofradiakoak animatu dira, eta Gazte kofradiak bi talde ekarri ditu; beraz, jende dezente animatu da azkenean, eta denon artean giro ona sortu dugula uste dut».

Joko zelaitik arnasestuka irten zen Irune Lasa. Atezain jokatu zuen. Lehenengo partidan, gauzak ez zitzaizkien taldekideei oso ondo atera, 5 eta 1 galdu zuten. Hala ere, ederki pasatu zuen futbolinaren barruan, eta horrelako ekintzak egitearen garrantzia azpimarratu zuen: «Piraten Aste Nagusia ez da bakarrik gaueko parranda. Egun osoan denetarik dago. Futbolina da adibide horietako bat».

Futbol profesionalaren lehiakortasunarekin ere ironikoki jokatu zuten, baita giroa berotzen ibili ziren esatariek ere. Ironiaz eginiko ohar serioek zelaian zegoen joko nahasiari umorea jartzen zieten. Jokaldi polemikoetan beti egon ziren oihuak eta isekak. Batzuetan, adibidez, partidako jokalari xelebreenari Granero deitzen zioten, Realeko jokalaria zen Esteban Graneroren ezizena Pirata delako. Arruek ere umorez hartu zuen lehia: «Dezentetan zapaldu naute. Tartean hanka asko ibili da ostikoak ematen. Kaosa zen zelai erdia».

Paul Murua Eskifaia kofradiakoa da, eta luzatzeak egiten aritu zen zelaira sartu eta defentsa lanak egin aurretik: «Urte osoa daramagu entrenatzen eta taktikak prestatzen. Denboraldi-aurrean, lan gogor egin dugu, eta, orain,fruituak ikustea espero dugu joko zelaian. Hala ere, ezker hegaletik min handia egiten digute. Dena den, aurrera egiteko itxaropena dugu».

Muruak, hala ere, halako ekintzen garrantzia azpimarratu zuen, serioago: «Antolatzen den guztia guk antolatua da, guretzako, eta ondo pasatzea da helburua».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.