'Gandiagan, Gandiaga bila'

Fraide eta olerkigilearen omenez, poesia errezitaldia antolatu dute Arantzazun; Peio Zabala arituko da gidari

2012ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Bitoriano Gandiagaren omenez, poesia errezitaldia egingo dute bihar, 11:00etan, Oñatiko Arantzazuko Parketxean (Gipuzkoa).

Arantzazuko Parketxeak eta Frantziskotarren Anaidiak antolatu dute Gandiagan, Gandiaga bila, natura eta kultura uztartzen dituen saioa. Poetaren izena daraman eraikinean izango da errezitaldia, parketxeko atarian. Aurkezlea eta olerkien esataria Peilo Zabala izango da, haren lagun-min eta fraide kidea, hain zuzen. Errezitaldian Arantzazu Arabaolazak eta Itziar Ugartek lagunduko diote.

Gandiaga poeta eta fraidea izan zen. Natura oso presente zuen bere olerkietan, natura zuen inspirazio iturri.

Mendatan jaio zen, 1928an, baina Arantzazun igaro zituen bizitzako urte gehienak, 2001ean hil zen arte. Arantzazun egin zituen, 13 urterekin, fraide ikasketak, eta filosofiako ikasketak amaitu ostean itzuli zen. Apaiztu, eta bizitza guztia bertan igaro zuen. Irakasle ere izan zen, eta poesia idazteari ez zion inoiz utzi.

Gaztetatik hasi zen olerkigintzan. 22 urte zituela idatzi zuen lehena, eta sei liburu ere argitaratu zituen. Aldizkarietan ere argitaratu zituen olerkiak, eta haren hamaika poema musikatu dituzte.

Hala ere, idatzi zituen baino askoz lan gehiago utzi zituen amaitu gabe, hil ondorenean ere haren lanak argitaratu direlarik.

'GANDIAGAN, GANDIAGA BILA'

Noiz. Bihar, 11:00etan.

Non. Arantzazuko Parketxean, Oñatin, Gipuzkoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.