«Ganorabakoak» pantaila handira

‘Llámame Sinsorga’ dokumentala estreinatuko dute bihar zinemetan. Filmak Bilboko La Sinsorga kulturgune feminista sortzeko eta eraikitzeko lanak biltzen ditu. Emakumeak izan dira protagonista eta zuzendari.

Yulia van der Bom, Beatriz Silva eta Rakel Garcia, 'Llámame Sinsorga' dokumentalean. AL BORDE FILMS
Yulia van der Bom, Beatriz Silva eta Rakel Garcia, 'Llámame Sinsorga' dokumentalean. AL BORDE FILMS
June Montero
Bilbo
2025eko azaroaren 27a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Mugimendu feminista ohituta dago irainak adieraberritzera. Hori bera egin zuten Andrea Momoitio eta Irantzu Varela kazetariek sinsorga hitzarekin. Beste esanahi bat eman zioten gaur egun arte emakume «ganorabakoak» gutxiesteko erabili izan den irainari. Horrela, 2023ko ekainaren 23an, La Sinsorga kulturgune feminista ireki zuten Bilbon, eta elkartearen koordinatzaile lana hartu. «Ganorabakoentzako» arnasgune hori sortzea, ordea, ez zen erraza izan, eta, hain zuzen, Momoitiok eta Varelak erabaki zuten merezi zuela ibilbide horren nondik norakoak biltzeko dokumental bat egitea. Eraikina inauguratu aurreko hamazortzi hilabeteetan gertatutakoa jasotzen da filmean. Zinebi Zinema Dokumentalaren eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdian egin zuten aurrestreinaldia, Bilbon. Astelehenean izan zen hori, eta, bihar, zinema aretoetara iritsiko da lana. Varsoviako Nazioarteko Zinema Jaialdian eman zuten aurrenekoz, urrian. 

Momoitiok eta Varelak Pikara Magazine aldizkariaren erredakzioan ezagutu zuten elkar. Biek ala biek argi zeukaten kultura eta pentsamendu feminista garatzeko leku «espezifiko» bat behar zela Bilbon. Hasieran, ordea, ideia hori amets bat baino ez zen, Momoitiok azaldu duenez: «Premia zegoela bagenekien, baina ez geneukan inolako planik edo aurreikuspenik». Zazpikaleetako Askao kaleko bederatzigarren zenbakiko eraikina alokatzeko zegoela ikusi zutenean hasi zen ametsa egia bihurtzen. «Leku handi bat behar genuen, hiriaren erdigunean zegoena, eta eraikin hori perfektua zen». 

Paula Iglesias eta Marta Gomez 'Llámame Sinsorga' dokumentalaren zuzendariak, fotograma batean. AL BORDE FILMS
Paula Iglesias eta Marta Gomez 'Llámame Sinsorga' dokumentalaren zuzendariak, filmean. AL BORDE FILMS

Eraikina lehen aldiz bisitatu zutenean otu zitzaien sinsorga iraina erabiltzea kulturgunea izendatzeko. «Euskal hitz bat edo euskal jatorria zuen bat nahi genuen, eta sinsorga bururatu zitzaigun», gogoratu du Momoitiok —izan ere, zenbaiten arabera, sinsorga euskarazko zentzunge hitzetik eratorria da—. Hala hasi ziren, bada, eraikinak ordura arte izandako funtzioa aldatzen. «1998tik aurrera, ezkontza jantzien denda bat izan zen, eta, hortaz, paretetako pintura eta papera, dekorazioa eta sarrerako kristalezko lanpara mantendu nahi izan genituen, baina lekuaren funtzioa errotik aldatu». 

Kulturgunea doitzeko eraikuntza lanak zuzentzea lan berria izan zen Momoitiorentzat, baina argi zuen eraikin hura «oso berezia» zela, eta «kontatzeko moduko» istorio bat zutela esku artean. Hori horrela. Al Borde Films ekoiztetxeko Paula Iglesias eta Marta Gomez zuzendariekin jarri zen harremanetan. Elkar ezagutzen zuten, aurretik Pikara Magazine-rekin egindako lan batzuk zirela eta. Gainera, Iglesiasek azaldu duenez, bi zinemagileen lanean feminismoak leku «nabarmena» izan du beti. Hala ere, hasieran ez zeukaten oso argi dokumentalak zer norabide hartuko zuen, baina, Gomezen hitzetan, «obraren prozesuak berak markatu zuen ikus-entzunezko proiektuaren bidea: elkarren isla dira».

«Inozenteak izan ginen»

Proiektua abiatu orduko, Momoitiok eta Varelak —jada ez da La Sinsorgako koordinatzailea—  argi ikusi zuten feminismoak izan behar zuela kulturgunearen oinarria. Hortaz, erabaki zuten obretarako emakume beharginak baino ez kontratatzea. «Erraza izango zela pentsatzen genuen, eta, azkenean, erronka bilakatu zen», adierazi du Momoitiok. «Agian, inozenteak izan ginen, uste baikenuen langileei baldintza materialak eskaintzea nahikoa izango zela». Deialdiak hedapen zabala izan zuen arren, ezin izan zuten helburua guztiz bete. «Emakume askok idatzi ziguten proiektuan parte hartu nahian, baina gehienak ezin genituen era legalean kontratatu».

«Inoiz baino besarkada gehiago eman ditut: hori izan da hirurok andreak izatearen alderdirik esanguratsuena»

BEATRIZ SILVA Barne diseinatzailea

Azaldu duenez, langile horietako asko «lanbide maskulinizatuetan» trebatuta zeuden, baina, lana lortzeko izandako zailtasunen ondorioz, beste sektore batzuetan zebiltzan beharrean. Azkenean, obran parte hartu zuten langile gehienek ez zuten eraikuntzarekin lotura zuzena zuen ikasketarik, baina, dena den, bilaketa prozesua arrakastatsua izan da tarteka: Iratxe Marian arkitektoa arduratu da espazioen diseinuaz, eta Yaisa Dominguez barne diseinatzaileak ere parte hartu du proiektuan.

Beatriz Silva barne diseinatzaileari ere heldu zitzaion deialdia; hainbat lekutatik, gainera. Rakel Garcia zurgina, Yulia van der Bom brikolaje arloko langilea eta hirurak arduratu ziren obraren parterik handienaz. Silvak gogoan du eraikina lehen aldiz ikusi zuenean zera pentsatu zuela: «Txoratuta daude: sekulako lana egin beharra dago». Aurreikuspenak bete egin ziren: «Obrak iraun zuen urte eta erdian, bertan bizi izan ginen». Birmoldaketa uste baino nekezagoa izan zen. «Estolderiak konpontzeak eta, bereziki, suteak prebenitzeko hodia non eta nola jarri erabakitzeak asko atzeratu zuten prozesua». Hirurek elkarri lagundu ziotela nabarmendu du Silvak. «Bakoitza espezialista da obran beharrezkoa zen alderdi batean; elkarlanean aritzen ginen, eta asko ikasi genuen elkarrengandik». 

(ID_17641750562655) Yulia Van Der Bom La Sinsorgako obretan lanean, dokumentalaren f
Yulia van der Bom brikolaje arloko langilea La Sinsorgako obran, dokumentaleko pasarte batean.

Dokumentalaren zuzendariek eta Silvak aitortu dute «zaila» izan zela eraikina eraberritzeko lanen eta dokumentalaren grabazioaren erritmoa bateratzea. Barne diseinatzaileak, barrez, «amesgaiztotzat» jo du egoera. «Grabatzera etortzen ziren bakoitzean, Rakelek eta biok elkarri begiratzen genion: ‘Badatoz zinemakoak’». Hala ere, argitu du egunerokoan sortu zen giroak lana samurtzen ziela: «Obra honetan inoiz baino besarkada gehiago eman ditut: hori izan da hirurok emakumeak izatearen alderdirik esanguratsuena; asko zaindu dugu elkar».

Hamazortzi hilabetez

Emakumeekin soilik lan egiteko erronkari heldu zioten dokumentalaren zuzendariek ere, bi egitasmoak elkarren osagarri izan baitira, Gomezek balioetsi duenez. «Hasieran kezka zen ea obra bat egin zitekeen emakume langileekin soilik, baina guretzat garrantzitsuagoa zen argitzea ea zergatik ezin zitekeen halakorik egin». Bada, obrako beharginen buruhauste berberak izan zituzten ikus-entzunezkoan lan egin zutenek ere. 

Azkenean, beraz, gizonak sartu behar La Sinsorgara, eta hori ere erronka bat izan zen. Nola irudikatu haien rola dokumentalean? Zuzendariek hainbat proba egin zituzten: besteak beste, gizonak desenfokatuta edo gerritik bera ateratzea eta obrako elementuak lehen planoan jartzea. Muntaketan, ez dute bide bakarra aukeratu. 

«Egia da horrelako egitasmo bati bizirik eustea oso gogorra dela, eta ez duela lortu ohiko poteo lekua izatea»

ANDREA MOMOITIOLa Sinsorgako koordinatzailea

Prozesuak argiak eta itzalak izan ditu. Tirabiraren bat ere izan da, baina konfiantzazko giroa sortuta aurre egin diete halakoei. «Obrak zortzi hilabete iraun behar zuen, baina urte eta erdi iraun zuen azkenean; lantalde bera zen, oso murritza, eta haien artean komunitate eta bizikidetza oso indartsua eta intimoa sortu zen; horretan guk ez dugu eragin handirik izan», esplikatu du Gomezek. Ekoizpenaren forman ere islatu dute giro hori. Zehazki, musika baliatu dute tirabirak eta pasarte komikoak ezberdintzeko, Iglesiasen arabera. «Musika oinarrizkoa izatea nahi genuen, lagungarria zitzaigun-eta erritmoari eta eguneroko intrigari eusteko». Halaber, eraikinaren «josketa prozesua» eta birmoldaketa erakusteko tresna sinboliko gisa erabili dute. «Josketa horrek soinua izatea nahi genuen, eta istorioan eboluzionatuz joatea».

Azkenik, 2023ko ekainaren 23an ireki zituen ateak La Sinsorgak. Ordutik, bestelakoak izan dira buruhausteak: ekonomikoak, batez ere. Momoitioren ustez, kulturguneari sustraitzea falta zaio: «Iruditzen zait jendeak asko maite duela lekua, baina egia da horrelako egitasmo bati bizirik eustea oso gogorra dela, eta oraindik ez duela lortu ohiko poteo lekua izatea». Hori dela eta, programazio oso oparoa eskaini behar dute, eta, beraz, kulturguneari dagokion arloa gailentzen ari da, oraingoz. Momoitiok, baina, ostalaritza arloa indartzea nahiko luke. Oztopoak oztopo, dokumentala estreinatu da jada, eta La Sinsorgak martxan jarraitzen du; espero dute filmak hauspoa ematea proiektuari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.