Garunaren nota musikalak entzuten

Musikaren eta garunaren arteko harremana aldebikoa dela uste dute ikerlari askok: musikak burmuin osasuntsu bat izaten laguntzen du, baina garunak behar bezala funtzionatu behar du musika prozesatzeko.

Ikusleak Gatibu taldearen kontzertuan, Boiseko Jaialdian. BERRIA
Ikusle batzuk Gatibu taldearen kontzertuan, Boiseko Jaialdian. BERRIA
itsaso jauregi 2
2025eko irailaren 19a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Musikak eragin handia du garunean, eta oroimenean, mugimenduan eta beste arlo batzuetan eragiten duela ere frogatu da. Nota musikalen onura egunero probesten da, jabetu gabe gainera: jaietan, etxean, bidaia batean, paseatzen edo ikasten entzun daiteke musika. Harmoniak entzun bitartean, garuneko hainbat arloren jarduera estimulatzen da. Musika zuzenean entzuterakoan ongizatea areagotzen dela zabaldu zuen Patrick Fagan portaera zientzietako aditu eta Goldsmitheko (Londres) Unibertsitateko irakasleak. 

Entzungailuetan kantari ezagun baten ahotsa entzuten aritu ondoren, azkenean iritsi da ordua: areto batean sartzeko garaia, jendez inguratuta, ahots hori zuzenean entzuteko. Faganek kontzertuetara joatearen eta ongizatearen arteko lotura ikertu du, baina ikerketa ez da publikoa oraindik eta ez da inongo aldizkari zientifikoan argitaratu. Gainera, ikerketa The O2 esparruaren jabe den telekomunikazio enpresak finantzatu du, munduko estadiorik jendetsuenetako bateko jabeek, hain zuzen ere.

Oraindik argitaratu ez den lanean, test psikologikoak eta parte hartzaileen pultsazioak aztertu ziren ongizatearekin lotutako hainbat jardueratan: kontzertuetan, yoga jardueretan edo txakurra paseatuz. 

(ID_15222338) (/@FOKU) 2025-08-13, Donostia. Aste Nagusia
Merina Gris taldearen kontzertua, Donostiako Aste Nagusian. ANDONI CANELLADA / FOKU

Musika zuzenean entzuteak ongizate sentsazioa areagotzen du, besteengandik gertuago egotearen sentsazioagatik eta adimenaren estimulazioagatik. Hau da Faganek zabaldu zuen mezua: «Gure ikerketak erakusten du kontzertuek eragin sakona dutela osasunaren, zoriontasunaren eta ongizatearen sentimenduetan. Horietan erregulartasunez parte hartzea da gakoa. Gure aurkikuntzak inkestakoekin konbinatuz, ondorioztatu dugu hamabost egunetik behin kontzertu batera joateak gure bizi itxaropena ia hamar urte luzatu dezakeela».

Garun musikala

Pablo Martinez Lage neurologoak ez du sakonki aztertu musikak garunean zer eragin duen, baina musika zuzenean entzutea onuragarria dela baieztatu du: «Beti nabarmendu da ariketa fisikoaren eta dieta osasungarriaren garrantzia, baina orain jarduera intelektuala ere azpimarratzen hasi gara. Jarduera intelektuala lagunekin elkartzea da, zinemara joatea, liburu bat irakurtzea eta gero komentatzea, eta jarduera intelektuala, zalantzarik gabe, kontzertuetara joatea da». 

Normalean, kontzertuak lagunartean egiten dira, sozializatuz, eta horrek ere garuna estimulatzen du, neurologoaren arabera: «Sinapsi berriak eta konexio neuronal berriak sortzea dakar garunarentzat. Horrek garunean erreserba kognitiboa edo garun kontserbazioa deritzona indartzea dakar». Erreserba kognitibo hori zera da, garunak gaixotasun baten lehen ondorioak konpentsatzeko edo gaixotasun horrek eragiten duen kalteari aurre egiteko duen gaitasuna. Orduan, musika erreserba kognitiboaren puzzleko beste pieza bat ere bada.

«Beti nabarmendu da ariketa fisikoaren eta dieta osasungarriaren garrantzia, baina orain jarduera intelektuala ere azpimarratzen hasi gara» 

PABLO MARTINEZ LAGE Neurologoa

Gizakiak hizketan ere ez zekien garaian, bazituzten hezurrez egindako txirula itxurako instrumentuak; musika betidanik izan da gizakiaren bidelagun, baina adituak orain gutxi hasi dira frogatzen zer onura eragin ditzakeen. Musika instrumentala edo kantatua den kontuan hartuta, garunak oso modu desberdinean erreakzionatzen du; izan ere, garunak erabaki behar du entzuten duena ulertzen duen edo ez, edo aurretik ezagutzen duen melodia bat den. Gero, alderdi hunkigarria dago: hunkitzen duen abesti bat entzutean, garunean sari sistema aktibatzen da, dopamina jariaketa bat. «Emozioak sortzeko metodo zoragarria da musika. Tristura, poza, harridura, beldurra... emozio ugari sortzen dizkigu, eta horrek esan nahi du musika soinua hautematen den garunaren zatira iritsi dela», azaldu du neurologoak.

Nahiz eta abesti bera entzun, garunaren arabera modu desberdinean prozesatzen da musika. «Musika lengoaia bat da: hura hitz egiten ez dutenak gai dira ulertzeko, eta ulertzen ez dutenak gai dira hitz egiteko», argitu du neurologoak. Bi pertsona mota bereizten dira, beraz: batetik, musikan adituak direnak, musika hizkuntza ezagutzen dutenak eta irakurtzeko, idazteko eta interpretatzeko gai direnak; eta, bestetik, teoria ezagutu gabe musika entzuteko eta sentitzeko gai direnak. 

Talde batekoa edo bestekoa izan, garunak modu desberdinean entzungo du musika, Martinezen esanetan: «Fenomeno bitxia da. Musika hizkuntzan aditua denak garuneko ezkerreko hemisferioarekin hauteman eta ekoizten du musika, baina ikasketa musikalik ez duen jendeak eskuineko hemisferioan hautematen du».

Lengoaia eta musika

Hizkuntzarako eta musikarako zirkuitu komunak ere badaude. Zientzialari batzuek uste dute garuna hizkuntzaren zirkuituez baliatzen dela abesteko orduan. Hizkuntzak eskuineko hemisferio eremu bat aktibatzen du intonaziorako, eta hori musikan ere erabiltzen da, adibidez.

Baina zirkuitu korapilatu horien artean mugitzen den informazioa ezezaguna da oraindik; asko dago ikertzeko. Musikak garunean duen inpaktuan sakontzeko, gaixotasun neurodegeneratiboak tratatzeko musika erabiltzen duten espezialistak daude. «Bitxia bada ere, musika hizkuntza alfanumerikoa baino askoz luzaroago mantentzen da alzheimerrak jotako garun batean. Ziur aski, gaixotasunak denbora gehiago behar duelako musika dagoen garuneko eremuetara iristeko», azaldu du neurologoak. Erritmoak, melodiek eta, bitxia bada ere, abestien hitzek beste oroitzapenek baino askoz denbora gehiago irauten dute. Martinez: «Alzheimerra dutenen zentro batera bazoaz eta meza kanta bat abesten hasten bazara, melodia kantatuko dute berehala, baita hitzak abestu ere».

Musikaren eta garunaren arteko harremana aldebikoa da, ikerlarien arabera: musikak burmuin osasuntsu bat izaten laguntzen du, baina garunak behar bezala funtzionatu behar du soinu uhinak prozesatu ahal izateko. Beraz, garuna osasuntsu mantentzeko bide bat izan daiteke aspaldi ikusi nahi den artista ikusteko sarrerak erostea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.