Euskal folklorea adin guztietakoengana eraman, tradizioa eta sorkuntza eszeniko garaikidea uztartu, eta dantzaren edertasuna erakutsi, Gasteizen zein Gasteiztik kanpo. Azken 25 urteotan horiexek izan dira Gasteizko Algara dantza taldearen ekarpen behinenak. Orain arte egindako bidea ospatzeko motibo franko ditu taldeak, eta hala aritu da egiten azken hilabeteetan; ospakizunei amaiera emateko garaia iritsi da orain, eta jaialdi handi batekin egingo du hori: otsailaren 21ean, Mendizorrotza kiroldegia dantzan jarriko du, 20:00etan hasita. Egun horretan, luxuzko gonbidatuak izango ditu alboan: Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak, Xabi Aburruzaga trikitilaria eta Joselu Anaiak ariko dira, besteak beste.
Mende laurden bete dute, baina oraindik badute zer dantzatu. Eta gogoa eta talentua sobran dituzte. Eta oraindik badugu zer dantzatu leloa hartuta ospatuko dute, hain justu, urteurren festa. Musikaz eta dantzaz beteriko jai handia izango da Mendizorrotzakoa, eta ahalik eta jende gehien joatea nahi dute. Horregatik, 250 gonbidapen banatuko dituzte Gasteizko Udalaren Antzoki Sareko leihatilan (Plaza Berria, 1). Atzo jarri zituzten gonbidapenak eskura, eta gaur eta bihar egongo da horiek lortzeko modua.

Jaialdiari buruzko hainbat xehetasun eman dituzte: euskal dantzak eta dantza garaikideak trikitiaren, txistuaren, gaitaren eta albokaren doinuekin bateratuko dituzte, eta Euskal Herri osoko dantza, musika eta janzkera tradizionalak erakutsiko dituzte.
Iñigo Manuel Algara dantza taldeko presidentea pozez eta harrotasunez mintzatu da orain arteko bideaz. Aitortu du proiektua «polita» dela, baina, aldi berean, «neketsua, oso». 25 urte betetzea eguneroko ahaleginaren emaitza dela azadlu du: «Ez dut esango Gasteizen egon den proiekturik handiena denik, baina bai hunkigarriena».
Iñaki Gurtubai Arabako Berdintasun, Euskara eta Gobernantza diputatuak azpimarratu du Algara taldeak rol garrantzitsua duela «euskal nortasunaren transmisioan»: «Algara kultura bizia da. Eta, gainera, erreferentea da euskalgintzan, dantza ez baita emanaldi hutsa; identitatea, transmisioa eta etorkizuna ere bada».
Talde txiki batek sortua
Algara dantza taldea 2000. urteko apirilaren 13an jaio zen, Gasteizen, mundu osoan musika, kultura eta euskal dantzak erakusteko gogoz ziren hamabost lagun ingururen ekimenez. Urteen joan-etorrian, ehunka pertsona igaro dira bertatik, eta, gaur egun, 120 dantzarik eta hamar musikari inguruk osatzen dute.
Koreografia garaikideak, eta euskal dantzak eta instrumentu tradizionalak uztartzen ditu taldeak. Gasteizen sortua da, baina Euskal Herri osora eraman du dantza eta musika; Hungarian, Turkian eta Ingalaterran ere egin izan ditu ikuskizunak.
Â