Gasteizko Txosna Batzordeak atzerako kontaketa abiatu du webgunean: 46 egun besterik ez da falta hiriko jaietarako. Eta aurkeztu ditu jada 2025eko egitaraua eta kartel ofiziala. Prentsaurrekoa gaur eguerdian egin dute, Andre Maria Zuriaren plazako balkoian, «herri mugimenduarena ere baden balkoian». Jaien hasierarekin batera, abuztuaren 4an zabalduko dituzte txosnak, eta, ordutik aurrera, etenik gabeko jai giroa izango da abuztuaren 9ra arte. Entxosnatu, etorri gugana! leloak berriro ekarri du aurreko urteetako espiritua, gertutasunaren eta parte hartzearen aldeko aldarria eginez. Aurten ere, festa eremua EHUren Gasteizko campusean egongo da.

Gune horretako hiru karpa nagusiek —Oholtza Nagusia, Entxosnatu Karpa eta Gazte Karpa— jarduera ugari hartuko dituzte: kontzertuak, ikuskizunak eta bestelako emanaldiak izango dira protagonista, musika estilo anitzi eta publiko zabal bati zuzenduta. Aurtengo egitaraua ere oparoa eta askotarikoa izango da, herri giroan oinarritutako jaia sendotzeko modukoa. Amalur Pascual eta Iñigo Sanchez Gasteizko Txosna Batzordeko kideek eman dute egitarauaren berri: «Berrogei kontzertu eta ikuskizun inguru izango ditugu. Momentuz, Oholtza Nagusian, Entxosnatu Karpan eta Gazte Karpan egongo direnak iragarri ditugu bakarrik. Baina datorren asteetan kolektiboak antolatutako programazioa zabalduz joango gara». Jarraian, egunez eguneko egitaraua aurkeztu dute:
EGITARAUA, EGUNEZ EGUN
- Abuztuak 4, astelehena: Mildero, Olatz Salvador, Pluk, Akerbeltz Erromeria, Guate-K eta M.Ravarino.
- Abuztuak 5, asteartea (Elkartasun Eguna). Herra, Arene 6, Afro Beats, Brigade Loco, Dj Lobak, MDM eta I+D.
- Abuztuak 6, asteazkena (Ikasle Eguna). Dena, Pubic Enemy, Aimarz, Biznaga, Eteranal, eta Rosa Mari.
- Abuztuak 7, osteguna (Gazte Eguna). Zankarron Blues, Fermin Muguruza, DJ Sorpresa, Fifi eta Fefa eta Elepunto.
- Abuztuak 8, ostirala. Estoldetan, Kokein, Marte Lasarte, Sustrai Berriak, Bizardunak eta Suziri Krew.
- Abuztuak 9, larunbata. Anixe, Safu, 721, Hofe, Andrigina Show, DJ Wellington eta Sqlent.
Esker hitzak ere esan dituzte txosnagunea osatzen duten eragile guztientzat. «Garrantzitsua iruditzen zaigu txosna eremua eraikitzeko eta bizitza emateko lanean jardun eta jardungo duten pertsona eta eragile orori eskerrak ematea, hau guztia posible egin duzuelako».
Azkenik, urtero gogorarazi ohi den moduan, argi utzi dute «txosnagunean ez dela onartuko inolako eraso matxista, sexista, homofobo, xenofobo edo arrazistarik».