Asteburuko proposamenak

Gau Beltzaren misterioa, Donostian

'Nor da hiltzailea?' izeneko jarduera bat antolatu du Sustrai aisialdi taldeak haurrentzat. Etzi egingo dute, 18:00etan, Loiolako kultur etxean, eta lotura izango du misterioarekin.

Iazko 'Nor da hiltzailea?' jarduerako argazki bat. SUSTRAI AISIALDI TALDEA
Iazko 'Nor da hiltzailea?' jarduerako argazki bat. SUSTRAI AISIALDI TALDEA
Garazi Izagirre Aiestaran (2)
2025eko urriaren 30a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Beldurrezko maskarek eta jantziek apainduko dituzte Euskal Herriko hainbat txoko bihar gauean. Gau Beltza edo Arimen Gaua izenez ezaguna egin da urriaren 31, eta gero eta indar handiagoa hartzen ari da. Izan ere, duela gutxi arte AEBekin lotzen zen ospakizunak badu tradizioa Euskal Herrian ere, eta hainbat eta hainbat herrik egitarau bereziak antolatu dituzte biharko. Badaude ekinaldiak lehen aldiz antolatuko dituztenak; beste batzuek, berriz, urteak daramatzate gau hori ospatzen. Donostiako Loiola auzoko Sustrai aisialdi taldea da horietako bat.

Badira lauzpabost urte Gau Beltzan hilketa bat gertatzen dela Loiolan. Aurten, ostera, lapurreta egin dute luxuzko hotel batean. Izan ere, azkenaldian auzoko kultur etxeari itxura aldatu diote urtero; iaz, esaterako, museo bihurtu zuten. Aurten, berriz, luxuzko hotel bat izango da. Parisko Louvre museoan Napoleonen eta Josefina enperatrizaren bitxiak lapurtu zituztenak, agian, aisialdi taldekoen ideietan oinarritu ziren. Bada, luxuzko hotelean lapurreta nork eta nola egin duen ikertu beharko dute 8 eta 12 urte bitarteko umeek. Larunbatean egingo dute ekintza, Loiolako kultur etxean, 18:00etatik 20:30era. 

«Auzoarentzat eta euskaraz egiten dugu». Horixe da ekitaldiaren xedea, Nagore Garmendia Sustrai aisialdi taldeko kidearen hitzetan. Ekitaldiaren bidez auzoko umeak auzoan geratzea lortu nahi dute, baita inguruko auzotako haurrak gerturatzea ere. «Sustrain umeentzako hainbat ekitaldi antolatzen ditugu urtean zehar. Nor da hiltzailea? bezalako jarduerak auzoarentzat antolatzen ditugu, baina baita euskara sustatzeko ere. Euskaraz eta euskaratik egiten ditugu gauza guztiak», azaldu du.

Loiolan ume askorik ez dagoela esan du Garmendiak, «ez behintzat auzoan geratzen den askorik». Edonola ere, iaz 120 haurrek parte hartu zuten egitasmoan, marka guztiak hautsita. Ezustean harrapatu zituen horrek antolatzaileak, eta edukia zabaldu egin behar izan zuten. Hamabost begirale inguru izaten dira jarduera bideratzen. Urtean zehar ez dira hainbeste izaten, baina, azken urteetako eskakizunak direla medio, jende gehiagoren laguntza behar izaten dute egun horretarako. «Zoramena izaten da egun hori, baina oso pozik gaude izan duen erantzunarekin». Jendearentzat urteko ospakizuna dela azpimarratu du antolatzaileak, eta data hauek gerturatzen direnean, asko dira jardueraren inguruan galdetzen dietenak. 

Misterioa argitzen

Kultur etxea da lapurretaren epizentroa, eta haurrek ezingo dute bertatik irten. Parte hartzaileak taldeetan banatuko dituzte antolatzaileek, eta talde bakoitza begirale baten ardurapean ibiliko da une oro. Hasieran, jolasaren dinamika eta arauak azalduko dituzte. Horrekin batera, fitxa polizial bat banatuko zaie umeei, susmagarri guztien datuak izan ditzaten. Horietako bakoitzarekin hitz egingo dute talde guztiek, eta gehienez hamabost minutu izango dituzte horretarako. Denbora tarte horretan froga bat egin beharko dute, eta,, gaindituz gero, susmagarriak pista bat emango die. «Pista horrek laguntzeko edo burua gehiago nahasteko balio dezake, susmagarri bakoitzak nahi duena esan dezakeelako», azaldu du Garmendiak. Behin susmagarri guztiengandik igarota, epaiketa bat egongo da. Beraz, talde bakoitzeko bozeramaileek esan beharko dute nor den lapurretaren egilea, eta zergatik egin duen lapurreta. Jarduerari antzerki baten bitartez emango diote amaiera. 

Jarduera 18:00etan hasten den arren, sarrerak lehenago hartu beharko dira: egunean bertan, kultur etxeko sarreran, 17:00etatik 17:30era. Ateak, berriz, 17:50ean irekiko dira. Horrez gain, gurasoak gertu egon daitezen eskatu dute antolatzaileek, badaezpada. Ez da beharrezkoa izango, baina nahi duenak mozorrotuta joateko gonbidapena ere zabaldu dute, «Gau Beltzaren misterioan gehiago murgiltzeko». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.