Jaione Jauregi: «Gaur egungo gazteek badute gogoa, eta eremu asko daude borrokarako»

Gazterik erbestera jo zuen Jauregik: Ipar Euskal Herrian ibili zen lehenbizi, Mexikon sukaldari gero, eta Belgikan ondoren. 2020an Espainiara estraditatu zuten, eta hiru urte pasatu zituen preso Alcala Mecon. Lezon bizi da orain, aske.

Jaione Jauregi erbesteratu ohia, Lezon, abuztuaren 26an. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Jaione Jauregi erbesteratu ohia, Lezon, abuztuaren 26an. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
urtzi urkizu
Lezo
2025eko irailaren 7a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Argazkilariak iturri baten ondoan esertzeko eskatu dio Jaione Jauregiri (Lezo, Gipuzkoa, 1958). Patua ala kasualitatea, atzean dagoen etxea bere haurtzarokoa da. Eta hasi da kontatzen Jauregi: «Gaztetxoak ginen, eta justu iturri honetara jaisten ginen gauetan Radio Paris irratia entzutera». Haren inguruan izan ziren atxiloketa batzuek eraman zuten jaioterria uztera. Ipar Euskal Herrira jo zuen lehenbizi. Mexikon sukaldari ibili zen urte luzez. Eta Belgikara jo zuen ondoren, Gante hirira. 2023. urtearen amaieran aske gelditu zenean, kautela neurriak ezarri zizkioten lehenbizi, eta debekatua zuen Gantera joatea. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak bertan behera utzi zituen neurri horiek. Orain Lezon bizitzen gelditzea erabaki du Jauregik. 

Haurtzaroko garaiak nola gogoratzen dituzu?

Lezo oso txikia zen. Etxean euskaraz hitz egiten genuen, eta ikastola klandestino batera joaten nintzen. Garaje bat zen: andereño Manolik ematen zizkigun klaseak, eta han ikasi nuen idazten, abesten eta dena euskaraz. Gero, 8 urte nituela, ezin nuen gehiago hor segitu, eta beste eskoletara pasatu behar genuen. Noski, eskola frankistara, eskola nazionala esaten genion horretara. Kolpe galantak jasotzen nituen.

Zergatik?

Idazten letra polita nuen, baina akats batzuk egiten nituen. Adibidez, diktatu batean pues a comprar chocolate zen, eta nik txokolate idazten nuen t-rekin, x-rekin, eta k-rekin. Horregatik, kristoren kaskarrekoak ematen zizkidaten. Nire adineko guztiak ikastolatik hara pasatzen ginen; eta, orduan, zer egiten genuen? Gaztelerazko hitzak erabiltzen hasi ginen euskaraz egiten genuenean. Kontua da nire aitak kristoren ximikoak egiten zizkidala hori entzuten zuenean. Orduan, ba, zigor bikoitza. Pentsa, eskolan makila batekin hanketan jotzen gintuzten hamabost aldiz. Eta jada hasi nintzen errebelde izaten; gogoan dut Historiako liburuan Francoren argazki handi bat zegoela, eta nik koskorrak edo tankerakoak margotzen nizkion. Egun batean andereñoak hori ikusi, eta nire amak eskolara joan behar izan zuen. «Bideratu» egin behar nindutela esan zioten.

Izango dituzu garai hartako oroitzapen gehiago, ezta?

Gogoratzen naiz txikitan aitak zapata kaxa bat ematen zidala, lokarri batzuekin, eta barruan postalak zeuden, baina ikurrinarekin, preso baten argazkiarekin. Gauza aldarrikatzaileak... eta dirua jasotzera bidaltzen ninduen, etxe batzuetara eta beste toki batzuetara. Diru hori kaxan sartu behar zen. Espetxean zeuden presoen familiei babesa emateko zen, batez ere. Frankismoaren kontra borrokatzen zen jendea, antifrankistak ginen denak. Ikastola bat egiteko ere bazen lana: kooperatiba bat sortu zuten, eta familia bakoitzak diru kopuru bat eman behar zuen hilero. Sos haiek biltzen ere aritzen nintzen. Lehenengo ikastola prefabrikatua sortu zuten horrela hemen, Lezon, Markesanen, herriak emandako diruarekin. 

Frankismoaren azkeneko urteetan, bazen kontzientzia politikoa zure inguruan. Nola murgildu zinen borroka antifrankistan?

Etxean beti hezi gintuzten modu batean, gauzengatik borrokatu egin behar dugula oinarri hartuta. Poliki-poliki, manifestaldietan parte hartzen hasi nintzen. Gero, propaganda pixka bat botatzen, ikurrinaren bat jartzen. Horrelako ekintza txikietan hasi ginen. 1970eko hamarkada zen. Txistua ere jotzen nuen. Gogoratzen naiz Franco hil eta gero itxialdi bat egin genuela amnistia eskatzeko: 1976. urtea zen, eta Gurutze Santuaren elizan [Lezon] egin genuen itxialdi hura. Gogoan dut kanpandorrean ikurrina handi bat jarri genuela. Gero, egun batean eskutitz bat jaso nuen. Bertan esan zidaten erabaki zutela ni gonbidatzea «Euskal Herriaren askapenerako» lan egitera... Gaztea nintzen, odol beroa, eta baiezkoa eman nuen. Hitzordu bat jarri zidaten Iparraldean. Hara joan nintzen, eta orduan hasi nintzen lan txikiak egiten, posta lanak eta horrelako gauzak [ETA erakundean]. Egun batean, lagun bat erori zen, eta nire bila etorri ziren... baina ni ez ninduten harrapatu.

Iparraldera jo zenuen orduan?

Ihes egin nuen, bai. 1979an izan zen hori. Handik aurrera, turbulentziaz betetako bizitza bat. Tira, nik uste dut jende guztiak izan dituela turbulentziak bizitzan, baina batzuk beste modu batekoak dira.

Noiz joan zinen Mexikora?

1986an joan nintzen Kalifornia Beherera, Senada hirira. Lehenbizi arte galeria batean hasi nintzen lanean. Tarteka lagun batzuk gonbidatzen nituen etxera, eta ondo kozinatzen nuela esaten zidaten. Hotel bateko jatetxean egon nintzen lanean bolada batean: han bospasei mexikar zeuden sukaldean, denak gizonak; machos. Eta emakume bat haiei aginduak ematen. Oso matxistak ziren. Gero, fama apur bat hartu nuen segituan, eta jendeak esaten zidan nire jatetxe propioa ireki behar nuela; eta hala egin nuen: hotela utzi eta nire jatetxea zabaldu nuen: Kaia. Hamabost urtez gelditu nintzen han. 

«Belgikako epaile batek esan zuen Espainiak ez duela ahaztu behar Gernika bonbardatu zutela, eta horren alaba bat nintzela ni. Espainian asko haserretu ziren hori dela eta»


Nolako urteak izan ziren Mexikokoak?

Lan eta lan aritu nintzen, jatetxe batek sortzen duen lan guztia egiten. Baina asko ikasi nuen, eta oso gustura ibili nintzen. Baina, handik bolada batera, Mexikon bizi ziren euskaldunak bidaltzeko eskatzen hasi zitzaion Espainia Mexikori. «Tira, errefuxiatu bat ematen badidazu, nik ez dakit zer egingo dut zure alde...», eta errefuxiatuak erabiltzen hasi ziren, jada erakundean ez zeudenak eta beren bizitza egina zutenak. Hau da, errefuxiatuak truke txanpon gisa erabiltzen zituzten. Orduan, Europan seguruago sentituko nintzela erabaki nuen, eta Belgikara joan nintzen. Han hasi nintzen flandriera ikasten. Eta lanean ere hasi nintzen: jatetxe batean pintxoak egiten ibili nintzen lehenik, eta goi mailako sukaldaritzako jatetxe batean ere bai gero. Baina, 2013an, atxilotu egin ninduten.

Jaione Jauregi erbesteratu ohia
Jaione Jauregi erbesteratu ohia, Lezoko Gurutze Santuaren plazan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Zer gertatu zen?

Nire estradizioa eskatu zuen Espainiak, baina ni aske uztea erabaki zuen Belgikak. Belgikako epaile batek esan zuen Espainiak ez duela ahaztu behar Gernika bonbardatu zutela, eta Gernikako alaba bat nintzela ni: euskaldunek frankisten aurka borrokatzea erabaki zutela, eta haietako bat nintzela ni. Espainian asko haserretu ziren hori dela eta. Asko, gainera! Edonola ere, hemeretzi egun egin behar izan nituen espetxean. Libre utzi nindutenean, atera nintzen arratsalde berean, fax bat iritsi zitzaidan Espainiatik. Zera esan zidaten: Europa osotik kanporatua gelditzen nintzela, Amerikan ere banuela debekua ez dakit zenbat lekutan, eta Afrikan ere bai. Tira, ilargira bizitzera joatea zen gelditzen zitzaidan aukera ia bakarra. Abokatuak esan zidan hori guztia txorakeria hutsa zela baina ziur aski espainiarrak asko haserretu zirela Belgikan libre utzi nindutelako. Hilabete bat pasatu aurretik, Belgikan paperak eskuratu nituen Ganten bizitzen jarraitzeko; dena eman zidaten, lan egiteko baimena eta dena. Eta Ganten jarraitu nuen lanean, sukaldari.

2011n, armak erabiltzeari uztea erabaki zuen ETAk. 2017an, prozesu baten ondoren, independentziari buruzko erreferenduma egin zuten Katalunian. Handik aste gutxira, politikari independentista batzuk erbestera joan ziren, Belgikara. Erbestera joan ziren katalan horietako batzuekin harremanetan izan zara urteetan. Nola ikusi zenuen Katalunian gertatu zen hura?

Kataluniako erreferendumaren egunean, egunkaria erostera joan nintzen... Alde batetik, oso ondo iruditu zitzaidan Katalunian denak batu izana hori egiteko. Baina, beste aldetik, esaten nuen inork ezin duela autodeterminaziorako eskubidea urratu. Normala da bozketa bat egitea, eta jendeari galdetzea ea zer pentsatzen duen. Nire iritziz, Espainiak hanka sartu zuen errepresio hura ezarrita; Europa mailan, behintzat. Espainiak esaten du demokrazia bat dela, baina demokrazia pixka bat urruti duela erakutsi zuen hala, ezta? Gero, konturatu nintzen katalanek badutela beste modu bat borrokatzeko: beren taktikak dituzte, edo desberdinak dira. Batzuetan, gu baino erradikalagoak direla ere sentitzen dut. Katalanetako batzuk Belgikara ihesi joan zirenean, nire abokatu bera hartu zuten: Paul Bekaert. Abokatu horrek emakume aktibista kurdu baten askatasuna lortu zuen, adibidez.

Erbesteratuen artean, musikari bat ere iritsi zen: Valtonyc.

Orain Bartzelonan bizi da. Baina hori demokrazia batean... Pixka bat deigarria da musikari batek erbestera joan behar izatea kanta batengatik. Belgikan zur eta lur geratu ziren. «Abesti batengatik espetxeratu nahi dute?», galdetzen zuten. Ez zuten ulertzen. Zorionez, Valtonyc Kataluniara bueltatu da. Barkamena eskatzeko esan zioten. Hori egin behar izan zuen, eta kito.

Jaione Jauregi erbesteratu ohia
Jaione Jauregi erbesteratu ohia, Lezon. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Zer gertatu zitzaizun 2020an?

2019an, abokatuak deitu egin zidan, esanez nire aurkako euroagindu bat eman zutela. Ganteko auzitegira joan ginen. Epaileak ezagutzen ninduen, eta zera esan zion idazkariari: «Idatzi atxilotzeko agindua, eta, gero, idatzi aske uztekoa». Esan zidan Ganten denek ezagutzen nindutela, eta Pertsona bat nintzela, hitz larriz. Epaile hark abokatuari esan zion ez zuela ulertzen halako gaiztotasuna [Espainiaren aldetik]. Libre gelditu nintzen.

Baina kontua ez zen hor bukatu...

2020ko otsailean, libre utzi ninduten. Hilabeteak pasatu ziren. Belaunean ebakuntza bat izan nuen. Gero, urrian, esan zidaten auzia atzeratzen ari zela, eta azaroan joateko. Baina epaile guztiak aldatu egin zituzten, eta ni estraditatzea eskatzen ari ziren. Ezin nuen sinetsi. Abokatuak esan zidan lasai egoteko, kasazioa egingo zutela. Ostera, abokatuari ez zioten txostena onartu. Abokatua negar malkotan ikusi nuen. Polizia batek esan zidanez, Belgikak pederastak eta narkotrafikatzaileak eskatzen zizkion Espainiari, eta ni entregatzea zen ordaina. Espainiak, PSOE gobernuan zela, Belgikari esan zion ez zela truke gehiagorik egongo ez baninduten ni entregatzen. Hortaz, ni erabili ninduten. Prozesu hartan ez nuen asmorik inora ezkutatzera joateko.

Nola izan zen atxiloketa? 

Nire bila etorri ziren poliziek 18 urteko nire bizilagun bat hartu zuten atzetik, iletik tira egin, eta lurrera bota zuten. Neskak zartako bat eman zion poliziari, eta hark orduan lurretik herrestan eraman zuen neska. Tira, lehenbizi Ganteko espetxera eraman ninduten. Han konturatu nintzen Espainiara eramango nindutela. Hegazkin militar bat erabili zuten niretzat bakarrik; txatar puska bat zen hura. Tripulazioan, denak militarrak, eta Espainiako polizia nazionalak ni zaintzeko. Aireportu militar batera eraman ninduten, Getafera [Espainia]. Hara iristean, armada bat zegoen, eta polizia pilo bat. Polizia batek esan zuen motxilan sakelako telefono bat nuela, eta haren buruzagiak esan zion aspaldi zutela nire zenbakia interbenitua. Espetxera iristean, komunetara sartzeko esan zidaten, eta han polizia batek ostia pare bat eman zizkidan; emakumea zen polizia hura, eta oso gaiztotua zegoen. Betaurrekoak ere kendu zizkidan, eta ni galduta sentitzen nintzen. Eskuak estu-estu lotu zizkidaten, atzean, eta ostiko bat eman zidaten ipurdian, pakete bat bezala furgonetara sartzeko. Funtzionario batek galdetu zidan ea nolatan nituen besoak hain more; esan zidan oso estu lotu nindutelako nituela horrela, eta hori auzitegian kontatzeko. Espainiako Auzitegi Nazionalean argi esan nuen ez naizela terrorista bat, ni sukaldari bat naizela.

Zer leporatzen zizuten?

Militar bat, teniente koronel bat hil izana leporatzen zidaten. Kontua da ez zutela argumentu bakar bat ere ni espetxeratzeko. Baina hiru urte egin nituen Alcala Mecoko kartzelan [Espainia].

Teniente koronel horren hilketa zer urtetan gertatu zen?

1980an. Eta ni 1979rako Iparraldean bizitzen nintzen. Ia 90 urte zituen emakume bat eraman zuten auzitegira, lehendik deklaratu zuena. Nik uste dut andre hura oso katolikoa zela, eta pentsatuko zuen: «Gezurra esaten badut, infernura joango naiz». Esan zuen ez nintzela ni atentatuaren egunean ikusi zuen hura. Baina imajinatu emakume hari okurritzen zaiola baietz esatea... Izorrai! Gero, beste emakume bat deitu zuten deklaratzera. [ETAko] Talde bat haren etxean gordetzen ibili omen zen, eta emakumeak esan zuen ez ninduela ezagutzen. Bada, gauzak horrela, azkenean ez zuten inolako frogarik ni zigortzeko. Auzi hura artxibatuta geldituko zela erabaki zuten. Eta libre gelditu nintzen 2023aren amaieran.

Lezora joan zinen orduan, ezta?

2023ko eguberrietarako, bai. Kontua da libre utzi nindutela baina kautela neurriak jarrita. Belgikara ezin nuen bueltatu, hortaz. Pasaportea ere kendu egin zidaten.

Lezon eta Euskal Herrian nola aurkitu duzu zeure burua?

Kartzelatik atera nintzenean, buruan nuen Gantera joatea. Han utzi nuen nire etxea, eta nire bizitza berriro normalizatu nahi nuen. Baina ezin nuen Espainiatik atera. Helegitea jarri genuen orduan. Aurreneko helegitea atzera bota zuten, eta, orduan, Espainiako Auzitegi Konstituzionalera jo genuen. Handik bolada batera, Konstituzionalak arrazoia eman zigun, eta kautela neurriak kendu zizkidaten. Pasaportea atera nuen, eta Gantera joan ahal izan nintzen egun batean. Bitartean, lasaitasunez, halako batean erabaki nuen Lezon geldituko nintzela.

Zeure burua aurkitu duzu jaioterrian?

Bai, bai, eta gogoratzen naiz lagun baten etxean nintzela, balkoitik trapujale [Lezoko inauterietako pertsonaia] ikusten, eta lagunei esan niela: «Ez naiz Lezotik joango».

Euskal Herria nola topatu duzu hainbeste urteren ondoren?

Desilusioa hartu dut futbolaren gehiegikeriak ikusita: jende guztia erotuta dabil futbolarekin, birus bat bezalakoa da. Horrez gain, ordea, ikusi dut Lezo oso piztuta dagoen herri bat dela. Gazte asko daude erne. 

Feminismoaren ikuspegitik, duela 45 urteko egoera eta gaur egungoa nola ikusten duzu?

Lehen, nire gazte garaian, feminismoa gaizki ikusia zegoen. Erakundean [ETAn] ere, emakumea... izan ere, mutilak oso matxoak ziren. Matxismoa oso sustraituta zegoen. Orain, feminismoaren kontua hobeto doa. Ez dugu esango «Guau!». Baina emakumeek kontzientzia handia dute, behintzat. 

Borroka armatuaren fasea bukatu ondoren, nola ikusten duzu egoera politikoa?

Armak bukatu dira, eta etapa hori bukatu izana ondo ikusten dut. Egun, borrokarako eremu asko daude, eta horiek landu behar dira. Gure Esku Dago mugimenduan, bestalde, lehen pilo bat jende zegoen, eta hori pixka bat jaitsi egin da. Baina, tira, borrokan horrela gertatu izan da beti. Emozio askorekin hasten dira gauza batzuk, eta gero, itsasoan bezala, olatuak egoten dira: gora, behera, gora...

Jaione Jauregi erbesteratu ohia
Jaione Jauregi erbesteratu ohia, Lezon. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Itxaropena baduzu Euskal Herriaren etorkizunari begira?

Bai. Gazteek badute gogoa, eta oso ondo dago bide desberdinak hartzea: badago non borrokatu, lan asko egin daiteke, eta eremu asko daude borrokatzeko. Lezon elkarretaratze handi bat ikusi nuen, gazte guztiekin, eta horrek ere poz handia eman zidan. Lezo oso ondo ikusten dut. Ikusten dut alkatea eta bere udal taldea ere oso ondo ari direla lanean. Herria oso ondo antolatua dagoela ikusten dut hemen.

Lezon gelditzeko asmoa duzu, beraz?

Bai, bai. Orain erretiroko paperak antolatzen ari naiz. Espainiak ez dizkit eman nahi izan; esaten dute ez dudala horretarako eskubiderik. Belgikan saiatzen ari naiz, beraz, eta duela egun batzuk bidali nituen azken paperak. Ikusiko dugu. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.