«Hogei urte daramatzat artzain gisa lanean, eta Ordiziara etortzen, ia beste hainbeste. Bosgarren saria irabazia dugu, hirugarrena, bigarrena... Laugarrena eta lehenengoa falta ziren, eta begira!». Unai Lekuona Ruiz de Luzuriaga artzainak Araia-Asparrenan (Araba) ondutako gazta naturala gailendu da Ordiziako gazta lehiaketan; estreinakoz, gainera. Hunkituta jaso du saria, semeari txapela jarrita.
Zer sentitzen duzu, saria estreinakoz irabazita?
Poz handia. Hau gauza handia da: ametsa. Gazta irabazleari gurearen itxura hartu diot. «Gurea izango da?». Eta bai, gurea izan da!
Nolakoa da gazta?
Martxoaren 17an egin genuen, eta krematsua da, zapore oso biguna du. Oso gazta berezia da. Arriskatu naiz zuria hartuta.
Urte gogorra izan da lehorteagatik.
Bai. Gastu gehiegi daukagu, ez du euririk egiten, dena dugu lehortuta... Baina sari honekin, hobeto! Gazta sariduna beste era batera saltzen da.
Sari hau irabazteak nolabaiteko bultzada emango dizu, beraz, negozioan?
Bai. Ordiziak bultzada handia ematen du.
Zein da gazta honen magia?
Gaztak ez du magiarik: ardiei jaten eman, haiek jetzi eta gustuko duzun lana egin.