Harriet argitaletxean 2015etik ari da lanean Mikel Muro (Urnieta, Gipuzkoa, 1984). Askotariko lanak egiten ditu bertan, eta maketatzaile ere aritzen da. 2022an, mangak euskaraz argitaratzeari ekin zioten Kabe zigiluaren bidez. Cube arts mangak harrera oso beroa izan zuen, eta laugarren edizioa aterako dute aurki.
Elkarrizketa hau Atzekoz aurrera atalean aterako da. Eta atzekoz aurrera irakurtzen dira mangak...
Bai. Atzekoz aurrera irakurtzen dira, eta eskuinetik ezkerrera. Irakurle batzuentzat hori da mangarekin duten lehen inpaktua.
Noizbait kontatu duzu: Durangoko Azokan zinela, amona bat haurrari esanez euskaraz irakurtzeko, eta haurrak manga nahi zuela. Horri aurre egitea erabaki zenuten?
Haurrak gustuko duena kontsumitu nahi du. Guraso eta aitona-amona askok zera nahi dute, haurrek zerbait pedagogikoa eta euskaraz irakur dezatela. Mangak orain puri-purian daude, eta neska-mutiko askorengan distira edo lilura sortzen dute. Durangoko Azokan orduko hartan haurrari komiki bat euskaraz erosi zioten, baina haurrak «manga nahi dut!» oihukatu eta erositako komikia lurrera bota zuen. Argi ikusi genuen zer egin.
Zazpi istorio argitaratu dituzue dagoeneko euskaraz. Nola doaz?
Hiru istorio erabat amaituta daude jada, eta beste lauren azken liburuak datorren urtean argitaratuko ditugu. Berriak iritsiko dira gero.
Buztan eta guzti neska nerabeentzat da. Japoniar mangek nolako azpigeneroak dituzte?
Argitaletxeek ezberdintasun asko ezartzen dituzte mangen artean. Etiketa asko daude, publikoa markatzeko. Kategoria horiek Mendebaldeko ikuspegitik oso sexistak direla esango genuke. Buztan eta guzti manga shojo bat litzateke, hau da, neska nerabeentzat. Amodiozko istorioak dira horiek, oso emozionalak... Dragoi Bola bezalakoak, berriz, shonen kategoriakoak dira, eta horietan akzioa, abentura eta borrokak daude. Helduentzako ere badira, eta horietan gai sakonagoak lantzen dira.
Euskal Herrian gero eta zale gehiago ditu mangak. Baina Animedon-eko aurkezpenean esan duzu kontrako erreakzioren bat jaso izan duzuela. «Mangak euskaraz, zertarako?» esaldia entzun izan duzula aipatu duzu.
Justu horregatik ari gara lanean, jendeak ikus dezan aukera natural bat dela mangak euskaraz ere izatea. Beste edozein genero egon daitekeen moduan. Euskarak kultur arlo guztietan egon behar du. Badaude gazte batzuk harreman gatazkatsua dutenak euskararekin... Euskal Herriko gazte askorentzat mangarekin duten harremana gaztelaniaz, ingelesez edo japonieraz da, eta euskara ez zuten sartzen ekuazio horretan. Baina mangak hor egongo dira, eta euskaraz ere behar ditugu.
Aldatuko da egoera?
Euskaldun askok ez dute manga kulturaren arlokotzat jotzen, eta oso mangazale diren batzuek, berriz, ez dute euskara ikusten manga mundu horretan. Bi mundu horien artean daudenak ari dira gure mangak erosten, baina gutxi dira. Eta multzo hori handitu egin nahi dugu.
Multzo hori handitzeko, 2027an istorio berriak euskaratuko dituzue. Iker Alvarez tartean izango duzue, ezta?
Bai, Iker Alvarezek itzultzen ditu komikiak. Alvarezen bitartez dugu harremana Japoniako agentziekin eta argitaletxeekin. Nabari dugu harremanak japonieraz badira askoz eraginkorragoak direla. Lan handia egiten du Alvarezek, eta espero dugu luzaroan aritzea gurekin.
Hamar eurotan saltzen dituzue mangak, eta aurreneko manga euskaraz arrakastatsua izan zen oso.
2022an Cube arts atera genuen. Hernaniko komiki azokan aurkeztu, eta ikusi genuen harrera ona izango zuela. Durangoko Azokara iritsi, eta lehen edizioa hilabete batean amaitu zen. Mila ale hilabetean! Laugarren edizioa aterako dugu hemendik gutxira.

Ziburuko azoka ondo joaten al da?
Bai, primeran. Ipar Euskal Herrian euskarazko komikiaren kultura oso sakona da. Esango nuke bai Frantzian bai Ipar Euskal Herrian badela maitasun harreman bat komikiarekin, eta Hego Euskal Herrian ere hortik edan dugula.
Zer esango zenieke seme-alaba edo senide gaztetxo mangazaleekin kezka duten helduei?
Japonian badaude manga batzuk biolento eta esplizituak direnak, eta, Mendebaldean, batzuei kezka sor diezaioke horrek. Baina gazteek manga nahi dute, eta hartuko dute. Debekuek ez dute ezertarako balio.
Dena ez da egun batetik bestera lortzen.
Ez. Gure asmoa da eragin handiagoa izatea, baina hori ezin da urtebetean lortu. Urte askoan jarraitu behar da lanean.
Zale batek Dragoi bola-ren liburukiak plazaratu ditu digitalean, euskaraz. Hori lana, ezta?
Bai, kristoren lana egin du. Lan pila bat dago hor atzean.
Itzulpenekin izan duzue bitxikeriarik japoniarrekin?
Kontuan hartu behar da ezin dela hitzez hitz itzuli, zentzua aldatu behar dela. Iker Alvarezek Girls Last Tour-en bosgarren atalaren sinopsi osoa berriro egin behar izan zuen. Zergatik? Ba Japoniako argitaletxeko batek esaten zuelako euskarazkoak ez zuela gauza bera esaten. Ñabardura guztiak hartu behar dira aintzat [Donostiako aurkezpenean kontatu du Japoniako argitaletxe batean badela japoniar bat euskaraz ikasten hasi dena itzulpenak ondo dauden ikusteko].
LOTSABAKO
Liluratu zintuen aurreneko manga?
One Piece.Mangaren bateko zure pertsonaia kutunena?
Dragoi Bola-ko Son Gohan.Manga bat irakurtzen tarte bat pasatu duzun toki bereziren bat?
Tokioko Asakusa auzoko tenpluak.