Asier Zamorano. Algortako Gazte Mugimenduko eta Jai Batzordeko kidea

«Gazteen arteko harremana sustatu nahi dugu herrian»

Algorta
2012ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Algortako jai batzordekoak urte osoan festak prestatzen ibili badira ere, Asier Zamoranok aitortu du azken hilabeteotan izan duten lana oso handia izan dela. 19 urte ditu, eta gogotsu ibili da auzokide guztientzako jaiak prestatzen, baita lortu ere. «Aurten, egunero herri bazkariren bat izango da; horrela, egunero jendea herrian zehar ibiltzea eta gazteen arteko erlazioak sustatzea nahi dugu». Gaur bertan hasiko dira ospakizunak, eta hurbiltzen diren guztientzat dena prest dagoela dio.

Bihar Gazteen Eguna izango da, zertan datza egun hori?

Gazteria jaietan parte hartzea eta jaiak herrikoiagoak egitea du helburu Gazteen Egunak. Aurten, jende asko hurbildu da estreinakoz egun hau antolatzera, eta horrek ilusio handia ekarri digu, indar handiagoa daukagulako gauzak egiteko.

Aldarrikapen eguna izango da?

Bai, noski. Azken batean, nahiz eta jaiak izan, aldarrikapenak beti egin dira, eta egingo dira.

Zer ezberdintasun izango du aurreko Gazteen Egunekin alderatuta?

Gazte jinkana izango da aurtengo berrikuntza. Horrekin, udalerriko adin ezberdinetako gazteen artean erlazioak sustatzea eta ondo pasatzea nahi dugu.

Herri bazkariak antolatu dituzue egunero, ez da gehiegizkoa izango?

Ez dut uste gehiegizkoa denik. Horien bitartez, jendea herrian ibiltzea lortzen dugu. Gainera, egun bakoitzean eragile bati dagokio bazkaria antolatzea, eta horrela, babesa eskainiko diegu eragile horiei.

Aurtengo saninazioak nolakoak izango direla uste duzu?

Iaz izandako parte hartzearen gorakada ikusita, uste dut aurten ere gora egingo duela jendearen parte hartzeak proposatutako ekitaldi guztietan.

Lan handia izan duzue egitaraua antolatzen?

Bai, azken lau hilabeteotan batez ere. Jai batzordearentzat oso gogorra izan da jaiegun hauek guztiak antolatzea. Bost egun izango dira, egitarau zabalarekin eta gustu guztietako jendearentzat. Gainera, ez gara asko hemen lan egiten dugunok; hortaz, bakoitzak izan dugun lan karga itzela izan da. Hala ere, espero dugu ezbeharrik ez izatea, eta guztiok ondo pasatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.