ETB

Gazteen musika talde bat osatuko dute ETB3ko '3zpa4!' saioan

Egunero emango dute saio berria, 20:30ean. Bestetik, 3txulo berritua itzuliko da datorren astelehenean.

'3zpa4' saioko protagonistak. UROLA KOSTAKO HITZA
urtzi urkizu
2018ko apirilaren 3a
11:28
Entzun

Ander Elordui, Maitane Lopetegi, Ekain Ibarguren eta Mikele Arizkorreta gazteak tailer zahar batean bilduko dira, eta musika talde bat osatzea da haien helburua. Astero musika emanaldi bat prestatzen ibiliko dira, asteko bideoklipa aurkezteko. Hori da ETB3ko 3zpa4 saio berriaren oinarria. Datorren astelehenean estreinatuko dute programa. Baina, aurretik, 1, 2...3zpa4 saio bereziak emango dituzte bihar, etzi eta etzidamu (20:30). Lau protagonistek lehen topaketa ikusi ahalko da programa horietan. Taldeak batik bat abesti ezagunen bertsioak egingo ditu bideoklipetan.

ETB3 indartzeko asmoz sortu dute gaztetxoeei zuzendutako saio berria. Gainera, 3txulo berrituaren atalak ematen hasiko dira datorren astelehenean (08:15). Atal berriak izango ditu programak: Pika-Pika izenekoan, bideoklipak eskainiko dituzte; Top-era! sailean, zerrendak osatuko dituzte; 3zpa4! saioko gazteek egiten dutenari begira ere jarriko dira Xbel (Zuriñe Hidalgo), 2ttor (Iker Galartza) eta 4ra (Amancay Gaztañaga).

Bi saioak elkarlanean egingo dituzte Pausoka eta Baleuko ekoizpen etxeek. Zuzendaria Itziar Gomez izango da. "ETB3k behar zuen apustua da 3zpa4 saioa", esan du Gomezek —Goenkale, Irrikitown eta Go!azen saioetan aritutakoa da, besteak beste—. Iragarri du  3zpa4 saioko taldearen kontzertu bat antolatu nahiko luketeela uda parterako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.