Gaztelerazko film batekin itzuli da zinema ETB1era, eta hainbaten haserrea eragin du horrek

'Zinea Zetaz' saioa gaztelerazko film batekin hasi da, 'Érase una vez en Euskadi', nahiz eta euskarazko izenburua iragarri: 'Bazen behin Euskadin'. Filmean, azpidatzietara mugatu da euskara. Filmak %0,4ko pantaila kuota izan du: 2.000 ikusle. Aurretik, Itziar Ituñok bost minutuko sarrera bat egin du.

Atzo ETB1en eman zuten filmaren irudi bat. IñAKI BIAIN, @IBIAINSA
jon ordonez garmendia
2023ko irailaren 15a
09:46
Entzun

«ETB1en espainolez ematen ari dira filma, euskarazko azpidatziekin? Gustu txarreko txistea da?», galdetu zuen X sare sozialean Administrazioan Euskaraz Taldea kontuak. Eta ez zen bakarra izan. Zinea Zetaz ETB1eko saio berriak euskaldunak sutu zituen atzo, lehen filma gazteleraz emateagatik; azpidatzietara mugatu zen filmean euskararen presentzia. «Euskaldunoi egindako adar jotze larria, Euskal Telebista! Esperantza genuen 10 urteren ondoren euskarazko zinema saio bat egongo zelako... baina lehen filma espainieraz bota dute», salatu zuen Harlock Kapitaina kontuak. «Ba, gogoa nuen saioa ikusteko, baina pelikula gazteleraz zela ikusi dudanean ETB1 amatatu dut. ETB1en zinea zetaz idatzi beharrean, 'C' hizkiarekin idazten da», azaldu zuen Baloia Sarera kontuak. Ironia erabili duenik ere bada: «Euskaraz irakurtzeko zaletasuna bultzatzeko kanpaina bitxia ETB1en, antzezle ospetsuek aurkeztuta eta zetazko metrajean», zioen Pello Mikelenak.

Atzo gauean, zinema ETB1era itzuli zen. «Aspaldiko partez, zinemari eskainitako programa bat euskaraz egingo du ETBk», idatzi zuen BERRIAn Urtzi Urkizu kazetariak atzo. Eta itzuli, itzuli zen, baina ez ikusleek espero zuten moduan, ezta ETB1en beharko lukeen moduan ere. Iragarria zuen EITBk Zinea Zetaz saioan Euskal Herriko ekoizpenak emango zituztela, eta euskarazkoez gain, gaztelerazko filmak ere emango zituztela. Baina, ETBn eta pantailetan orokorrean euskarazko ikus-entzunezkoen aldeko gizarte mugimendu sendo bat dagoen honetan, inork ez zuen espero gaztelerazko film batekin itzuliko zenik zinema ETB1era. Filmak euskarara bikoiztuta egotea espero zen.

Ikusle asko engainatuta sentitu ziren. «Baina, baina... zer da hau? Filma gaztelaniaz da. Euskarazko azpititulu txikiekin. Zergatik ez dute bikoiztu?», galdetzen zuen X-n Iñaki Biainek. Eta ez zen gutxiagorako. Egia da EITBk ez zuela iragarri Euskal Herrian ekoiztutako gaztelerazko filmak bikoiztuta emango zituenik, baina atzo eman zuten filma euskarazko izenburuarekin iragarria zegoen, Bazen behin Euskadin, eta horrek pentsarazi zuen euskaraz emango zutela. Bikoizketarik ez zen izan, ordea, eta Érase una vez en Euskadi eman zuten, euskarazko azpidatziekin.

BERRIAk jakin duenez, filmaren ikusle kopurua ez da ona izan. %0,4ko pantaila kuota izan zuen: alegia, 2.000 ikusle. ETBk ez du iragarri Zinea Zetaz saioak zenbat atal izango dituen, baina lehen pelikulen izenburuak eman ditu. Guztiek euskarazko izenburua dute (pertsona baten izen propioa izenburutzat dutenak alde batera utzita): Bazen behin Euskadin, Nora, Ane, Ilargi guztiak eta Handia. Atzokoa ikusita, ikusi egin beharko da zer hizkuntzatan emango dituzten.

Atzoko filma hasi aurretik, Itziar Ituño aktoreak bost minutuko sarrera bat egin zuen. Bera eta Eneko Sagardoi txandakatuko dira saioan lan horretan. Nabarmentzekoa da Sagardoik atzoko saioaren aurretik esandakoa, euskarazko zinema saio bat egotearen garrantziaz galdetuta: «Garrantzitsua da, zinemazale euskaldunak existitzen garelako, eta batez ere zinemazale euskaldunak existitu daitezen».

Primeran plataforman ere, gazteleraz

Ez ETB1en bakarrik. Gaur abiatu den Primeran plataforman ere film hori euskaraz ikusi nahi izanez gero, hautu hori egin arren, atzo ETB1en eman zuten moduan ikusiko du erabiltzaileak: gazteleraz, euskarazko azpidatziekin.

Joan den larunbatean, hain zuzen, Euskal Herriko 31 eragilek agerraldi jendetsua egin zuten Gasteizen, eta «kezka» agertu zuten Eusko Jaurlaritzak euskarazko kulturaren eta euskarazko ikus-entzunezkoen inguruan duen jarrerarekin. Azaldu zuten uste dutela EITBren telebista kate eta irratietan gaztelerazko edukiei ematen zaiela lehentasuna, eta «zokoratuta» dagoela. Horregatik, kanpaina bat abiatuko dute Eusko Jaurlaritzari eskatzeko kultura eta ikus-entzunezkoen politikak «errotik» aldatzeko. Aldatu Gidoia Euskararen alde leloa izango du kanpainak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.