Laurehun mezu baino gehiago ditu irakurri gabe Lidon Soriano Yala Nafarroa Palestinarekin plataformako bozeramaileak (Castello, Herrialde Katalanak, 1967). Uztailaren 6an, plataformako kide Eduardo Iberorekin eta Dyna Kharratekin batera, Iruñeko sanferminetako txupinazoa jaurti zuen. Haren Stop genocide, free Palestine (Genozidioa amaitu, Palestina askatu)garrasiaren oihartzuna Iruñeko kaleetan eta nazioarteko telebistetan barna zabaldu zen.
Zer moduz duzu eztarria?
Uste dut oraindik ez zaidala osatu; ez dakit ez ote dudan ahots kordaren bat izorratu. Gainera, etengabe ari naiz hitz egiten.
Kalean zurekin egoteko gelditzen den jendearekin?
Bai, etengabe gertatzen da. Maitasun adierazpenak jasotzen ari gara handik eta hemendik, eta eskerrak ematen dizkigute egiten dugunagatik. Badakigu ez dela guregatik. Hiri honek argi adierazi duen mezu bat helarazten duen plataforma gara, besterik ez.
Aurten inoiz baino jende gehiagok eman du botoa zuek suziria botatzeko. Zergatik dago hainbesteko batasuna Palestinaren eta Euskal Herriaren artean?
Zalantzarik gabe, nortasun gatazkaren bat izan duten eta beste norbaiten botereak zapaldu eta isilarazi dituen herriek sentiberatasun handiagoa dute. Nire ustez, hezkuntzaren bidez transmititzen da hori.
Txupinazoan jai giroa eta Palestinaren aurkako genozidioaren salaketa nahastu ziren. Nahastu daitezke halakoak?
Hasieran, irizpide desberdinak egon ziren. Ni ezin naiz asko egon kalean, tripak nahasten zaizkit eta; arima zatitzen zait. Baina, azkenean, bertan egotea erabaki genuen, bizitza horixe baita: poza eta tristura. Nolabait ere, uste dugu erreibindikazioa festara ekarrita bizitzeko eta pozik egoteko eskubide hori aldarrikatu genuela palestinarrentzat.
Zer mezu zabaldu nahi izan duzue?
Palestinarren aurkako genozidioa gelditzea nahi dugu, baita Europako potentziek Israelekin dituzten harremanak haustea ere. Genozidioa amaitzeko bidea erasotzailea bakartzea da.
Txupinazoa nork botako zuen erabakitzeko orduan, planteatu zenuten palestinar batek botatzea?
Horrek haserre handia sortu du jendearen artean. Hasieratik argi zegoen nor izango ginen hiru lagun horietatik bi, bozeramaileak baikara, baina, hirugarrena hautatzeko, hainbat aukera egon ziren. Atera zen palestinar bat izateko aukera, baina erabaki genuen hala ez egitea. Ez daude pertsona palestinar asko plataforman sartuta, eta, bestalde, plataformatik gertu dauden palestinarrek ez dute jendaurrean azaldu nahi. Israel begira dago. Azkenean, erabaki zen Dyna Kharratek ere botatzea.
Stop genocide, free Palestine oihukatu zenuen. Europak ez dezan ez ikusiarena egin?
Bai, ez nien besteei esan. Aspalditik ditut loturak Palestinarekin, eta loturak ez dira politikoak bakarrik, pertsonalak ere badira. Ateak ireki zirenean, barrutik atera zitzaidan oihua.
Ezin izan zenuten Palestinako bandera atera?
Argi utzi ziguten hori ez zela posible: debekatuta zegoen. Eta niri ez zaizkit banderak gustatzen, horregatik ateratzen gara kufijarekin, Palestinako herritarren berezko sinboloarekin.
Suziriaren metxa erre arte itxaron behar zenuten. Urduri zineten?
Bai, beste oihu bat atera zitzaidan orduan: «Gora Palestina libre!». Uste nuen sionistek lokarria aldatu zigutela!
Palestinatik mezuren bat jaso duzue?
Bai, mezu asko jaso ditut. Genozidioa amaitzeko, gure enpresek eta gobernuek Israelekin duten konplizitatea amaiarazi behar dugu; ezin da desio hutsa izan. Adibidez, urteak daramatzate ahaleginak egiten CAF tren enpresak Jerusalemgo tranbiaren eraikuntza lanak utz ditzan.
Palestinaren egoeraren inguruan desinformazio asko dagoela uste duzu?
Bai. Ematen ditudan hitzaldietan, batzuek esaten dute: «Ikusten dut Palestinako herritarrak hiltzen ari direla, baina israeldarrek ere sufrituko dute, ezta?». Azaldu behar diet ez dela gerra bat, kolonizazio proiektu bat baizik. Sionistek erabaki dute lur hori bereganatu behar dutela, eta bertako jendea botatzen eta hiltzen dute.
Garrantzitsua da sanferminetan Palestina presente egotea?
Bai. Palestinarrek eskatutako gauzetako bat da Palestinaz etengabe hitz egin dezagula. Badakite hain txikiak izanik ez garela gai izango Israel gelditzeko. Baina jendea informatzen badugu arlo geoestrategikoan zerbait gertatzen denean, gizarte indartsu bat behar da bultzatzen jarraitzeko. Palestina gure egunerokoan presente egotea nahi dute, eta horixe lortzen ari gara: jendeak Palestinaz hitz egitea.
LOTSABAKO