Gernikaren dimentsioak

Zumetak margoturiko koadroarekin egindako 3D animazio filmaren inguruko erakusketa zabaldu dute

Angel Sandimasek zuzenduriko filmeko irudi bat. ANGEL SANDIMAS / BERRIA.
Erredakzioa
2014ko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Picassoren Gernika (1937) koadroaren bertsio koloretsu bat egin zuen Jose Luis Zumeta margolariak 1999. urtean. Lan horren inguruan, 3D animazioko film laburra egin zuen gero Angel Sandimasek. Gernika-Lumoko (Bizkaia) kultur etxean joan zen astean irekitako Mihisetik pantailara erakusketan, koadroa film bihurtzeko prozesua erakusten dute.

Hiru metro eta erdi da zabalean Zumetaren koadroa, eta kolore bizi eta garratzak erabiltzen ditu, Mikel Laboaren ahots urratuarekin bat. Izan ere, musikariaren Gernika pieza erabili zuten filmaren soinurako. Zumetak erabilitako artelanen bidez kontatzen dute filma egiteko bidea.

Filma bera ikusgai dago Gernika-Lumon, baita Zumetak buztinez eginiko bost eskultura zein gouache teknikarekin paper gainean eginiko hogei zirriborro ere.

Erakusketak lau atal ditu: lehenengoan, margolana eta filma aurkezten dituzte. Bigarrenean, Zumeta eta Mikel Laboaren soslaia egiten dute, eta biek elkarrekin eginiko hainbat lanen berri ematen dute. Hirugarrenean, filma erakusten dute, eta, azkenean, hura nola egin zen azaltzen dute hainbat panelen bitartez. Lau urte behar izan zituzten filma egiteko. 2012ko apirilaren 26an estreinatu zuten, hiriaren bonbardaketaren 75. urteurrenarekin bat, Donostiako Giza Eskubideen Zinema Jaialdian.

ERAKUSKETA

Noiz. Maiatzaren 20ra arte.

Non. Gernika-Lumoko kultur etxean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.