Atzekoz aurrera

Gero arte baten sinfonia

Urdaibai Bird Centerretik igarotzen dira Afrikara doazen hegazti migratzaile asko. BERRIAlagunek bertatik bertara ezagutu dute zentroa.

Txantxangorri bat, gaur, Gautegiz Arteagako Urdaibai Bird Centerren. GORKA RUBIO / FOKU
Txantxangorri bat, gaur, Gautegiz Arteagako Urdaibai Bird Centerren. GORKA RUBIO / FOKU
amaia igartua aristondo
Gautegiz Arteaga
2025eko urriaren 18a
16:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ezusteko erabat aproposa izan da: txantxangorri baten kantua aditu da bisita hastear zegoela. Doinuak heldulekua eman dio Edorta Unamunori esplikatzeko zer-nolako hegaztiak ailegatzen diren Urdaibai Bird Centerrera (Gautegiz Arteaga, Bizkaia). «Entzun duguna euskalduna da», esan du irribarretsu, «baina %90ek letonieraz, suedieraz edo errusieraz egiten dute». Afrikarainoko bide luzean, hegazti migratzaile askok Urdaibaiko paduretan hartzen dute atseden, Aranzadi elkarteak lagundutako zentroaren aurre-aurrean, eta, han, topo egiten dute bertoko beste txori batzuekin. Flamenko talde bat lo dago larunbat goizeko eguzki epeletan, egur artean kamuflatutako istingorra ere harrapatu du zentroko kamerak, eta hainbat ahate espezie elkarri mokoka ari dira. Hogei BERRIAlagunek aukera eduki dute horiek guztiak ikusteko.

(ID_15429370) (Gorka Rubio/@FOKU) 2025-10-18, Gautegiz-Arteaga. Esperientzia Urdaibai Bird Centerren
Edorta Unamuno, eskuetan amilotx urdin bat daukala. GORKA RUBIO / FOKU

Eraztunek ematen dute jatorriaren berri. Urtean halako bost milioi ipintzen dituzte guztira Europan, Unamunok nabarmendu duenez. Urdaibai Bird Centerreko ikerlariek hamabost egunean behin zabaltzen dituzte zentroaren kanpoaldean dauden sareak, hegaztiak harrapatzeko eta eraztunak jartzeko; gero, aske uzten dituzte berriro. Uztai horien bidez, kode bat ezartzen diote animalia bakoitzari, «NAN zenbaki bat», baita helbide bat ere, eta horri esker jakin daiteke non jarri dieten eraztuna, nork, animalia bera nola zegoen... Jokin Egiak zozo bat atera du aurreneko poltsatik. «Zozoa luma nabarrekin jaiotzen da, eta, negua pasatzeko, gorputzekoak aldatu egiten ditu, baina hegoetakoak ez; zozo helduek, ordea, goitik behera aldatzen dituzte luma guztiak», jakinarazi du Unamunok, eta ebazpena egin du jarraian, koloreen kontrastean oinarrituta: «Zozo hori aurten jaio da, kanpoko lumak oraindik marroiak ditu eta».

«Hemen bizi diren txoriek ez dute koipe askorik izaten, baina migratzaileek gehiago pilatzen dute, gasolina behar dute eta»

EDORTA UNAMUNO Urdaibai Bird Centerreko koordinatzailea

Eta agertu dira poltsetatik errekatxindorra, amilotx urdina eta hainbat txantxangorri. Egiak eraztuna jarri die banan-banan, neurtu eta pisatu ere egin ditu, eta Sirats Abaunza ibili da datuak jasotzen. Bien artean ezarri dute zer egunetan eta ordutan izan den harrapatua, baita zer sexutakoa eta adinetakoa den ere; halaber, muskulua eta gantza behatu dituzte bularra eta sabela estaltzen duten lumei putz eginez. «Hemen bizi direnek ez dute koipe askorik izaten, baina migratzaileek gehiago pilatzen dute, gasolina behar dute eta», kontatu du Unamunok. 

Zaindu beharrekoak

Izaki delikatuak dira hegazti migratzaileak: %70-80 urtebete bete baino lehen hiltzen dira. Eta, hala ere, balentria ikusgarriak egiten dituzte. Udaberrian hemen habia egiten duten enarak Boli Kostatik, Liberiatik eta Angolatik etortzen dira, eta bi aste eskasean egiten dute bidaia. Baina sendotasuna sendotasun, habitaten aldaketak eragin handia izan dezake haiengan. Korronteen kausaz, hondartzako harea Urdaibai barnealdeko lokatzak estaltzen eta desagerrarazten ari da poliki-poliki, eta eremu horiek ezinbestekoak dira txoriek jan dezaten; era berean, gizakien gehiegizko presentziak kalte egiten dio migrazio prozesuari.

(ID_15429392) (Gorka Rubio/@FOKU) 2025-10-18, Gautegiz-Arteaga. Esperientzia Urdaibai Bird Centerren
Zozo bat, eraztun eta guzti. GORKA RUBIO / FOKU
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.