Harresi guztien gainetik, sarraila guztien azpitik jasotako hitzak lelopean, saio berezia eskainiko dute gaur Lasarten (Gipuzkoa) 30 bat lagunek. Xirimiri elkartean izango da emanaldia, 19:30etik aurrera.
Poesia, eskutitzak, bertsoak, kontakizun musikatuak... Horiek guztiak entzuteko aukera izango da, ziegetatik jasotako olerki nahiz gogoetak. Gainera, gaurko saioa grabatu eta DVDan banatuko dute, eta testu gehiago jasotzean beste ekitaldi bat egiteko asmotan dabiltza.
Antolatzaileek adierazi dutenez, preso dauden herritarren berri ahoz aho jasotzen dute gehienetan; oraingoan, berriz, paper batean giltzapetuta geratu dira haien bizipenak. Hamaika istorio kontatzen dituzte presoek kartzelan idatzitako testuek: nola dauden, zerekin aurkitzen diren, nola aurre egiten dioten egunerokoari... Horiek herritarrekin partekatu nahi izan dituzte gaurko antolatutako ekimenean.
Errezitaldiaren ondoren, afaria antolatu dute Lasarteko presoen senide eta lagunek. Txartelak aldez aurretik eros daitezke Xirimirin bertan, Ilargin eta Artizarren.
'HARRESI GUZTIEN GAINETIK, SARRAILA GUZTIEN AZPITIK JASOTAKO HITZAK'
Noiz. Gaur, 19:30ean.
Non. Lasarte-Orian (Gipuzkoa), Xirimiri elkartean.
Giltzapetik datozen gogoetak
Presoek idatzitako testuekin errezitaldia emango dute gaur Lasarten, Xirimiri elkartean, 19:30ean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu