Gipuzkoako Elikagai Bankuak eta Amara Berri auzo elkarteak abestuko dute 'Artillero' Donostiako Aste Nagusian

300 jarduera baino gehiago prestatu dituzte Donostiako festetarako. Besteak beste, Aste Nagusia beste eremu batzuetara zabalduko dute, eta 60. Su Artifizialen Nazioarteko Lehiaketa ospatuko dute.

Iñaki Olasagasti, Eneko Goia, Jon Insausti eta Belen Mendez de Vigo gaur, Donostiako Aste Nagusiko programazioaren aurkezpenean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Iñaki Olasagasti, Eneko Goia, Jon Insausti eta Belen Mendez de Vigo gaur, Donostiako Aste Nagusiko programazioaren aurkezpenean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Donostia
2025eko uztailaren 28a
16:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Ikonikoa, berritzailea, aktiboa, zapore onekoa, biribila eta handia». Jon Insausti Donostiako Udaleko Turismo, Kultura eta Euskara zinegotziaren arabera, ezaugarri horiek izango ditu aurten Donostiako Aste Nagusiak. «Ikonikoa», aurreko aldietan ondo funtzionatu duten ekintzei eutsiko dietelako; esaterako, urteroko kanoikadari. «Berritzailea», «arriskatu» egingo dutelako, besteak beste, Holi Festaren bidez kaleak kolorez blaituz. «Aktiboa», kirola eta natura uztartuko dituztelako. Eta «zapore onekoa», gastronomiak garrantzi handia izango duelako; horren erakusgarri dira paella, legatz eta txipiroi txapelketak. 

Aurten, Gipuzkoako Elikagai Bankua eta Amara Berri auzo elkartea izango dira Aste Nagusiaren hasierako protagonistak; haiek abestuko dute Artillero abuztuaren 9ko kanoikadan. Elikagai Bankukoek Hiritar Merezimenduaren domina jaso dute aurten; Amara Berrikoei, berriz, eskerrak eman nahi dizkiete auzo horretan zenbait jarduera antolatzen dituztelako eta, bide batez, festa erdialdetik haragoko auzoetara eramaten dutelako. Belen Mendez de Vigo Gipuzkoako Elikagaien Bankuko presidenteak eskerrak eman dizkio udalari haien eguneroko lana kontuan izateagatik. Modu berean, Iñaki Olasagasti Amara Berri auzo elkarteko kidea eskertuta azaldu da, eta esan du dagoeneko hasi direla Artillero abestia entseatzen.

Abuztuaren 9tik 16ra izango da Aste Nagusia Donostian, eta, gaur, egun horietako programazioa aurkeztu dute Uliako Mintegietako parkean. Bertan izan dira Eneko Goia Donostiako alkatea, Jon Insausti Turismo, Kultura eta Euskara zinegotzia eta Jokin Telleria IV. Dantz Point Aste Nagusiko jardueraren zuzendaria. Omendutako bi elkarteetako kide banak ere hartu dute hitza.

Hain zuzen, guztira 387 jarduera egingo dituzte Donostiako 34 lekutan. Boluntarioez gain, kultura eta kirol arloetako 2.400 profesionalek parte hartuko dute. «Zuengatik izan ez balitz, Aste Nagusiak ez luke mereziko», nabarmendu du Eneko Goiak.

Berrikuntzak

Su Artifizialen Nazioarteko Lehiaketaren 60. aldiak «berezi» egingo ditu aurtengo festak. Izan ere, 60 urteotan saria lortu duten su etxeek piztuko dute zerua. Ildo beretik, Aste Nagusia ikuskizun «piromusikal» batek itxiko du: Izarok, Janus Lesterrek eta Joselontxos txarangak joko dute. Jarraian, Kontxako badiaren gainean laser ikuskizun bat egingo dute, DJ emanaldi batekin batera. 

Beste berrikuntza bat zera da, Uliako Mintegien parkea izango dela musika elektronikoaren topaketa gunea, Dantz Point-en eskutik. Jokin Telleria antolatzaileak azaldu du jendeak leku hori «ezagutzeko» eta «ingurumena errespetatzeko» jarduera bat izango dela. Emanaldiak egunez izango dira, eta tokiko artistek parte hartuko dute.

Era berean, lehenengo aldiz, bidaia musikatu bat egingo dute Urumean zehar; Iker Laurobak zuzenduko du, eta kanoetan musika entzuteko aukera izango du jendeak.

Bestalde, Donostiako alkateak adierazi du aurtengo kartelak «ondo baino hobeto irudikatzen duela Aste Nagusiaren izaera». Kartelean adin guztietako jendea azaltzen da: «Pertsona orok du lekua Aste Nagusiko eskaintzetan». Horregatik, zarata gogoko ez dutenentzat musika kenduko dute feria guneetan, zenbait egunetan eta ordutan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.