Ajea ez da aitzakia izan bilbotarrentzat. Askok goizeko lehen orduan tramankulu guztiak hartu dituzte, eta Areatzara joan dira, tortilla lehiaketara. Batzuk gogo gutxirekin ibili dira patatak zuritzen, oraindik aurpegia Pinpilinpauxa konpartsako purpurinaz betea dutela. Nahiz eta nagia nabaria den Aste Nagusiko goizetan, gas usainak eta karpek Areatza guztiz betetzen dute urtero. Izan ere, tortillena da lehiaketa gastronomiko guztietatik ospetsuena Bilboko Aste Nagusian.
Ikusi gehiago
Izena emateko ilara amaigabea zen epea zabaldu eta ordu erdi geroago. «Ilarak Areatzari buelta eman dio ia!», nabarmendu du esatariak mikrofonotik. Aurten 350 tortilla baino gehiago aurkeztu dituzte-eta lehiaketan. «Epaimahaikoak pozik egongo dira», esan du umorez esatariak. Hala ere, ez da tortilla gehien aurkeztu diren urtea, egin du ñabardura, orain dela bost urte 500 baino gehiago aurkeztu baitzituzten.
Parte hartzaile askok urtero-urtero hartzen dute parte; batzuek ahaztua dute jada zenbat aldiz aurkeztu diren. «Zenbat urte daramatzagu etortzen?», galdetu dio Estibaliz Saizek bere lagunari. Bada, hamar urte inguru kalkulatu dituzte bien artean. «Behin hamazortzigarren postuan geratu ginen», kontatu du Saizek, lagunak patatak mozten dituen bitartean.
«Jaietako eguneko plana da: jaiak ez dira bakarrik txosnak gauean; gustatzen zaigu batzea eta egun osoa batera pasatzea»
IÑAKI SASTRE Tortilla txapelketako parte hartzailea
Badaude beteranoagoak ere, Iñaki Sastreren moduan. Haren kuadrillaren hamabosgarren urtea da jada, eta esperientzia horren adierazle da haien karpa, urdaiazpiko hanka eta guzti. «Ja oso prestatuta gaude; hurrengoan trailer bat ekarri beharko dugu gauza guztiak lehorreratzeko», adierazi du Sastrek. Haren kuadrillarentzat tradizio bihurtu da tortilla lehiaketan parte hartzea. «Jaietako eguneko plana da: jaiak ez dira bakarrik txosnak gauean; gustatzen zaigu batzea eta egun osoa batera pasatzea».
Badaude esperientzia gutxiago daukatenak eta mahai txiki batekin eta kanpineko sukaldearekin nahikoa daukatenak ere. Esaterako, Maddi Castillo eta haren bi lagunen lehen aldia da lehiaketan, eta, nahiz eta tramankulu gutxirekin etorri, prest daude irabazteko. «Lehen postua!», esan du kuadrillako lagun batek zer espero duten galdetuta. «Itxaropena da galdu behar den azken gauza», gehitu du Maddik.Â
Batzuek lan, besteek jan
Talde asko hiru edo lau lagunez osatuta daude, baina badaude hamaika lagunez osatutakoak ere. Hala ere, esku guztiek ez dute lan egiten; talde askotan agerikoa da sukaldaria nor den. Izan ere, hain ohikoa eta barregarria den egoera nabarmena da karpa askotan: bat lanean eta besteak begira, edo saltxitxoia jaten. Hala ere, konpainia da askorentzat garrantzitsuena. Zelan izango zen posible tortilla on bat egitea animatzailerik gabe?
Sukaldari rola hartu duen horietako bat da Beñat Romera, Paya konpartsako kidea. «Bakarrik utzi naute patatak mozten», kontatu du Romerak. Konpartsako kideen lehen aldia da patata-tortilla txapelketan; hala ere, Romerak kontatu duenaren arabera, beste lehiaketa batzuetan parte hartu dute: «Lehengo urtean txipiroi lehiaketara aurkeztu ginen, eta ondo, pozik geratu ginen, baina tortilla egitea baino zailagoa da». Horregatik batu dira aurten lehiaketara: «Uste genuen tortilla errazagoa izango zela, baina ez dakigu oso ondo zelan aterako den».
«Kipulagaz beti, bestela sakrilegioa da»
MARIMAR BOILLOS Tortilla txapelketako parte hartzailea
Izan ere, patata tortillak baditu bere zailtasunak, eta horien artean zailena osagaiak erabakitzea da. Kipula, bai edo ez? Eta piperrak? Piperrei dagokienez, txapelketan ezin dira erabili. Eskerrak Marijaia bertan ibili den lehiakideek tranparik egin ez dezaten ziurtatzeko. Kipularena da buruhausteetako bat: askorentzat beharrezkoa da gehitzea. Marimar Boillos urtero etortzen da bere lagun taldearekin batera, eta argi du: «Kipulagaz beti, bestela sakrilegioa da».Â
Aurten ere kontuan hartu behar izan dute boladan dagoen joera: tortilla likidoa, moztean urtzen ari dela dirudiena. Jose Luis Rubio Madrilgoa da, eta Carlos Ubina Tenerifekoa (Espainia). Rubioren hirugarren aldia da tortilla sukaldari gisa; Ubinarena, berriz, lehena. Bakoitza tortilla bat egiten ari da, baina biek argi dute zelan kozinatuko duten: «Gure asmoa gutxi egitea da». Badaude iritzi horren kontrakoak ere. «Mamitsua izatea gustatzen zaigu, baina ez likidoa», argitu du Estibaliz Saizek.Â

Errezetaz aparte, hainbat aukera daude izenei dagokienez ere. Romeraren taldeak, adibidez, konpartsaren izena erabili du: Paya. Boillosen taldea bi konpartsatako kideek osatu dute: Zaratasekoek eta Aixeberrikoek. Beraz, izena argi izan dute: Zaraberri. Konpartsakide ez direnek, berriz, izena gehiago pentsatu behar izan dute, eta ia denek lagun taldearekin zerikusia duen bat erabiltzea erabaki dute, hala nola El txoko de las hadas, Rusak, Nahaste-Borraste, La Graciosa eta Black Mamba.
Hala ere, izena aukeratzea ez da tortilla on bat egiteko gako bakarra. «Lagunak dira gakoa: garrantzitsua ondo pasatzea da», azaldu du Iñaki Sastrek. Iritzi berekoak dira Areatzan batu diren talde gehienak. «Ez daukagu intentzio handirik zerbait irabazteko: goiz ona pasatzea, eta listo», azpimarratu du Romerak. Izan ere, ezin da tortilla on bat egin giro onik gabe.