Ekintzailea

Mikel Irizar: «Gizarte ekimena, erakundeen ahalmenarekin uztartuta, funtsezkoa da herria garatzeko»

Ardurak hartzen erakutsi zion aitak, eta horretan pasatu du ibilbide osoa Mikel Irizarrek. Arrasaten ekosistema egokia topatu zuen ekiteko: herrigintzan eta euskaltzaletasunean garatzeko. «Herri mugimenduaren adierazpenik garatuena Debagoienean dago».

Mikel Irizar, aste honetan, Elorrioko Mendraka auzoan. GORKA RUBIO / FOKU
Mikel Irizar, aste honetan, Elorrioko Mendraka auzoan. GORKA RUBIO / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Elorrio
2026ko otsailaren 8a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Elorrioko Mendraka auzoko (Bizkaia) talaiatik begiratzen dio munduari Mikel Irizarrek (Ormaiztegi, Gipuzkoa, 1954). «Nire bizitza ekintzailetza izan da. Tren asko pasatu da nire etxe aurretik, eta denak hartu ditut». Trenak baino lehenago, autobusak hartuko zituen; ezin bestela Irizar batek Ormaiztegin. Aitaren heziketak markatu du; hori dela eta, ardurak hartzeko joera izan du bere ibilbide osoan: Arrasate Komunikabideak-en, Goiena-n, Tokikomen, Kutxan, Topagunean, Gipuzkoako Foru Aldundian, Soziolinguistika Klusterrean, Eusko Ikaskuntzan, baita osasun klinika batean eta aroztegi batean ere. «Beti izan da: estimulatu, ekimena hartu, ardura hartu». Ekin egin du, eta handik ikasi. Adrenalinarik gabe bizitzen ikasten ari da orain, eta baliagarria zaio bere bizitza berrikustea eta handik ondorioak ateratzea. Horretan ari da Goiena-n duen blogean: Ekin eta ikasi. Honako hau ekin eta ikasi duenaren lagintxo bat baino ez da.

Irizar abizeneko ormaiztegiarra zara... Ezin da lotura saihestu.

Hala da. Irizar enpresa familiar bat zen, eta aitak hartu zuen ardura. Zazpi seme-alaba zeuzkan, eta ni nintzen mutiletan zaharrena: oinordekoa. Oso umetatik prestatu ninduen oinordekoa izateko. Saltoa jotzeko, finantzaketa behar zuten, kooperatibak orduantxe ari ziren sortzen, hari planteamendua gustatu zitzaion, eta kooperatiba egin zuten. Kooperatibak ez dira heredatzen. Hala ere, oso haurtzaro exijentea izan nuen: 7 urterekin Donostiara, ezagutzen ez nuen familia batera; gero, Italiara, ezagutzen ez nuen beste familia batera, italiera ikastera; Donibane Lohizunen egin nuen beste ikasturte bat, bost urte Tolosako eskolapioetan, hiru urte Iruñean... Aitaren intentzioa ni prestatzea zen: obsesioa zeukan. Gaitasun handiak zeuzkan, baina gabezia handiak bere formazioan; nirekin konpentsatu nahi zituen. Ez dut esango traumatikoa izan zenik, baina bai gogorra.

Noiz euskaltzaletu zinen?

Kontzienteki, Madrilen. Aitak Irizar utzi zuenean, eta Columbian urtebete egin eta gero, Madrilen aurkitu zuen lana. Familia osoa joan ginen; arreba zaharrena hemen geratu zen. 1971 izango zen... Artean Franco bizi zen. Kontzientzia politikoa hartuz joan ginen, eta ikusi genuen euskarak nortasuna ematen zigula. Eusko Ikaskuntzaren Oñatiko 1918ko kongresuko liburukotea zuen aitak, eta irakurri egin nuen: herri proiektu bat zen. Madrilen kontzienteki erabaki nuen euskalduna nintzela: Euskal Herrikoa eta euskal hiztuna.

Hara joan zinen unibertsitatera?

Bai, eta enpresagintza ikasi nuen; ez bokazioz, baizik eta inertziaz. Ez nuen bukatu. Ordurako ja politikan Euskal Herriarekin gero eta lotuago, Fatima [Aranzabal] ezagutu nuen politikari esker 1976an, Franco hil zen... eta Euskal Herrira etorri nintzen.

«Hainbeste lekutan ibili eta gero, ni sozialki arrasatearra naiz, debagoiendarra. Debagoienak definitzen nau ni»

ESBkoa zinen.

Bai. Klandestinitatean ESBn ibili ginen, eta 1977ko lehenengo hauteskundeen aurreko giro hori dena bizi izan nuen, trantsizioa, Xibertako gatazka, Altsasuko mahaia, HBren sorrera... Saltsa horietan denetan ibilita, alderdien logika ez zetorren bat nirekin. Herrigintza beste gauza denen gainetik zegoen niretzat, eta alderdien logikak eskatzen zuen gureak beti defendatu behar direla eta besteei beti eraso egin behar zaiela. Konturatu nintzen hor egiturazko arazo bat neukala, nire buruak ez zuela funtzionatzen alderdi logikak eskatzen zuen bezala. Orduan, 1980an, utzi egin nuen, eta harrezkero guztiz libre ibili naiz.

Beasaingo klinikan eta Tantai kooperatiban aritu ostean, Kutxan hasi zinen lanean. Arrasatera Kutxagatik iritsi zinen?

Ez, Fatimagatik. 1976an ezagutu nuen. Uztailaren 18an —oraindik jai zen— ESBko gazteen bilera bat izan genuen Durangon, eta, karmenak zirenez Zornotzan, hara joan ginen. Orduan hasi ginen dantzan, eta oraindik ere dantzan segitzen dugu. Aurten 50 urte egingo ditugu batera. Fatima Arrasatekoa da, eta 1988an joan ginen hara bizitzera. Orduan hasi ziren AED [Arrasate Euskaldun Dezagun euskara elkartea], ATB [Arrasate Telebista] eta horiek denak. Herrigintzan nire garapena Arrasaten gertatu da. Ekosistema egokia topatu nuen autoeraketan, autogestioan, herrigintzan eta euskaltzaletasunean garatzeko. Hainbeste lekutan ibili eta gero, ni sozialki arrasatearra naiz, debagoiendarra. Debagoienak definitzen nau ni, batez ere; oraindik iruditzen zaidalako herri mugimenduaren adierazpenik garatuena hor dagoela: euskararen esparruan, toki komunikabideen esparruan, kooperatiben esparruan... Esparru horiek denak herri antolamenduaren adierazleak dira.

AEDn hasieratik aritu zinen?

Geroxeago batu nintzen. AEDra hurbildu nintzen Arrasatera bizitzera joan ginenean, Arrasate Press-en kolaboratzen hasi nintzenean. Hango saltsetan inplikatzen hasi nintzen: Arrasate Press, Arrasate Telebista... Arrasate Press-ek segituan izan zuen arrakasta, eta lan talde dexente bat zuen. Gero telebista sortu zen, eta horrek ere beste talde bat sortu zuen. Baina, azkenean, AEDk gobernatzeko lan handia bihurtu zen hori. Oso dinamika eta erritmo diferenteak dira euskararen sustapenean jardutea, luzera begira, edo komunikazio enpresa bat kudeatzea. Erabaki zuten elkarte bat sortzea komunikabideak kudeatzeko, propio. Arrasate Komunikabideak [ARKO] sortu zen horrela 1990ean, eta lehendakari izatea proposatu zidaten. Logika enpresarial bat sortu genuen.

Eta, horrekin lotuta, profesionalizazioa.

Telebista bat ezin da borondatezko lanez egin. Arrasate Press-en arrakastaren arrazoietako bat izan zen teknologikoki aurreratua zela. Telebista aurrera ateratzea, baina, zailagoa zen. ARKOren lehen erronka izan zen Arrasate Press eta telebista nahastea. ARKO multimedia gisa planteatu genuen. Arrasate Komunikabideak izan zen euskarazko lehenengo multimedia. Informazio bera euskarri batean hiru aldiz ematea baino askoz eraginkorragoa da hiru euskarritan behin ematea.

«'Arrasate Press' izan da euskarak lehia librean irabazi duen urrezko domina gutxietako bat. Merkatu osoa hartuta, liderra zen»

Eta eredu izan zineten.

Arrasate Press izan da euskarak lehia librean irabazi duen urrezko domina gutxietako bat. Euskadi Irratia da beste bat Gipuzkoan. Merkatu osoa hartuta, Arrasate Press liderra zen. Sortu zenean bazeuden tokiko aldizkariak, baina Arrasate Press etorri zen, eta handik aurrera egin ziren denak eredu informatibo horretakoak izan ziren. 1990eko hamarkadan 60 herri aldizkari sortu ziren, eta oraindik ere irauten du horrek. Behetik gora eraikia izan da, zain egon gabe goitik zer datorren. Hor egindako ibilbideaz eta lortutakoaz oso pozik nago, eta nire ekarpenaz harro.

Beste pauso bat Goiena sortzea izan zen.

Batetik, El Diario Vasco euskarazko gehigarri bat ateratzen ari zen Debagoienerako, eta apustua serio egiten bazuten, gu txikitu gintuzketen, eta gero, nahi bazuten, aldizkaria erdaraz atera. Orduan, arriskua ikusi genuen. Bestetik, Euskaltel zegoen. Debagoienean zuntza sartzekotan ziren, eta gure telebistaren seinaleak hor egon behar zuen. Telebistaren kezka handiagoa zen ARKOn, telebista zeukalako; Jardun-en [Bergarako euskara elkartea, Berrigara astekariaren sortzailea], berriz, paperarena zen kezkarik handiena. Aldizkaria baino zerbait gehiago behar zela planteatzen ari ziren. Elkar hartzea, ez geneukan beste erremediorik, eta konturatu ginen dimentsio handiko kontua zela: egitura bateratu bat sortu, kultur elkarteen moldea utzi, eta enpresa egitura bat sortu. Arrasaten AEDk ARKOren esku utzita zeukan telebista, baina besteetan euskara elkarteenak ziren; prozesu hori bera egin genuen besteetan. Proposatu zidaten buru izateko, eta Kutxan eszedentzia hartu nuen.

Lankidetza publiko-sozialaren alde egin duzu beti.

Horixe izan da gakoa: udalak sostengatu, baina udalen zerbitzu bat izan gabe. Goiena iritsi zenean, euskara elkarteek izango zuten gehiengoa, eta udalek gutxiengoa. Horren oinarrian lankidetza publiko-soziala dago. Lankidetza publiko-pribatua dikotomia faltsu bat da, ez daudelako publikoa eta pribatua bakarrik: soziala ere badago. Gizarteko egiturek ez dute merkatuaren arabera funtzionatzen, baizik eta interes komunaren arabera. Herri hau ezin da azaldu hanka sozial hori gabe. Gizarte ekimena, erakundeen ahalmenarekin uztartuta, funtsezkoa da herria garatzeko. Hori da nire filosofia.

Goiena tokiko komunikazio talde bat baino askoz gehiago da, ezta?

Aitzindaria da. Hasieratik aritu da besteei laguntzen bideak egin ditzaten. Euskal Herri osoan 20-25 Goiena baleude, eta gainetik ezarriko balitzaizkie hedabide nazionalak —BERRIA, EITB...—... Euskal komunikabideen etxea bi solairutan irudikatu dugu: behean tokiko komunikabideak, zuztarretan komunitatearekin oso lotutakoa, eta hortik igogailuak goiko solairura; han beste dimentsio batekoak. Hori baino planteamendu hoberik ez dut ezagutu.

«Euskarak bakarrik ez du ezer egingo; euskarak, zeharka, beste eraldaketa prozesu sozial batzuekin batera aritu behar du»

Beste urrats bat: Tokikom.

Hori izan da hurrengo urratsa: Topagunean zeuden toki komunikabideak, euskara elkarteen eskuetan zeudenak, Tokikomen esku jartzea. Tokikomen bokazioa ere bada egitura kolektibo bat sortzea: Euskal Herriko toki komunikabideak integratzea, baina ez marka bakarrean, baizik eta erabateko funtzionaltasunari dagokionez. Kudeaketan, garapen teknologikoan...

57 urterekin hartu zenuen erretiroa Kutxan, eta Topaguneko buru izendatu zintuzten gerora.

Bai, 2011n. Hausnarketa prozesu batzuk izan ziren, eta zenbait bide zehaztu genituen mugimendua indartzeko. Mugimendu dimentsioa berreskuratzea zen planteamendua, eta horrela bihurtu zen Euskaltzaleen Topagunea. Fase berria hau zen: goazen euskararekin jendea dagoen tokietara. Hor jarri genuen oinarria gero etorri den guztiarentzat: euskarak bakarrik ez du ezer egingo; euskarak, zeharka, beste eraldaketa prozesu sozial batzuekin batera aritu behar du.

Eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendari izendatu zintuzten 2015ean.

Markel Olanoren planteamendua oso zehatza izan zen: «Zubigintzan anbizioz jardungo den norbait behar dut». Aldundiaren helburua zen Gipuzkoan berdintasuna sustatzea, eta hori hizkuntzaren esparrura ekarri genuen: euskara menpekotasun egoeran dagoenez, berdintasunak hauspoa ematen dio. Palanken prozesua abiatu genuen eragileekin, eta deliberazio prozesutik atera zen hitz bat berrikuntza izan zen: horren ondorio izan zen Badalab. Identifikatu genuen berrikuntza euskararekin uztartzeko bidea zela euskararen berrikuntza faktoria bat sortzea. Goiatz Oiartzabalekin konplizitate handia sortu zen, eta anbizioa jarri genion gaiari, baita gobernantzan ere. 2021eko uztailean sortu zen.

Orain zer fasetan zaude?

Berrikuspen eta deskonexio fasean. Patxada handia hartzen ari naiz. Aurreko fase denak oso intentsoak izan dira, eta arnasa hartzea ere batzuetan ahaztu egiten zitzaidan. Nire bizia hori izan da, eta orain lo ondo egiten dut, arnasa ondo hartzen dut eta astia daukat. Agenda begiratu, eta huts-hutsik daukat. Ostegun goizetan gitarra klasea eta arratsaldeetan dantza, baina bestela, libre.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA