Ostatuan behin trago batzuk edanik eta komunetako askan jarririk nor ez da entseatu parean duen ateko pegatinei ahal bezain ontsa behatzera? Trago kopuruak eta komuneko argi automatikoak eragina izan dezakete behaketan, baina ziurta daiteke pegatinen ohiko eremua dela Euskal Herriko ostatuetako komuneko atea.
Iruñeko Jarauta kaleko ostatuak dira horren adibide garbienetarikoa, eta horrekin bat dator Katu tabernako Amets Gil Azkarate. Komunetan ez ezik, ostatuaren luzera guzian pegatinaz emokatu murala osatu dute. Ostatuko paretak hornitzen dituzte Euskal Herriko arlo politikoko pegatinek, 1970eko hamarkadatik hasi eta egungoak tarteko. Orokorki harturik, pegatinarik zaharrenek euskal preso politikoen askapena eta amnistiaren aldeko aldarriak dituzte. Apala askatu!, Amnistia osoa!, Non da Jon? eta Euskal presoak Euskal Herrira mezuak irakur daitezke nagusiki paretan barna, preso izandakoen hainbat aurpegi ikusteaz batera.
Amnistia osoa galdegiten zuten garaian, hots, 1980ko hamarkadan gertatu zen pegatinen eztanda, Urko Gartzia Euskal Herriko Pegatineroen Elkarteko kidearen erranetan. Teknologiak bide eman zuen gizarteko aldarrikapenak eta kezkak «errazki» karrikaratzeko. Gainera, pegatinak ekoizteko erraztasunak gizartearen esparru «oso» zabal bateko aldarriak diseinatzeko eta inprimatzeko balio izan du. «Mezu politiko edo soziala duten pegatinak alderdiek, sindikatuek, herri mugimenduek, kultur elkarteek eta abarrek kaleratutakoak dira. Lekuaren arabera aldatzen dira pegatinak. Ez da gauza bera herriko taberna batera, besta giroko batera edo batzoki batera joan», gehitu du.

Jarautan, Katu ostatuaz gain eta bertze hainbaten artean, Monton ostatua dago. Aldarri anitz nahasten dira Katun; Montonen, berriz, euskararen eta independentziaren aldekoak dira pegatinen mezu gehienak. Hango komunetan Independentzia!, Gazte borroka geldiezina da!, San Ferminetan euskaraz eta gisakoak irakur daitezke. Bortz urtez lan egin du bertan Urtasun Fernandezek, eta aditzera eman du pegatinekin nolabaiteko harremana sortu duela. Aldarriak argitara emateko tresna «baliagarria» zaio, baina, hori baino gehiago, ostatuan pasatu den jendearen arrastoa uzten dute pegatinek. «Pegatinak begiratzean, ikusten ahal duzu nor pasatu den tabernatik». Preseski, ezker abertzaletik hurbil direnek kolatuko zituzten pegatina gehienak hango komunetan.
Bertze hainbat alderdi politikok eta sindikatuk ere ekoitzi izan dituzte pegatinak. Pegatinen orotarikotasuna ontsa islatzen du Frantxoa Teilagorri pegatina biltzailearen bildumak. Euskal Herriko 5.000 afixa ingururen artean, milaka pegatina ditu etxeko ganerrean, «erabateko» anabasan. Alderdi politikoen pegatinak biltzen hasi zen 1980ko hamarkadan, eta EAJren, PSOEren eta Herri Batasunaren hainbat itsasgarri ditu, batzuk karpeta batzuetan sailkatuak, eta bertze batzuk metan, ganerreko mahai gainean.
«Mezu politiko edo soziala duten pegatinak alderdiek, sindikatuek, herri mugimenduek, kultur elkarteek eta abarrek kaleratutakoak dira»
URKO GARTZIAEuskal Herriko Pegatineroen Elkarteko kidea
Pegatina pilan, EAJren pegatina berde batek atentzioa eman dio ikusleari. Azal zuriko sei pertsona prototipiko agertzen dira, eskuetan bandera bat dutela, eta azpialdean: Eman botoa PNV-ri. Teilagorrik dudak ditu ea pegatina hori ostatu bateko komun batean ager daitekeen, baina batzoki bateko komunean agertzen ahal dela erantzun du, irriz. Euzkadik behar zaitu pegatina erakutsi du ondotik, «gutitan» ikusirikoa haren ustez, zuri-beltza, Sabino Aranaren bisaiarekin erdian. PSOErenak gorriak dira gehienak, eta estiloz berdintsuak, karratu formakoak denak. Gorriaren eta laranjaren ildotik betiere, LAB sindikatuaren pegatina anitz ditu Teilagorrik, eta nabarmendu du estiloz ez direla hagitz aldatu. «Uste dut estiloz eta estetikaz bakarrak direla berdintsu jokatu dutenak; sinpletasunak funtzionatzen duen seinalea da, beraz».

Alderdien eta sindikatuen harribitxien artean pegatina «ohikoagoak» dituela gehitu du. AEKren pegatina ttipi urdinak zein karratu koloretsuak, Euskal Herrian Euskaraz-en berdeak eta Baionako Patxa plazako mugimenduaren anitz, Patxoki elkartean hasi baitzen pegatinen biltzen. «Nihaurek klandestinoki pegatinak kolatzen nituelarik hasi nintzen paraleloki franko biltzen. Lehen-lehenak Patxan kolatzen ziren zerbitzu militarraren kontrako pegatinak ditut; sinpleak, eskuz eginikoak eta usu karikaturak ziren haiek».
Gutiago baina estetikoago
Begi bistakoa da denborarekin anitz aldatu dela pegatinen ekoizpena eta estetika. Lehenak zuri-beltzean eta eskuz egiten ziren. Egun, ordenagailuz eta errazki egin daitezke, Gartziaren ustez. Hala ere, nahiz norberak nahi bezala eta nahieran pegatinak egiten ahal dituen, Teilagorri desesperatua agertu da ez duelako lehen bezainbat pegatina atzeman. Azkenik bildu dituenak Aroztegikoak eta Marienekoak dira.

Aldarri soziala eta politikoa digitalizatu dela begi bistakoa da, eta horrek pegatinen gainbehera ekarri duela zehaztu dute Fernandezek eta Gilek. Hala ere, biek azpimarratu dute «askoz» gutiago diren arren egungoek estetika landuagoa dutela, pegatina bakoitza artelan «paregabea» izateraino. Errate baterako, horien artean dago Monton tabernako komuneko atean Nor naizen baneki antzezlanaren pegatina kolatu berria, dirdiratsua eta idazkera bereziaz hornitua. EIRE musika taldearena ere haren ondoan da, karratu formakoa, letra handikoa eta gorria.
Mezu aldakorrak
Pegatina zahar eta erdi kenduen gainetik ageri dira berriak. Horiekin batera, mezu berriak ere gailentzen dira. Egungo testuinguru politikoarekin bat egiten dute anitzek, eta pegatinak, gizartea bezalaxe funtsean, egungo mezuetara egokitu dira. Fernandezen ustez, artisautza obren mailakoak dira egungo pegatinak. «Gutxik egiten dituzte, baina tentuz; balio polita dute, gainera. Ez da lehen bezain automatikoa pegatinak egitea, baina, segur aski, gogoetatuagoa da ekoizpena, mimoz egindakoa».
«Gutxik egiten dituzte, baina tentuz; balio polita dute, gainera. Ez da lehen bezain automatikoa pegatinak egitea, baina, segur aski, gogoetatuagoa da ekoizpena, mimoz egindakoa»
URTASUN FERNANDEZMonton ostatuko zerbitzaria
Hala ere, komunikazio politikoa ez da erabat desagertu karrikatik. Gilek kontatu duenez, Katu tabernako pegatina zaharren muralaren gainetik pegatina politiko berriak agertzen dira. «Mugimendu Sozialista, Jardun eta Ernaiko kideek pegatzen dituzte pegatina berriak; beraz, ez dago guztiz hilda pegatinen ekoizpena». Bat dator horrekin Fernandez, eta azpimarratu du denboran barna aldatu ez diren aldarriak ere ageri direla egungo pegatinetan. «Euskararen aldeko aldarriak bizi-biziak irauten du pegatinetan, baita lurraren defentsaren ingurukoak ere».
Pegatinei nostalgiaz, hunkiduraz edo modernotasunez beha dakieke, baina ezin ukatua da denboraren lekukotasuna direla, gizartearen arrangurak aldarri bihurtzeko tresna komunikatiboa eta estetikoa, kendu ezean hamarkadak iraun dezaketenak, Fernandezen iritziz. «Pegatinak garai bateko eta egungo gizartearen lekukotasun politak dira, denboran luze iraun dezaketenak».