Gona jantzita plazara atera zen lehen aldia zuen. Beldurrez, ikusleek zer erreakzio izango zuten jakin gabe. Betidanik entzuna zuen ez zegozkiola emakumeen dantzak eta jantziak. Ez omen zegoen tradizioa aldatzerik: «Hori horrela da, eta kito». Baina Anartz Egia Aritz Berri dantza taldeko irakasleak eta dantzariak ez zuen hori onartu, eta gona soinean dantzatzen hasi zen, beste taldekide batzuekin batera. Dantza eskola Arrigorriagakoa da (Bizkaia), eta uko egin diote dantzak generoaren arabera sailkatzeari. Aurten hiru urte beteko dira lehen taldea osatu zutenetik, eta, eskola osoak filosofia berari jarraitzen ez dion arren, Egiak azaldu du «bidean» doazela. Eta ez dira Euskal Herriko bakarrak.
Genero rolen eta euskal dantzen arteko lotura luze ikertu du Oier Araolaza dantzari eta ikerlariak. Duela sei urte aurkeztu zuen Genero-identitatea Euskal Dantza tradizionalaren eraikuntzan tesia, eta, geroztik, zalantzan jarri ditu Euskal Herriko gizarteak barneratuak dituen hamaika sinesmen.
Gizonen eta emakumeen dantzak betidanik egon izan direla, hori da aurreiritzi horietako bat. Dantzen bereizketa binarioa «sorkuntza kontzeptual berria» baita, Araolazaren arabera. Azaldu duenez, duela ehun urte inguru ezarri ziren gaur egun euskal dantzak dituen genero estereotipoen oinarriak. Zehazki, XIX. mendearen azken laurdenean eta XX. mendearen hasieran. Horrek, ordea, ez du esan nahi aurretik generoaren araberako rolik ez zegoenik, ez eta 1920ko hamarkadaren ondoren aldaketarik egon ez denik ere, Araolazaren aburuz.
«Edozein ezaugarri txiki, handi edo ertain aldatu, edo bere horretan mantentzen saiatu: bi aukera horien artean dago gatazka, eta biak dira tradizioaren parte»
OIER ARAOLAZADantzaria eta ikerlaria
Araolazak azaldu duenaren arabera, XX. mendearen hasieran erabiltzen hasi ziren jantziek ere islatzen zuten genero rolen bereizketa hori: «Tradizionalak iruditzen zaizkigun jantziak ez dira tradizionalak». Horren adibide da gaur egun emakumeek Gorulari dantzetarako janzten duten arropa: gona gorria, txaleko beltza, eta buruan zapi zuria. Izan ere, Araolazak zehaztu duenez, generoaren araberako bereizketa ezarri aurretik, emaztekiak eta gizonak zuriz janzten ziren, txapela gorriarekin eta gerriko gorriarekin.
Tradizionala dena aldatu egiten dela argudiatu du ikerlariak: «Tradizioa tentsioan bizi da. Edozein ezaugarri txiki, handi edo ertain aldatu, edo bere horretan mantentzen saiatu: bi aukera horien artean dago gatazka, eta biak dira tradizioaren parte. Tentsio hori behar du, haren motorra baita».
Frankismoan gertatutakoa da horren adibidea, «aldaketa ugari» eragin baitzituen euskal dantzetan, Araolazaren aburuz. «Erregimen frankistak folklorea baliatu zuen bere proiektu politikorako, eta, ondorioz, eraldaketa ugari izan ziren dantzaren munduan ere». Baina, azaldu duenez, diktadurak gizarte «misogino eta patriarkala» sustatu zuen arren, Hego Euskal Herriko emakumeak ordura arte ukatzen zitzaizkien dantzetan parte hartzen hasi ziren. 1940ko eta 1950eko hamarraldietan gertatu zen hori bereziki.
«Gizarte frankistak dantza ez zuen jotzen gizonezkoen jarduera normaltzat, eta horregatik hartu zuten haien lekua emakumeek»
OIER ARAOLAZADantzaria eta ikerlaria
Plazetan lekua lortu zuten emakumeek, baina Araolazak argitu du ez zizkietela «eskubide gehiago» aitortu horregatik. «Gizarte frankistak dantza ez zuen jotzen gizonezkoen jarduera normaltzat, eta horregatik hartu zuten haien lekua emakumeek», erantsi du.
Euskal dantzetan emakumeek zuten nagusitasunak, ordea, hogei urte eskas iraun zuen, ikerlariaren arabera. Hain zuzen ere, gizonak 1960ko hamarkadatik aurrera hasi ziren mendearen hasieran izandako lekua berreskuratzen. Araolazaren aburuz, feminismoaren bigarren olatua pizten ari zela gertatu zen hori. Andrazkoen eskubideen aldeko borrokak rolen inguruko ikuspuntua aldarazi zuen, eta, ondorioz, onartu zen gizonek ere «dantza egin zezaketela eta dantza egin behar zutela», argitu du. «Gizonek erdigunea monopolizatu zuten berriz ere».
Baina, orain, joera kontrakoa dela dirudi. Azken urteotan, dantza eskolek ohartarazi dute gero eta mutil gutxiagok izena ematen dutela, eta Araolazak nabarmendu du joera hori «areagotzen» ari dela. Haren esanetan, umeak eta gazteak ari dira dantza mundutik «gehien urruntzen», eta horrek «ondorioak» ditu: «Txikitatik gorpuzkera eta mugimendu jakin batzuekin eroso ez bazaude, lotsak atzeraka eragingo dizu helduaroan».
Mutilen exodoa
Mutilen hautuak generoari lotutako estereotipoekin du zerikusia, Araolazaren arabera. Ez dute uste dantza gizonei dagokien jarduera denik. «Horrek agerian uzten du, gizarte parekideago baten bidean pausoak ematen ari garen bitartean, kontrako norabidean urratsak egiten ari direla». Genero estereotipoak «zurrunagoak» direla deritzo, eta hori «ikaragarri larria» dela.
Beste ondorio bat izan du mutilen exodoak: zenbait herritan orain artean gizonei egokitu zaizkien dantzak egiteko aukera eman diete neskei. Baina badira leku hori hartu ahal izateko luze borrokatu behar izan dutenak ere, Araolazak gogora ekarri duenez. «Emakume horien lana ezin da gutxietsi; tentsioak eta gatazkak egon dira».

Borroka hori ezaguna dute Euskal Herriko hainbat txokotan. Arrigorriagako Aritz Berri dantza taldea da borroka horretan aritu diren horietako bat. Araolazaren doktoretza lanaren harira Argia aldizkariak 2020. urtean egin zion elkarrizketa batek, hain zuzen ere, erein zuen zalantzaren hazia Anartz Egia dantza irakaslearengan.
Dena den, Egiak gogoan du, elkarrizketa irakurri aurretik, dantzen banaketaz hitz egiten zutela entseguetan: «Behin eta berriz ateratzen zen gaia, baina ez genuen dudan jartzen: mutilen eta nesken dantzak eta taldeak izan ditugu beti. Hori bai, neskak beti egon dira irrikan mutilen dantzak egiteko, erakargarrienak izaten direlako». Azaldu duenez, mutilen taldean norbait falta zenean baino ez zuten neskengana jotzen, eta, orduan, haien funtzioa «hutsuneak betetzea» baino ez zen.
«Prakadunak eta gonadunak»
Egiak kontatu du Araolazaren gogoetek genero rolen eta dantzaren arteko lotura arakatzera bultzatu zutela. 2023. urtean ekin zioten aldaketari. Aritz Berri taldearen 25. urteurrena heltzear zegoela oroitu du Egiak, eta dantzaldi bat egin beharrean jardunaldi batzuk antolatzea erabaki zutela. Genero identitatearen eta euskal dantzen arteko lotura izan zuten hizpide. «Teoriarekin ados geunden guztiok, baina praktikan jarri beharra zegoen».
Hurrengo ikasturtean sortu zuten talde berria, genero bereizketarik gabekoa. 18 eta 40 urte bitarteko dantzariek osatzen dute, eta arretagunea eta irakasteko modua «guztiz aldatzea» izan zen Egiaren xedea. Esan eta egin: «Talde honetan ez dute inoiz entzun nesken eta mutilen dantzarik dagoenik. Prakadunak eta gonadunak dira dantzan, ez gizon eta emakumeak».
Hala ere, Egiak zehaztu du dinamika hori ez dela Aritz Berri dantza taldearen oinarrietan dagoen ikuspegi bat. Hau da, genero bereizketarik gabeko euskal dantzen alde jarduten duten arren, eskolan emakumeen eta gizonen arteko banaketa egiten dute oro har, talde bitan izan ezik. «Beste talde batzuetan askoz gehiago kostatzen ari da logika berria barneratzea, baina bide horretan goaz», argudiatu du.
«Gure gizartean badaude ez-binarioak diren pertsonak edo transak direnak; nortasun eta gorputz mota asko daude, eta ez dugu inor kanpoan utziko»
ANARTZ EGIAAritz Berri dantza taldeko irakaslea eta dantzaria
«Erresistentziak» topatu dituztela onartu du Egiak. Barnekoak eta kanpokoak. Hasiera batean, Aritz Berriko zuzendaritza taldea «ez zegoen guztiz ados», baina nabarmendu du bidean ez dutela oztopo handirik jarri. Hala ere, zuzendariek eskatu zieten haien jarduna Arrigorriagan egiten zituzten dantzaldietara muga zezatela, eta eskualdeko gainerako emanaldietan tradizioak dioen bezala jantzi eta dantza zitezela. «Baina guk argi geneukan ez zela dantzaldi bakanetan egin nahi genuen zerbait, eta ezetz esan genuen. Lortu dugu, eta aurten bigarren urtez joan gara Bizkaiko Dantzari Egunera».
Arauak urratzeko orduan gizonen eta emakumeen egoera ezberdina dela azaldu du Egiak. Nabarmendu du, «borroka luzea» izan den arren, «normalizatu» egin dela emakumeek dantzari dantza dantzatzea, baina ez dagoela onartua gizonek gauza bera egitea: «Bizkaiko eta Euskal Herriko Dantzarien Biltzarretan ez dute ulertzen mutilek gona jantzi eta nesken dantzak dantzatzea. Begiradak eta komentario zakarrak ere jaso ditugu emanaldi batzuetan».
Hala ere, «harro» daudela azpimarratu du Egiak, eta egindako hautua «erabaki politiko eta kontzientea» izan dela. Ekinaren ekinez osatzen ari diren bidea «berdintasuna eta justizia» lortzeko modua dela aldarrikatu du: «Gure gizartean badaude ez-binarioak diren pertsonak edo transak direnak; nortasun eta gorputz mota asko daude, eta ez dugu inor kanpoan utziko».