Gonzalo Anton San Juani eman diote Euskadi gastronomia saria

Kaia-Kaipe jatetxeko Igor Arregi, David de Jorge aurkezlea eta Javier Ubillos ere saritu dituzte, besteak beste

Erredakzioa
2014ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Eusko Jaurlaritzak euskal gastronomiako izen garrantzitsuenak saritzen ditu urtero, bolada horretan nabarmendu diren pertsona eta sukaldariei onarpena emateko. Sari horiek Euskal Gastronomia Akademiak emandako gomendioei jarraiki ematen dira. Aurten Gasteizko Artium museoan egingo da Euskadi gastronomia sarien banaketa, gaur, eta protagonista nagusia Gonzalo Anton izango da. Jatetxe bateko jabe onena saritzen du izendapen horrek, eta Antonek Gasteizen bertan dagoen Zaldiaran jatetxearen ordezkari gisa jasoko du saria. Jatetxearen jabe izateaz gain, Artevino enpresa taldeko burua ere bada, eta bere barruan biltzen ditu Izadi, Orben, Finca Villacreces eta Vetus upategiak. Bizi osoko lanaren onarpena izango da sari hori.

Baina ez da gaurko saritu bakarra izango. Igor Arregi Getariako Kaia-Kaipe jatetxeko jangela zuzendaria ere sarituko baitu Jaurlaritzak. Jangela zuzendari onenaren Euskadi gastronomia saria emango diote. Horrez gain, David de Jorge sukaldari eta telebistako aurkezle ezagunari kazetaritza lan onenari emandako saria emango diote. Robin Food telebista saioa gidatzen du egunero ETB2 katean, eta arreta ugari bereganatzen ari da azken boladan. Umorea eta betiko errezetak tartekatzen ditu telebista saio horretan.

Sariketa gehiago

Gastronomia arloko argitalpen onenaren saria emango diote Javier Ubillos ikerlariari. Mikologia arloko fitxategi bat jarri du Interneten —www.fichasmicologicas.com—, eta bertan perretxiko ezberdinen inguruko xehetasun eta ezaugarriak eskaintzen dira.

Ekitaldi berean, ordea, gastronomia arloko sari gehiago emango dituzte. Besteak beste, Jose Maria Busca Isusi saria Leioako Ostalaritza Eskolari emango diote, eta Manuel Llano Gorostiza saria Jose Antonio Merino sukaldariari emango diote. Ekitaldian Eusko Jaurlaritzako eta beste erakunde publiko eta pribatuetako ordezkariak egongo dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.