Gosearen memoria kolektiboa

Espainiako gerraren ondorengo gose garaiak ditu ikergai Gloria Romanek. Elkarrizketa saio batzuk egin zituen gerraostean haur izan zirenekin, eta artikulu bat idatzi du ogiak eta gozoek haien memoria indibidualean duten garrantziari buruz. Laburpena egin du Twitterren, eta erantzun ugari jaso du.

Ogirik gabe jateak gosea ez asetzea eragiten die batzuei, antropologia sozialak dioenez. BERRIA.
Naroa Torralba Rodriguez.
2023ko ekainaren 01a
00:00
Entzun
Espainiako gerraostean haur izan zirenekin, 1940ko hamarkada bizi izan zuten egungo adineko pertsonekin hasi zituen elkarrizketak Gloria Roman ikerlariak (Iznatoraf, Jaen, Espainia, 1990). Orduan konturatu zen gosea pairatu izanak gaur egun jende horren egunerokoan duen eraginaz: «Nahiz eta nire galderak ez ziren zehazki gaur egungo gosearen oroimenari buruz, asko agertu zen gaia. Ikusi nuen, baina, gosea pasatu izanaren gerraosteko trauma hori haien egunerokoan zegoela». Hortik sortu zuen, gosetearen memoria traumatiko hartatik, ondorioak ikertzearen ideia: «Artikulu batean bildu nituen, Twitterreko hari batean bildu nituen ideia nagusiak, eta hamaika erantzun jaso dut».

Maria Teresa Leon idazlearen aipamen «zoragarria» egiten du Romanek lanean: «Oso era politean laburtzen baitu nire tesia. Hark dio oroimenak pertsonengan leku fisiko oso intimo eta sakona hartzen duela. Hor sortzen da oroimena, eta oroimenak, azkenean, nortasun indibidualak eratzen ditu. Horrek azaltzen ditu etorkizuneko portaerak. Orduan, oso interesgarria da ikustea, nahiz eta inkontzienteki eta oharkabean izan, iraganeko oroimen hori orainaldian ager daitekeela, eta kutsu psikiko jakin bat izan dezakeela». Horrek forma ugari har ditzakeela azaldu du ikerlariak, zapore bat edo gose sentsazioa: «Bat-batean, haurtzaroan gertatutako horrek baldintzatu egiten ditu janariaren inguruko jarrerak eta elikadura hautuak».

Twitterreko harian erantzun gehien jaso zuen txioan aipatzen du Romanek ogia asegaia dela jende askorentzat, eta frutarekin ere jaten duela: «Feedback hori oso gauza polita izan zen, aitona-amonen eta gurasoen esperientziak kontatzen zituztenen iruzkin asko jaso nituelako. Gerraosteko gosete hark gaur egun eragina duela ikus daiteke, gainera. Nabaria da gosea oso presente zegoela sukaldeetan, erosketak egitera joateko orduan. Hori bizi izan zutenen janariarekin zerikusia duen guztian».

Gerraostean haur izan ziren eta gaur egun adineko direnek gozokiengatik sentitzen duten «obsesioa» ere azaldu du Romanek: «Hain zuzen ere, urte haietan, 1940ko hamarkadan, luxuzko janari ia eskuraezina zelako. Are, goserik izan ez zutenek ere ez zuten izozkirik edo txokolaterik, oso garestia baitzen. Orduan, jaki horiek lortzeko aukera iristean, bat-batean, ospakizun guztietan jaten zituzten gozokiak; hori oso argi ikusten da 1960ko hamarkadan —egoera ekonomikoak hobera egin zuenean— ». Lekuko guztiek kontatu zioten ezkontza denetan, apalenean ere bai, mahai gainean ez zirela falta gozokiak: «Familiako emakumeek etxean prestatu arren, gosearen memoriaren jarraitutasun gisa identifikatzen ditugun praktiketako bat da».

Baina baita ogiarekin zerikusia duen oro ere: «Gure aitite-amamen etxean ikusi ditugun praktikak dira, baina ez genion zuzenean horri egozten, goseari. Ez dugu horri buruzko gogoetarik egin. Baina oso presente dago. Oso deigarria da, eta ez bakarrik beren larruan gosea bizi izan zutenen artean: gainontzeko belaunaldietan ere identifika daitezke praktika horiek».

Ikerlariak azaldu du jende askok aitortu diola ogia frutarekin jaten duela egun, gurasoei hori egiten ikusi dietelako, haiek beren aitite-amamak ikusi zituzten eran: «Belaunaldiz belaunaldi transmitituz joan da memoria traumatiko hori».

Seme-alabei gehiegi eman

Kasu horretan ere emakumeengan jarri du gakoa Romanek: «Emakumeak oso garrantzitsuak izan ziren horretan guztian, historikoki protagonismo handiagoa izan dutelako ahozko transmisioan, gehiago izan baitira emakume eskolagabeak gizonezkoak baino; ez zekitelako ez irakurtzen, ez idazten. Orduan, emakumeengan pisu handiagoa izan du ahozko tradizioak. Eta kozinatzearekin zerikusia duen guztian ere beti izan dute protagonismo nabarmenagoa. Oroimenaren transmisio horretan, funtsezkoak izan dira, eta, jakina, praktikan ere bai».

Adibide gisa jarri du 1940ko hamarkadan gosea pairatu zutenek asko jaten dutela era guztietako elikagaiak eskura dituztenean, eta seme-alabei ere janari gehiegi ematen dietela, haurrak zirenean jan ezin izan zuten guztia nolabait konpentsatzeko.

Ogiak «botere indartsua» izan du jaten emateko modu horretan, Romanen ustez: «Ogia herri klaseen oinarrizko elikagaia izan da, eta, gerraosteko urteetan, zekale edo garagar moduan soilik aurki zitekeen, hau da, ogi beltzean. Hala, ogiaren inguruko eraikuntza sinboliko guztiak nabarmendu egiten dira falta denean. Estraperlotik bakarrik lor zitekeen ogi zuriarekin egiten zuen amets jendeak. Hainbesterako, ezen ogi zati bat botatzea ere bekatu baitzen».

Hori propagandarako teknika gisara erabili zuen frankismoak, Romanek azaldu duenez: «Abiapuntua beldurgarria zen; gosete batetik zetorren gizartea, eta, horregatik, 1960ko hamarkadan, bizi baldintza materialetan egindako hobekuntzak nabarmen ikusi ziren. Oso balorazio positiboa izan zuen. Gerraosteko haur belaunaldi hori hazi egin zen, eta 20 urte igaro ziren. Erregimen frankistak garapenaren urteak deitu zituen, eta dieta dibertsifikatzen hasi zen, hobetzen. Askoz ere errazagoa zitzaion jendeari, beraz, herrialdeko errealitate sozioekonomiko berria eta egoera berria positiboki baloratzea. Urte beldurgarriak izan ziren aurrekoak, eta erregimena bera ere ohartu zen horretaz. Konparazio hutsagatik bada ere, jendeak onartu egin zuen erregimen barruan egonda hobeto bizi zela, bazuelako aski janari».

Memoria traumatikoa ez kontatzeko arrazoietako bat beldurra izan daiteke, Eztizen Miranda(Berango, Bizkaia, 1983) Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta ikerlariaren arabera: «Kasu askotan bizipenak behin eta berriro kontatzea, gainera, izan daiteke trauma berriro bizitzeko modu bat».

Ukapen sentimendua

Kontatu ezinarekin sufrimendu hori bizi izana aitortzen ez bada, aitortzaren ukapen sentimendua sortzen dela gehitu du Mirandak: «Ezin duzunean kontatu zer sufritu duzun ala zer sentitu duzun. Besteen aurrean ezin baduzu azaldu, zure mina publikoa egiten ez bada, ematen du merezi zenuen zerbait dela». Eta, haren ustez, jendeak pentsa dezake inork horretaz ez hitz egiteak errua berresten diola: «Askok pentsa dezake horrek esan nahi duela hori bizi behar zenuela, merezi zenuela, eta ez da egia, inolaz».

Argi utzi behar zaie pertsona horiei, Mirandaren hitzetan, bidegabekeria baten biktimak izan direla. Kontatzeak bakarrik erreparazio kutsu bat ematen dielako, azaldu duenez.

«Egin behar dena da ulertu. Ez badugu ulertzen zer gertatu den, ez badugu ulertzen sufrimendu hori eta aurpegiak ezagutzen ez baditugu, ezin dugu ulertu gaur egun gertatzen zaiguna. Zer da memoria kolektiboa? Kolektibo batek bizi izandako errealitatearen oroitzapena». Askotan entzuten den kontzeptua dela aipatu du, eta, haren arabera, Euskal Herriak baditu hainbat memoria kolektibo: «Nik askotan entzun dut testigantzaren bat dagoenean beste bati esaten 'nik ez nuen horrelakorik bizi izan'. Jakina, zuk ez zenuen hori bizi izan beste auzo batean bizi zinelako, ala beste ideologia bat zeneukalako, edo beste lagun mota batzuk zenituelako. Horregatik da horren garrantzitsua memoria indibidual horiek azalaraztea».

Memoria indibidual horien bilketa ezinbestekoa da, Mirandaren arabera: «Bestela ez garelako gaiizango memoria kolektiboak sortzeko. Eta horrela bakarrik, batuta, multzo horiek sortuta, lortu ahal izango dugu oroimenaren, historiaren eta gure gizartearen egungo egoera ulertzea. Auzo guztietan bizi izan ziren horien errealitateak jasota, eta ikusita zenbat min egon den azken urteetan. Alde guztietatik».

Garrantzitsua iruditzen zaio, baina, azpimarratzea kontatzen ez diren istorio eta historiak ere existitzen direla: «Zalantza barik. Hain zuzen ere, existitzen direlako eta kontatu ez direlako dagokasu askotan horrenbeste min gure gizartean oraindik ere».

Espainiako eta Euskal Herriko historia hurbila jarri du horren adibidetzat, azaltzeko detailerik txikienak ere lotura daukala: «1936ko estatu kolpe ilegal eta garratz horrek eragin zuzena izan du gure egungo bizimoduan. Ez zen izan estatu kolpe bat eta kito: gero gerra bat etorri zen, gero diktadura bat, eta, horrekin batera, errepresio luze eta bortitza. Eta errepresio horren aurkako mugimendu asko sortu ziren. Eta mugimendu horien aurkako indarkeria are gogorragoa eta bidegabea izan zen, kasu horretan, estatuak egin zituelako. Gero mugimendu horiek ere indarkeriaz erantzun zuten. Eta horrela egon gaitezke bueltak eta bueltak ematen. Horregatik esaten dut denak daukala lotura».

Minak azalaraztea

Denak lotura izateaz gain, kontakizun guztiak existitzen dira Mirandarentzat: «Hain zuzen, kontatzen ez baditugu, ez gara gai izango ulertzeko zer gertatu zen. Horregatik da horren interesgarria leku denetatik aztertzea historia, baita sukaldeko mahaitik ere».

Kontatzeak ez duelako, haren ustez, minik berdintzen, baina denak aitortzen ditu: «Mina sufritzeko moduak oso ezberdinak dira, eta horri ere garrantzia eman behar zaio. Giza eskubideen urraketa bat gertatzen denean, berdin dio pertsona horrentzat min hori handia edo txikia den. Funtsean, kontua da txarto dagoela. Ezin da neurtu mina ezbehar horrengatik eta urraketa hori minarengatik, baizik eta gertatutakoagatik».

Giza eskubideen edozein urraketa txarto dago. Hori da Mirandaren muga. «Minak bakoitzak modu batera sentitzen ditu. Bizi izandako istorio edo oroitzapen horien arabera biziko du pertsonak mina modu batean edo bestean, baina, garrantzitsuena kasu honetan, zalantza barik, da min hori azalaraztea eta oroimen hori, injustizia hori azalaraztea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.