Komunikazioa

Greba egin dute EITBko irratietan

Saiorik ez zen izan atzo, eta soilik musika eta albistegiak eman zituzten —gutxieneko zerbitzuak—. 11:00etan, Eusko Legebiltzarraren atarian elkartu ziren langileak, politika orokorreko saioa egiten bitartean. ELAk ontzat jo du irratietako greba.

Elkarretaratzea egin dute legebiltzarraren aurrean. ENDIKA PORTLLO / FOKU
urtzi urkizu
2023ko irailaren 14a
11:31
Entzun

Greba eguna izan zuten atzo EITBko irratietan. Langile gehienen babesarekin, langile batzordeak hiru greba egunera deitu du, eta horietako lehena zen atzokoa. Beste bi greba egunak hilaren 26a eta urriaren 19a izango dira. Atzo, EITB taldearen irratietan musika eta albistegiak soilik entzun ziren; Eusko Legebiltzarrean politika orokorreko saioa egin zuten, eta programazio berezia zuten prest irratiek, baina bertan behera geratu ziren saio horiek. 11:00etan bilkura bat egin zuten parlamentuaren atarian.

ELAk nabarmendu zuen Eusko Jaurlaritzak ezarritako gutxieneko zerbitzuetara mugatu zela programazioa. «Garrantzitsua izan da Eusko Legebiltzarraren aurrean egindako kontzentrazioa». Hau gaineratu zuen sindikatuak: «Argi dago langileen ezinegona irrati publikoan egun dauden lan baldintzengatik, egiten diren lanak aintzat hartzen ez dituen hitzarmen batekin eta eguneroko egoeretan (bajak, oporrak eta baimenak) langilerik ez dagoela erakusten duten lan karga batzuekin».

«Inposizioez nazkatuta gaudela jakinarazi nahi dugu, eta aldarrikatu nahi dugu negoziazio markoa errespetatzeko, eta gure lan baldintzak hobetzeko. Egiten dugun lana aitortzea ere nahiko genuke», adierazi zuen EITB Media Irratiko Zentro Arteko Batzordeak —ELA, LAB eta ESK sindikatuetako ordezkariak daude bertan— ohar batean.

Hamahiru urte lan hitzarmena berritu gabe

Bat baino gehiago dira langileen ezinegonaren arrazoiak, baina gailentzen direnetako bat da hamahiru urte daramatzatela lan hitzarmena berritu gabe. EITB Media Irratiko Lan Batzordeak, duela hiru hilabete, hautsitzat jo zituen hitzarmenaren gaineko negoziazioak. «Zuzendaritzak, aldebakarrez, bere plataformako puntuetako bat inposatu du, eta berdin izan dio erabaki horrekin lan poltsaren kontratazio baldintzak bertan behera utzi izana», diote langileen ordezkariek.

Badira langileen artean kezka sortu duten beste erabaki batzuk; esate baterako, Radio Euskadiko Boulevard irratsaioa ETB2 katean hasi dira zuzenean ematen, 07:00etatik 09:00etara. «Hori egin ahal izateko, langileen irudi eskubideak aitortu gabe utzi dituzte», dio zentro arteko batzordeak. «Erabaki horren kontrako jarrera irmoa erakutsi dugu behin eta berriro, eta zuzendaritza jakinaren gainean zegoen lehendik ere». Adibidetzat jo dute Gaztea irratiko langileek, negoziaziorik ezean, uko egin ziotela irudi bidezko irratiaren proiektuari.

Lan kargak eta beste

Langileen ordezkariek EITBko zuzendaritzaren «inposaketa» adibide gehiago eman dituzte, eta lan arloko beste salaketa batzuk egin. «Azkeneko gertaerek urte askoko lana pikutara bidaltzen dute: hain zuzen, irrati publikoaren kalitatea bermatzeko langileek egindako lan nekaezina».

Beste puntu hauek aipatu dituzte, egoeraren erakusgarri: «Kontuan izan behar da txanden aldaketa, zereginen areagotzea, baita lan kargari dagozkion erabakiak enpresaren beharren arabera moldatu direla ere». Salatu dutenez, enpresaren beharrak aintzat hartu dira, baina langileen egoera ez. «Negoziatu gabe egin dute hori guztia, eta langileek ordainetan ezer jaso gabe».

Greba deialdiak egun esanguratsuetarako egin dituzte: gaur politika orokorrari buruzko eztabaida egingo da Eusko Legebiltzarrean; eta hilaren 26an, Alberto Nuñez Feijooren inbestiduraren gaineko eztabaida egingo dute Espainiako Kongresuan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.