Lekunberrin (Nafarroa) bizi da, baina, gauza bat dela, bestea dela, sanferminetan kasik egunero-egunero ibiltzen da Iruñeko karriketan Maite Ruiz de Larramendi (Beasain, Gipuzkoa, 1973). Ados Pilota klubeko arduradun nagusia da sorreratik —Iera Agirrerekin batera—. Lan karga handiko egunak izaten ari dela azaldu du. Ahal izan duen neurrian, baina, gozatzeko tarterik ere atera du: «Garaiz erretiratzea da kontua». Gaur Labriten izanen da berriz, Sanferminetako Binakako Txapelketako finalean; Leire Oskozek eta Oihana Orbegozok Maddi Barrokalen eta Ane Mendibururen aurka jokatuko dute (Hamaika Telebista, 12:00).
Txupinazoaren bezperan ere Labriten zinen, lau eta erdiko txapelketako finalean. Zer moduzko finala izan zen?
Oso polita. Giro zoragarria izan zen, jendeak ederki erantzun zuen, eta ordurako ere arnastu zitekeen sanfermin giro betea. Eta, hori bakarrik ez, laguntzeko gogoa ere sumatzen zen, eta, gainera, pilotariak bikain aritu ziren; azkenaldian ohi bezala, Leire [Oskoz] bere saltsan aritu zen, ausart eta gantxo on-onekin, eta Ane [Mendiburu] ere gogor aritu zen haren kontra.
Partida horretarako sarrerekin jasotako dirua Nafarroako EM Esklerosi Anizkoitza elkarteari eman diozue. Partida are bereziago bihurtu zuen horrek?
Bai, nabarmen. Emakumezko pilotariok ere behar dugu laguntza, baina beti bideratu daiteke indar hori bera beste bati ere laguntzera. Eta, hori jakinik, uste dut den-denek disfrutatu genuela gehiago.
Kirol arloan ez ezik, jai giroan ere elkartasunerako bideak txertatu daitezkeelako froga ere bada hori, nolabait.
Esanen nuke halakoak txertatu daitezkeelako eta are txertatu behar direlako froga dela. Bestalde, halako partida eta feriek guri balio izaten digute publiko berriarengana heltzeko. Inoiz ikusi ez gaituztenek ere ikus gaitzaten lortzen dugu; eta, gauza bat esanen dizut: behin etorrita, askok eta askok errepikatu egin nahi izaten dute gero.
Oro har, berezia da San Fermin torneoa?
Baietz uste dut, eta apustu bat ere bada. Guk ere, betidanik eta ezinbestean, gizonezkoen pilotan egiten direnak ditugu erreferentziatzat gauza askotarako, eta guk geuk ere ate hauek irekitzea eta jendea halako pozarekin sartzen dela ikustea oso polita da. Joan den igandean, adibidez, oilo ipurdia ere jarri zitzaidan niri. Eta, esaterako, iaz niri egokitu zitzaidan final horixe bera jokatzea, eta neure larruan bizi izan nuen sentipena: txapela hori kosta ahala kosta irabazi nahi izaten dugu, eta geure esku dagoen guzti-guztia eginarazten digu horrek.
«Jendea txalo egiteko gogoz etortzen da gurera, eta horregatik eskatzen diet pilotariei dena emateko, guztiz husteko, eta, batez ere, disfrutatzeko»
Pilotarientzat beraientzat ere izanen da pizgarri sanferminetan Labriten jokatzea, giroa gori-gori egoten baita beti.
Eta ardura ere sentitzen dugu halakoetan, baina, halere, nik beti esaten diet kideei neguan baino askoz hobea dela orain. Jendea txalo egiteko gogoz etortzen da gurera, eta horregatik eskatzen diet pilotariei dena emateko, guztiz husteko, eta, batez ere, disfrutatzeko.
Gogoan duzu Labriten jokatutako lehenbiziko aldia?
Gogoan ditut txiki-txikitan hemen egiten nituen entrenamenduak; 12 bat urte izanen nituen, eta federazioen txapelketa jokatzeko entrenatzen nintzen, Ruben Belokirekin-eta. Horrez gain, burura datorkidan oroitzapen nagusia da 18 urterekin Nafarroako lehenbiziko pala txapelketako finala jokatu nuenekoa. 1992ko uztailaren 4a zen, eta sanferminak hastear ziren. Hura poza ordukoa!
Gizonezkoen sanferminetako lau eta erdiko txapelketako finala Nafarroa Arenan izan da aurten ere. Eta, are, sanferminetako binakako torneoaren aurkezpenean, kazetariek xaxatuta, antolatzaileek hitz erdika esan zuten ez dutela baztertzen feriako partida gehiago ere hara eramatea aurrerantzean. Zure ustez, ordezka liteke Labrit?
Badakizu niri zer gustatuko litzaidakeen? Ikustea emakumezkoen partidekin ere betetzen dela Labrit. Ze, beste batzuei ahoa betetzen zaie esanez dagoeneko betetzen dela, baina ez da egia; gonbidapenekin betetzen dute, eta hori ezkutatzea engainatzea da. Gonbidapenekin funtzionatzea hautu bat da, apustu bat, nahi baduzu, baina hitz egin dezagun garbi.
Emakume Master Cupez ari zara?
Bai; hamar urte daramatzate horrela. Guk desberdin ulertzen dugu pilotaren mundua, eta gure helburu nagusia da emakumezko pilotarientzako baldintzak duintzea, bai eta pilota eskolak sustatzea ere. Eta, hori hala denez, sarrerei dagokienez, guk hamar bat euroan saltzen ditugu.
Eta zein izaten da jendearen harrera?
Denetik dago. Batzuk gaizki esaka hasten zaizkigu, ea nolatan ordaindu behar ote dituzten hamar euro emakumeak pilotan ikusteagatik.
Kontrastean, azken urteotan izugarrizko erronka bihurtu da gizonezkoen sanferminetako feriarako sarrerak lortzea; sarrerak salgai jarri eta berehala bukatzen dira guztiak.
Bada, gurean ere poza litzateke zabaldu eta hiru minutura dena salduta dioen kartela argitaratu ahal izatea, baina errealitatea ez da hori. Sarrerak tantaka saltzen ditugu.
Orain dela bost urte jarri zenuten Ados Pilota martxan. Gustatuko litzaizuekeen abiadan ari zarete aurrerapausoak ematen?
Pixkanaka, ari gara aurreraka, baina, tarteka, sortzen da aurrerapausoak lasterka egin nahi hori. Dena dela, bai ni neu eta baita, adibidez, Iera Agirre ere, ezin harroago gaude lortutako guztiaz. Lortu dugu lehia urte osoan hedatzea; dagoeneko ez dira aldian aldiko zirkuituak; 150 partidatik gora antolatzen ditugu, saltoa agerikoa da, eta batzuetan merezi du horri erreparatzea. Lasterrago hazi gintezkeela? Akaso, bai, baina nik nahiago dut poliki aritzea baina urrats sendoak egitea.
Gaur jokatuko dute binakako txapelketako finala. Zer espero duzu?
Batetik, espero dut sanfermin giro paregabea izatea. Bestetik, uste dut joko aldetik gogorra izanen dela, eta irudipena dut kontua estu-estu ibiliko dela. Lau pilotariek egin beharko dute lan gogotik, eta, hortik aurrera... ea nork duen egun hobea; hori ere badelako giltzarri, jakina.
«Gizonezkoenera begiratu, eta nik ez dut [Unai] Laso irudikatzen Nafarroa Arenako finala iragartzeko kartelak jartzen, adibidez; eta, aldiz, begira Iera [Agirre] nola ibiltzen den batzuetan»
Partida telebistan ere emanen dute?
Guk geuk egin beharko dugu. Dena egiten dugu guk: Iruñeko Udalarengana jo, partida zehazteko; kartelak jarri... eta partidaren emankizunerako ere guk egiten dugu guztia. Akordio bat dugu Hamaika Telebistarekin, baina guk grabatu eta jartzen dugun seinaletik hartzen dute haiek edukia; kamerekin nola lan egiten den ere ikasi behar izan dugu.
Gizonezkoenera begiratu, eta nik ez dut [Unai] Laso irudikatzen Nafarroa Arenako finala iragartzeko kartelak jartzen, adibidez; eta, aldiz, begira Iera [Agirre] nola ibiltzen den batzuetan: sare sozialak kudeatu, hedabideei informazioa bidali eta ziztu bizian jartzen ditu takoak kantxara ateratzeko. Eta kontzentratu, noiz? Ahal denean; ez da besterik. Surrealista ere bada zenbaitetan; ikusiko bazenute...
Partidak bakarrik ez, atzeko lan hori guztia ere telebista emankizunean erakusteko modukoa da, hortaz.
Bai, making of gisako bat ongi legoke... [geldialdi txiki bat egin du]. Dena dela, hau guztia esanda, nabarmendu nahi nuke bukaeran oso-oso gogobeteta sentitzen garela, zinez sinesten dugulako egiten dugun horretan.
LOTSABAKO
Frontoira, arratsaldez edo gauez?
Gauez.Labrit ez den frontoi bat?
Urbasakoa.Bestondorako erremediorik hoberena?
Mendi buelta eder bat, bezperako guztiak izerdiarekin batera botatzeko.