Beñat Aiartza (Zamudio, Bizkaia, 1982) musikaria eta irakaslea da. Lau urte bizi izan da Grezian, eta Askapenako brigada bat antolatu zuen apirilean hango errealitatea ezagutarazteko. Greziako gizarte mugimendua eta gaurko egoera hitzaldia emango du gaur, 20:00etan, Bilboko Gatazka gunean (Martzana, 5).
Lau urtez Atenasen bizi izan zinen,krisia lehertu aurretik. Alde handia dago orduko eta gaurko egoeraren artean?
2004an joan nintzen hara, bizikleta bidaia zoro batean. Klima, eta bizimodua ikusita, han bolada batez bizi nahi nuela erabaki nuen. 2009ko abuztuan amaitu nuen egonaldia. Apirilean izan naiz berriz, eta ikusi dut hedabideetan ematen duten irudia ez dela errealitate osoa. Gizartea asko pobretu da, eta gosea ere hasi da. Etorkinak izan ziren lehen biktimak, baina, orain, eskolaaskotan umeak jan gabe joaten dira, eta konortea galtzen dute. Esan zigutenez, Medicus Mundi erakundea Afrikan-eta zituen langileak Grezian biltzen ari da, litekeena delako laster giza hondamendia gertatzea.
Nola kontatzen du hau guztia Greziako telebistak?
Beldur handia sortzen ari dira. Neonaziak asko agertzen dira telebistan, konponbidea direla irudikatzeko eta krisiaren errua etorkinena dela esateko. Langileria konbentzitzen ari dira. Orain %7 izan dira, baina baliteke lau urte barru %10-20a izatea. Bitartean, hedabideek izugarri zigortu dute ezkerreko Siriza alderdia. Beldurrak irabazi du, Alemaniak eta nazioarteko hainbat egunkarik eginiko mehatxuengatik.
Hemengo mileuristaren pareko greziarrek nola bizi dute egoera?
Bereizi behar dira Atenas ingurukoak eta landa ingurunekoak. Gosea gehiago ikusten da hiriguneetan, soroek eta baratzeek jaten ematen dutelako. Baina kontuan hartu Greziako biztanleriaren erdia Atenasen bizi dela. Mileuristak gosea ikusten du, baina oraindik lana dutenek edo berriki lanik gabe geratu direnek aurrezkiei esker eusten diote. Normaltasun itxura eman nahian dabiltza. Tabernak beteta ikusten dituzu, erdialdean, baina aurrezkiak amaitzen ari dira. Asko itxaropen guztia galtzen ari dira. Portu inguruko gune batzuetan, %85eko langabezia dago.
Euskal Herria ere antzeko egoera batera daramatela dirudi. Prest ikusten gaituzu?
Han ere egoera lehengoratuko zela espero zuen jendeak. Espainian eta Euskal Herrian dagoen egoera deskribatzen diegunean, beraiek horrela iaz egon zirela erantzuten digute. Beraz, oso hurbil gaude.
Zer ikas dezakegu greziarrek harturiko neurrietatik?
Etxe asko okupatu dituzte, gizarte zentroak eratzeko, lan soziala zein politikoa egiteko. Horietan, eta auzo zein langabeen elkarteetan, elikagaiak banatzen dituzte, artekaririk gabe: batez ere, patatak, arroza, eztia eta olioa. Sintagma plazan hasitako mugimendua auzoetara dezentralizatu da. Kilkis hirian erietxe bat itxi zuten: sendagileak eta erizainak joaten dira, lanetik kanpo, herritarrak artatzera. Burdindegi batean, sei hilabete baino gehiago egin dituzte greban. Elkartasunari esker iraun dute. Arropa oparitzeko azokak egiten dira. Langabeei mozturiko argindarra berriz jartzeko mugimendua dago. Ez dakit zer gertatuko den hemen, baina, bitxia ematen badu ere, garai polita da telebista itzali eta jendearekin berriz hitz egiteko.
Beñat Aiartza. Grezian brigadista
«Gure egoera greziarrei deskribatu, eta eurak horrela iaz egon zirela esaten digute»
Lau urtez Atenasen bizi ondoren, herrialderako brigadak koordinatu ditu aurten musikari eta irakasle bizkaitarrak, hango hondamendi ekonomikoari gizarteak eman dion erantzuna ezagutarazteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu