Andoni Iturrioz. Harrera elkarteko presidente ohi eta kultur sustatzailea

«Gure familiak ihes egin behar izan zuen, eta inork ez dio sekula justiziarik eman»

Azken bost urteetan, Harrera elkarte asistentzialeko presidente izan da Andoni Iturrioz; euskal preso eta iheslari ohiak gizarteratzeko lanetan ari da. Haren aitak naziengandik-eta ihesi zihoazenei laguntzen jardun zuen, eta horrek arrastoa utzi zion.

BOB EDME.
enekoitz esnaola
Senpere
2017ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Kanpoan lamara dagoen arren, Larraldea baserrian (Senpere, Lapurdi) beheko sua piztua du Andoni Iturriozek (Oiartzun, Gipuzkoa, 1945). «Airean bai baita bustitasun bat». Bere proiekturik kuttunetakoa da Larraldea, euskal kulturaren zerbitzura utzi baitzuen orain hamabi urte, Paristik itzultzean. Kontu gehiagotan ere ibili da edo badabil: Anai Artean, Herrikoan, edota Harrera elkarte asistentzialaren lehendakaritzan orain hilabete bat arte.

Zergatik sartu zinen Harreran?

Karlos Ioldi ezagutzen nuen Euskal Memoriako kidea zen garaitik, eta, halako batean, azaldu zidan sortu nahi zutela euskal presoak gizarteratzen laguntzeko elkarte humanitario bat. Ni Anai Arteko diruzaina naiz, eta ados naiz presoak behar direla gehiago lagundu espetxetik irtetean. Izan ere, egiten diete aurresku bat, festa bat izaten da, baina gero batzuk aski galduak gelditzen ziren. Harrerako lehendakari kargurako pertsona ezaguna nahi genuen, ez politikaria, eta herriak maite duena. Hasieran, Nestor Basterretxea zenari aipatu genion, gero Antton Lafonti… Arrazoi desberdinengatik, ezin zutela erantzun ziguten, eta azkenean neuk hartu behar buruzagitza! Soilik lan humano bat egin behar zelako sartu nintzen. Argi finkatu zen bidea, eta asmatu genuen. Bost urte pasatu direnez, heldu zen uzteko unea.

Preso ohiei lan bat aurkitzea da Harreraren egiteko bat. Krisi ekonomikoa bete-betean zela sortu zenuten elkartea, 2012an.

Gida baimena ateratzen eta osasun arloan laguntzea edo diru ekarpen bat egitea ere bada Harreraren eginkizuna. Lanpostu bat atzematen laguntzea ere bai. Oso zail ikusten nuen hori orduan, krisi ekonomikoa handia baitzen, eta bistan zen helburu gogorrak jartzen ari ginela. Baina, urteotan, 140 bat preso ohik lortu dute lan duin bat Harrerari esker.

Elkartea sortzean, urtebete ere ez zen ETAk jarduera armatuaren bukaera iragarri zuela. Zer giro aurkitu zenuten zuek?

Batzuek ez zuten onartzen guk «terroristei» lana aurkitzea. Beste batzuek erraten zuten ea kartzelatik pasatu behar al zen lana izateko... Behin enpresa handi bateko buru bati azaldu nion preso ohiak ez ditugula baztertu behar, bestela ustelduko direlako gauzak, eta bakea irabazi behar dela. Erantzun zidan hemen ez dela sekula gerrarik izan. Gure kasua esplikatu nion, adibidez: aita 36ko gerran ibilia, atxilotua, torturatua, iheslaria; nik 11 hilabete nituela pasatu nuen muga,4 urte nituela Parisera bizitzera eta 60 urterekin itzuli Euskal Herrira... Gure familiak ihes egin behar izan zuen, eta inork ez dio sekula justiziarik eman. 36ko gerraren eta ETAren artean lotura bat egin behar dela nioen enpresari hari. Halako azalpen anitz eman behar izan ditut. Euskal gizartearen errespetua izatea lortu du Harrerak, baina erran nahi nuke han eguneroko zereginean dabiltzanek atera dutela hau aurrera.

Nola ikusi dituzu preso ohiak?

Hogeiren bat urte kartzelan egindako batzuk oso indartsu, asko ikasita espetxean, eta jendeari laguntzeko konpromisoarekin. Harrituta geratu naiz. Beste batzuk egoera txarrean atera dira psikologikoki, familiako babes aldetik... Denetarik dago. Eskatu duen orori lagundu dio Harrerak.

Zuen aitaren arrastoagatik ere sartu al zinen Anai Arteko eta Harrerako kontu hauetan? Naziengandik-eta ihesi zihoazenak lagundu zituen, mugalari gisa.

Bai, alde humanitario horrek izan du eragina. Baina Parisen euskal jendeaezagutzeak ere bai. Han ezagutu nituen euskal iheslariak. Zuberoako jende batekin ere banuen harremana, eta Daniel Landarten Bai ala ez antzerki obra egin genuen. Eta, denborarekin, Ipar Euskal Herriko arlo batzuetan laguntzen hasi nintzen.

Gudari eta mugalari zeneko garaiak bi koadernotan jaso zituen zuen aitak, oso adinekoa zela.

89 urterekin zendu zen, 1991n, eta 80 bat urterekin hasi zen idazten. Aurretik ez zuen kontuhoriez oharrik jasoa. Izugarrizko memoria zeukan. Mikelete izateko ikasi zuen idazten, 23 urterekin. Garai hartako jendeak buruz gauza asko ikasten zuen, bertso anitz eta. Aitak gure lehengusu bati eman zizkion oharrak, makinara pasa zitzan. Koadernoan narrazioak gazteleraz zeuzkan idatzita, eta elkarrizketak, euskaraz. Xehetasun anitz zituen jasoak: hildakoen izenak, urteak, tokiak… Orain sei urte liburu bat argitaratu genuen, baina aurretik neuk lau urte pasatu nituen datuak baieztatzen, han eta hemen.

Datu denak ondo?

Denak ondo, detaile txikiren batzuk salbu, normala denez. Historialari batek lagundu zidan: Juan Carlos Jimenez de Aberasturik. Comete ihesbide sarearen historia idatzia da hura. Dosierrak lortu genituen Salamancakoak,Madrilgoak, Arteako Euskal Abertzaletasunaren Museokoak, Perpinyako kontzentrazio eremukoak, Washingtongo artxiboko dokumentu bat... Washingtondik Oiartzungo garai hartako kontrabandisten zerrenda bat ere eskuratu nuen; amerikarren zerbitzu sekretuek izanen zuten loturaren bat kontrabandistekin.

Erromara joan zinen behin, Cometeko buru batekin biltzera.

Jean François Nothomb Franco-rengana joan nintzen. Senpereko kantu zaharren egun batean ondoan bizkaitar emazte bat neukan, eta azaldu nion aitaren istorioa, zertan ari nintzen, eta pena nuela, gehienak hilak izanen zirelako. Erran zidan bazela Cometeko buruetako bat bizirik: Franco hori, Erroman. Helbidea eman zidan. Han joan nintzen. Francok ezagutzen zuen gure aita, Manuel Iturrioz. Aitak kontatu gabekoak kontatu zizkidan, hemen zeukaten ihesbide bati buruzkoak eta.

Zuei zer kontatzen zizuen aitak?

Ezer ez! Orexakoa zen, artzain-eta ibilia. Orexako baserritarrek ez dute hitz egiten asko; behar denean baino ez. Halakoa zen gure aita. Idazten ikustean, galdetzen genion ea zertaz ari zen, eta, «kontu zaharrak dituk...». Sekula ez azalpenik. Lehenik, pentsatu nuen bere bizitza guri ezagutarazteko idatzi zuela, baina haren lagun batzuek erran zidaten argitaratzeko idatzi zuela. Guk baino gehiago zekiten, nonbait. Euskaraz atera genuen liburua, eta badira bertsioak, biak ere argitaratu gabeak: gazteleraz eta, nire emazteak itzulita, frantsesez.

4 urterekin joan zinen Parisera; 60rekin itzuli, duela hamabi.

Baina urte denak ez nituen Parisen egin. Oiartzundik ihesi, 11 hilabete nituela, Donibane Lohizunera, 1946an. Han bi urte egin, eta handik Ambertera, Puy de Dome departamendura. Handik, Parisera. Espartinak egiten zituen aitak, Donibanen ikasita. 18 urte nituela, gurasoak, anaia eta arreba Ipar Euskal Herrira itzuli ziren, eta ni Parisen geratu nintzen, lan bat atzeman nuelako. 21 urterekin ezkondu nintzen. Enpresa bat sortu nuen, eta, lan kontuak zirela-eta, 1968an Orleansera joan ginen. Baina atzera berriro, Parisera. Enpresa saldu nuen, eta beste batean sartu nintzen, informatikako batean. Bost mila lagun izatera heldu ginen. Sail bateko buru izan nintzen, eta, geroago, enpresa osoarena. Bartzelonan, Londresen eta Kalifornian ere egon nintzen, enpresak bidalita, eta beti familiarekin joan nintzen.

Zer bizimodu zenuen Parisen?

Lanean edo etxean egoten nintzen. 1970eko hamarkadan Paris erdi-erdian etxe zahar bat erosi genuen, berritzeko dena; baratze bat zeukan. Nire inguruan betiko lagunak eta emaztearen familia zeuden, eta, batik bat, denbora librean etxekoekin egoten nintzen. Euskal Herrira sarriago etortzen hasi nintzen gero. Emaztea eta semeak lehenago etorri ziren hona, eta ni asteburuetan izaten nintzen. Duela hamabi urtetik, hemen bizi naiz. Orain 25 urte, ordea, anaiari lur puska bat erosi nion Senperen, Larraldean, etxea egiteko. Anaiaren emaztearen ama hemengoa zen.

Edouard Balladour ezagutu zenuen, gertutik. Frantziako lehen ministro izan zen 1993-1995era.

Informatikako lantoki hartako presidentea izan zen Balladour, bederatzi urtez. Haren aurretik, Georges Besse izan genuen presidente; 1986an, Regie Renault enpresa nazionalizatuko buru zela, hil egin zuen Accion Directak. Balladour Finantza ministro aritu zen, lehen ministro izan aurretik. Ez ginen eguneroko lagunak, baina harremanak bagenituen. Errespetu handiko gizona zen gurekiko, eta guk ere bagenion errespetua. Ni lanera mugildua nengoen erabat, baina inoiz aipatu nion Euskal Herriko gairik.

Adibidez?

Ipar Euskal Herrian Herrikoa sortu genuenean, kapitala bildu eta lantegi txiki batzuetan dirua banatzen hasi ginen, laguntza modura. Bigarren urtean, kapitala zabaldu nahi genuen, azalpen publikoak eman genituen zertarako zer diru hori, eta estatuak erran zigun ez zela legezkoa dirua publikoki biltzea, eta itzultzeko sosak. Herrikoan aipatu nuen ezagutzen nuela Balladour, eta aterako niola gaia. Atera nion. Badut artxiboan haren gutun bat. Hemengo jende batek zioen Parisera joan behar zela, manifestazio bat egitera. Ez nintzen horren aldekoa, Balladourrek horrela ezzigulako lagunduko, baina joan ziren Parisera, eta mobilizazio berezi bat egin zuten, harri-jasotzaileekin, Ezpeletako piperrekin, dantzariekin eta abar. Protesta alai bat izan zen. Estatuak auzibidean sartu gintuen. Epaitegiek, ordea, arrazoia eman ziguten. Herrikoak egun jarraitzen du, eta oraindik kontseilukidea naiz.

Euskara galtzear egon zinen.

Aitak Parisen beti egiten zigun euskaraz, baina 14 bat urterekin ohartu nintzen euskaraz egiteko erraztasuna galdua nuela. Etxean Euzko Deia jasotzen genuen, eta euskarazko testuak buruz ikasten hasi nintzen. Olerki txarrak argitaratzen zituen, baina… Berreskuratu nuen erraztasun bat.

Senperera etorri, eta Larraldea etxearen bidez-eta euskal kultura sustatzen zabiltza. Nola ikusten duzu kultur mugimendua?

Ikusten nuen bazela ikastolatik ateratako jende bat gauzak eginez, euskaraz mintzatuz, baina talde txiki horiek ez zutela euren artean harremanik, eta ofizialki ez zirela batere agertzen. Hasi ginen hori lantzen, eta orain izan dezakete aukera bat Larreko kultur aretoan. Iruditzen zait egun badela dinamika bat euskal kulturaren aldekoa Senperen. Baina fiteago eginen dute lan hori elkar komunikatzen badira. Euskaldunen historiaren memorial baten proiektua lantzen ere ari gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.