Patxi Zabalo. Ekonomia irakaslea

«Gure krisia ez da bizpahiru urtean konponduko: Japonian 20 urte daramate»

«Zergatik gaude krisian?» galderari erantzun argia ematen saiatuko da Patxi Zabalo EHUko irakaslea gaur, Elorrion. Azken hamarkadan zergak jaisteak ekonomiaren hilobia sakondu egin duela azalduko du.

LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Edu Lartzanguren.
2012ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Patxi Zabalok (Bilbo, 1960) Nazioarteko Ekonomia Harremanak irakasten ditu EHUn. Queremos una explicación clara: ¿por qué estamos en crisis? hitzaldia emango du gaur, 19:00etan, Iturri kultur etxean, Elorrion (Bizkaia).

Krisiaren zergatiaz azalpen argia ematekoa zara. Krisiaren kausak sinpleak dira?

Oro har, krisiaren jatorria ulertzen erraza da. Xehetasun teknikoak bai, zailak dira, eta hori da trikimailuaren parte bat. Krisia soldatak jaitsiz konpondu nahi izateak ez du zentzurik, soldatak behera ari direlako herrialde garatu guztietan azken 30 urteotan. Krisia gehiegizko etekinek eragin dituzte, finantzen kasinoan alferrik galdu dituztelako, politika neoliberalek merkatu hauei arauak kendu izanak eraginda.

Gaurko krisia 1929koarekin parekatuko duzu. Esan denez, 1929an, bankariek euren buruaz beste egiten zuten, eta orain, jende xumeak.

Bankariak barrez ari dira. Krisia sortu dute euren diru jokoekin, eta gero horren erantzukizuna gizartearen gehiengoari pasa. Sekulako etekinak lortzen jarraitzen dute. Ironia da. Ez zen halakorik izan 1930eko hamarkadan. Orduan ere espekulazio jokoa egon zen aurretik, hamar urtez, eta gero ekonomia murriztu egin zen ia hamar urtez. Gauza bera gertatzen ari da orain. Baina hortik aurrera alde handiak daude. Gehiago begiratu beharko genioke Japoniak 1991-1992tik aurrera pairaturiko krisiari.

Zergatik?

Oraindik ez delako amaitu. Munduko bigarren ekonomia zen orduan. Araugabetzeak etxegintzaren inguruko espekulazio ikaragarria ekarri zuen. Burbuila lehertu egin zen, eta bankuak eraman zituen aurrean. Hogei urte daramate hazkuntzarik gabe, zauri horiek sendatzea oso zaila delako. Espainian burbuila hori askoz handiagoa izan da. Gure krisia ez da konponduko bizpahiru urtean.

1930ko krisitik ateratzeko, kapitalismoari mugak jarri zizkioten, New Deal delakoan. Eta orain kontrakoa egiten ari gara?

Gobernuek orduan, gastatu egin zuten, zorrak gero ordaintzeko, ekonomia bideratzerakoan. Haatik, Europan uko egin diogu konponbide horri, Maastrichteko Itunak behartzen gaituelako zorra azkar itzultzera. Zorra pixkanaka itzultzeko aukera izanez gero, ez genuke halako arazorik izango.

Nolatan hustu dira horren azkar erakundeetako diru kutxak?

Neoliberalismoaren politika publikoen, zergak, edo zergen progresibitatea, jaisten joan direlako isilean. Horren eraginez, krisia heltzen denean, diru sarrerak oso azkar jaisten dira. Europan krisia izugarri sakona da, 1990tik sozietateen edo ondasunen gaineko zergak jaitsi egin dituztelako, hau da aberatsenei eragiten diotenak.Zerga progresibo gehiago behar ditugu aberastasuna banatzeko, eta lana banatu.

Bestela jokatzeko aukerarik ba al dugu Euskal Herrian?

Lan harremanen euskal eremuan saia gaitezke esku hartzen, eta zergak berreskuratu. Zaila da uharte bat izatea, baina gizarte politika indartsuagoak izan ditzakegu.

Espainiak Europatik kanpo eramango gaitu?

Espainia ez da eurotik aterako, hori euroaren amaiera litzatekeelako ia, eta Alemaniako industrialariei ez zaie komeni. Soldatak asko jaitsiko dituzte, eta horrela lehiakorragoak izango gara, txinatarrei kopiatuz. Baina hori ez da nahi dugun gizarte eredua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.