Farmazialaria

Iñigo Puente: «Gustatuko litzaidake ehun urte barru botika bat izan dadila oraindik ere»

Balantza zahar batek, ateko kanpaiaren hotsak eta bezeroen oroitzapenek ehuntzen dute Puente farmaziaren egunerokoa: teknologia berrien eta bi mendeko ohituren arteko bizikidetzan oinarritutako ereduari eusten dio Puentek.

Iñigo Puente, farmaziako egungo jabea. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Iñigo Puente, farmaziako egungo jabea. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
unai etxenausia
2026ko urtarrilaren 2a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gasteizko Alde Zaharrean, bada farmazia bat berrehun urte daramatzana ateak irekita, etenik gabe. Gaur egun Iñigo Puente (Gasteiz, 1976) da ondare horren arduraduna. Nahiz eta inondik ere ez izan munduko farmaziarik zaharrena bezain antzinakoa —Tallinen dago, eta 1422koa da—, berrehun urteko ibilbidea izatea azpimarratzekoa da egungo garaietan, gero eta zailagoa baita saltoki historikoek bizirik irautea aldaketa sozialen eta erreleboa aurkitzeko zailtasunen ondorioz.

Puente farmaziaren ateak zeharkatzea denboran atzera egitearen parekoa da: zurezko edukiontziek, altzari modernista eta neoklasikoek, ispilu zaharrek eta sabaiko margolanek ia bere horretan eutsi diote. Farmazia Francisco Fernandez de Arellano  y Bernalek sortu zuen, XIX. mendearen hasieran; 1911n Lucas Puentek erosi zuen, 25.000 pezetaren truke, eta, ordutik, Puente familiaren eskuetan egon da, Gasteizko ondarearen parte bizi bihurtuta.

Noiz konturatu zinen ez zenuela farmazia bat bakarrik kudeatzen, baizik eta baita Gasteizko historiaren parte bat ere?

Ez dakit guztiz ohartzen naizen oraindik ere. Orain, agian, kontzienteago naiz, baina argi dago zerbait garrantzitsua daukagula esku artean, eta zaindu beharra dagoela. Gasteizen badago farmazia bat berrehun urtez irekita egon da, eta hori marka bat da.

Farmazia barrutik. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Farmazia barrutik. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Inoiz izan al duzu saltokia erabat modernizatzeko tentaziorik, alde historikoa galduta ere?

Farmaziari dagoen bezala eustea lorpen bat da, baina ez nirea bakarrik; aurretik egon direnena ere bada. Horrela mantentzeak beste mota bateko farmazia bihurtzen du. Nik ideia horrekin jarraitu dut, nahiz eta aldatzeko proposamenak egin dizkidaten. Baina dagoenari eustea izan da helburua beti: ontziak, margoak, egitura… eta egiturari eutsita modernizatzea zaila da. Gaur egungo farmaziak oso handiak dira kanpotik, eta oso txikiak barrutik; gurea, berriz, kontrakoa da: barrutik oso handia, eta kanpotik txikia. Aldaketak egiteko asko sakrifikatu behar da ondarean, eta eutsi egin nahi diogu historia zati horri.

Zein da farmaziako objekturik zaharrena edo bitxiena?

Bitxiena balantza da, oraindik erabiltzen dugu eta: 120 urte ditu.

Kutxa erregistratzaile zahar bat ere baduzue.

Hori ere bitxia da, eta ez dugu erabiltzen, baina bere garaian ordenagailu baten parekoa zen. Balio historiko handia dauka.

Kutxa erregistratzaile zaharra. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Kutxa erregistratzaile zaharra. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Zein izan da, zure ustez, farmazialari lanbidearen aldaketarik handiena zu lanean hasi zinenetik gaur arte?

Teknologia: errezeta elektronikoa erabiltzen hasi, eta papera desagertu egin zen.

Eta zer da, bestalde, berrehun urte hauetan ia batere aldatu ez dena?

Helburua ez da aldatu: pazienteen arazoei erantzuna ematen saiatzea, pazienteei denetan laguntzea.

Belaunaldi askoren ondorengoa zarela konturatzean, zer sumatzen duzu gehiago, erantzukizunaren pisua ala harrotasuna?

Opari bat daukat esku artean, baina lana ondo egitea da garrantzitsuena.

Badago prentsan edo liburuetan agertzen ez den familia istoriorik, bereziki gogokoa duzunik?

Berrehun urtez farmazia leku berean egotea da bitxiena. Inork ez du lekuz aldatu negozioa, eta hori pentsaezina da gaur egungo ikuspegitik begiratuta.

Eta zehatzago, beste istorio bat?

Esaten zidaten botikan hitzaldiak antolatzen zirela: medikuek, adibidez. Ez dakit politikariek ere egiten zituzten.

Gasteizko jendeak, eta bereziki gazteek, badakite berrehun urteko negozio baten paretik pasatzen direla?

Gazteak zorionez ez dira asko etortzen, osasunez ondo daude eta. Orain, sare sozialetan pixka bat gehiago hitz egiten da negozioaren inguruan. Askok, sartzen direnean, esaten dute: «Gasteizkoa naiz, eta ez nuen ezagutzen». Alde Zaharrera gauez etortzen dira gazteak, eta botika itxita dago.

Zurezko edukiontzi zaharrak. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Zurezko edukiontzi zaharrak. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Zure birraitona Lucas gaur farmaziara sartuko balitz...

Harritu egingo litzateke. Mantendu duguna mantendu izanak harrituko luke, baina barruko aldaketak izugarriak dira: errezeta elektronikoa, medikamentuak, ordenagailuak… Lehen, laborategiak hartzen zuen farmazia ia osoa; gaur egun, laborategia oso txikia da, eta ia ez dugu erabiltzen.

Hainbeste urtean, bezero leialak bildu izango dituzu.

Lokalak eta aurretik egon den familiako jendeak eman dio hori. Ondo tratatuak izan dira, eta nire familiako kide asko ezagunak dira: «txikia nintzenean amak ekartzen ninduen», eta halako beste asko entzuten ditut.

Uste duzu ehun urte barru zu ere oroituko zaituztela?

Galdera zaila da. Gustatuko litzaidake esatea lana ondo egin dudala, profesional ona izan naizela eta historiari eusteko lana egin dudala. Eta, batez ere, gustatuko litzaidake ehun urte barru botika bat izan dadila oraindik ere.

lotsabako

Farmazian gehien gustatzen zaizun soinua?
Ateko kanpaia.

Bezeroek gehien eskatzen duten medikamentua?
Lo hartzekoak eta mina kentzekoak.

Inoiz gertatu zaizun gauzarik barregarriena?
Medikamentu bat gaizki ematea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.