Gutxi batzuek lortu dute tronua

Zumaiako Alondegia kultur etxearen inguruan jendetza elkartu zen atzo, herrian grabatuko duten 'Game of Thrones' telesailerako estren hautaproban. Denera berrehun hautatuko dituzte telesailean aritzeko, eta hilaren 20tik 31rako grabaketetan izango dira.

Soilik altuera jakin bateko gizonezkoek izan zuten aukera atzo Game of Thrones-en estren hautaprobara aurkezteko. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Julen Aperribai.
Zumaia
2016ko urriaren 11
00:00
Entzun
Gameof Thrones telesail ezagunean estra moduan aritzeko hautaprobarako ilara luzeak Zumaiako (Gipuzkoa) Alondegia kultur etxea inguratu zuen atzo. Orain hilabete pasatxo izan zen lan poltsan izena emateko eguna, eta, orduko hartan gertatu zen bezala —1.100 lagunek eman zuten izena—, atzo ere izan zen non aukeratua. Gehienak goizean goiz joan ziren, baina bazen, horien artean, gaua bertan pasatu zuenik ere. Ilaran leku ona hartzeko besterik ez bada ere balio izan zien azken horiei lo orduak kalean egin izanak. Izan ere, iritsitako ordenaren arabera hautatuko zituztela esana zuten antolatzaileek: 200 guztira. Hautatzen dituztenak Zumaian (Gipuzkoa), Barrikan (Bizkaia) eta Bermeoko (Bizkaia) Gaztelugatxen egingo diren grabaketetan izango dira urriaren 21etik 30era.

Bertara aurkeztutakoek bazekizkiten estrak kontratatzeaz arduratu den Mod Expor Internacional enpresak ezarritako baldintzak: gizonezkoa, sasoikoa, 1,78-1,95 metro garai, Zumaiakoa edo eskualdekoa, tatuajerik gabea eta, ahal bada, militar gisa esperientzia duena. Eskakizun nagusi horiek ez zuten jendea atzera bota, hala ere, eta bertan ziren, baldintzak bete zein ez. Horien artean zen Alex Lopez zumaiarra. Bi tatuaje ditu, eta altuera baldintza ere ez du betetzen. Hala ere, proba Zumaian bertan denez, eta telesailaren jarraitzaile «porrokatua» izanik, «probatzea» erabaki zuen, «ea zorterik dagoen». Antzera egin zuen Paul Estankonak; baina, kasu horretan, urrutiagotik joanda. Goizean goiz hartu zuen trena Durangon (Bizkaia). 54 euro garbi ordainduko zaie lan egun bakoitzeko hautatuei. Estankonari, baina, soldata gutxienekoa iruditzen zaio: «Kobratu gabe lan egiteko prest egongo nintzateke, hor egotearren», aitortu zuen.

Inoiz telesail ezagunaren kapitulurik ikusi gabeko bakarren bat bazen jendetzaren artean, baina, oro har, telesailaren jarraitzaile sutsuak ziren ilarako gehienak. Horien artean zen Mungiako (Bizkaia) Aitor Urrutia. Itxaropen eta ilusioz beteta joan zen, gertatzen dena gertatuta ere hautaproban egoteak merezi baitu beretzat. Baldintzak bete eta ilaran aurreko partean jartzea lortuta, ez zukeen hautatua izateko arazo handirik izan behar, hasiera batean. Atzeraxeago zegoen Julen Ibarra donostiarra. Lagun taldearekin batera joan zen. Baldintzak betetzen dituelakoan zegoen, «baina behar bezala irakurri ez» zituenez, zalantzak zituen. Hautatua suertatuz gero, presentzia hutsarekin konformatuko litzateke, baina aktore ezagunen bat ikustea «oso ondo» legokeela adierazi zuen.

Hautaproba kanpoan ere

Kultur etxeko ateak zabaltzearekin batera, baina, aukerarik gabe geratu ziren ilaran zeudenetako asko. Lehen aukeraketa egin zuten antolatzaileek, eta hautagaiei nortasun agiria eskatu zieten. Eskatutako adinetik beherakoak kanpoan geratzean, kexa oihu batzuk izan ziren. Baldintza hori ez zegoen zehaztuta, nonbait, kexu zirenek ziotenez. Itxura fisikoa ere izan zuten kontuan, eta horrek hautaketatik at utzi zituen beste asko.

Hautaproba hasia zegoen kanpoan, eta hala azaldu zuten barrura sartu zirenetako batzuek ere. «Barrukoa lan elkarrizketa moduko zerbait izan da, eta fisikoa hartu dute kontuan gehienbat», esan zuen Bilbotik joandako Luis Gainzarainek. Neurtu eta fitxategi bat «zehaztasun handiz» betearazi zietela esan zuen. Sentsazio onarekin atera zen, eta lasai zegoen: «Gurekin harremanetan jarriko direla esan digute». Aurrez ere halako lanetan aritutakoa da: azkena, Koldo Serraren Gernika filmean. Telesailaren hautaproba, ordea, «serioagoa eta profesionalagoa» iruditu zitzaion: «Esan digute, adibidez, lehen filmazio egunaren aurretik jantziak probatzeko beste egun bat egongo dela. Horrelako gauzak berriak dira niretzat». Gaua bertan pasatuta zegoen, eta esperientzia horrek merezi izan zuela argi zuen: «Probatu beharreko esperientzia bat da, nahiz eta ateak zabaldu orduko kanpoan utziko zaituzten arriskua egon». Harremanak egiteko ere baliatu zituzten ordu luzeak. «Oso ondo dago; jendea ezagutu dut. Whatsapp talde bat ere sortu dugu», adierazi zuen.

Hautatua suertatuko zen ala ez baino gehiago, hautaproban bertan bizitakoa azpimarratu zuen Zornotzako (Bizkaia) Jurdan Eeles ere: «Nire ilusio nagusia hemen egotea zen, eta, hortik aurrera, azkenera arte saiatzea besterik ez zait geratzen». Itxaronaldian lagunak egin izana ere aipatu zuen «gauza positibo» gisa. Behin proba pasatuta, aurretiko urduritasunak ahaztuta hitz egin zuen. Ez zuen, halere, barruan egindakoari buruz detaile askorik eman nahi izan, antolatzaileen errespetuz. «Oso profesionala» izan dela adierazi zuen: «Sakelakoa ere ezin zen atera, inork argazkirik atera ez zezan».

Zuzenean probaren bat egingo ziotela uste zuen, bestalde, Santurtziko (Bizkaia) Asier Gamezek, baina ez zen hala izan. Datu batzuk jaso eta galdera gutxi batzuei erantzun behar izan zien. Oso «light-a eta inpertsonala» iruditu zitzaion hautaproba. Hautatzaileen aurrean emandako itxura ez zekien ona ala txarra izan zen, baina deituko zioten itxaropenarekin utzi zuen Zumaia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.