Aurreneko lerroak bost silaba ditu; bigarrenak, zazpi; eta hirugarrenak, bost. Haikuak hiru lerroko poemak dira. Josu Jimenez Maiak (Iruñea, 1967) bere hirugarren haiku liburua aurkeztuko du gaur jaioterrian: Errautsetan idatzitako haikuak. Iruñeko Karrikiri elkartean da hitzordua, 19:30ean.
Hirugarren haiku liburua duzu.
Urte askoan egindako haikuak daude liburu honetan, azken 11 urteetakoak. Asko gelditu dira bazterrean. Aurrekoak ez bezala, hau ez dago antolatuta urtaroz urtaro, ez dauka atalik; orri bakoitzean bat dago. Haikuak noizik behin behar dira hartu; aski da bat edo bi irakurtzea. Ez da komeni denak aldi batean irakurtzea, ez da komeni betekada hartzea...
Kalean haikuak harrapatzen joaten omen zara...
Bai. Bada idazle bat, duela mende batekoa, Iparraldekoa, nahiko ezezaguna: Jean Etxepare. Medikua ezizena zuen, medikua baitzen, eta herrietan hitz ehiztaria erraten zioten, hitzen bila ibiltzen zelako baserriz baserri. Aldudeko [Nafarroa Beherea] eta inguruko laborariei galdetzen zien ea nola esaten zioten tximeletari, mitxeletari, pinpilinpauxari... Beti ibiltzen zen galdezka euskarazko hitzei buruz. Haiku ehiztari baten gisa sentitu naiz ni. Beti ibiltzen dut kaier txiki bat.
Une bat dira.
Bai, poema guztiak dira une bat. Wisława Szymborskak hori esaten zuen bederen. Badu poema eder bat horrela deitzen dena, Unea. Haikuek une batean gertatzen dena transmititzen dute. Ez dute sentimendu bat transmititzen, horretarako badago poesia lirikoa. Benedettik esaten zuen bezala, artefaktu poetikoak dira.
Nola iritsi zinen haikuetara, edo, beste era batera esanda, nola iritsi ziren haikuak zuregana?
Reikoren bidez. Iruñean bizi zen emakume japoniar bat zen Reiko. Senarra multinazional baten ordezkaria zen, eta bera denbora luzez egoten zen Yamaguchi liburutegian. Ni haikuak irakurtzen hasi nintzen, gero haikuak euskaratzen eta gero idazten. Ryookan itzultzen ari nintzenean, galdera asko egiten nizkion Reikori. Berak beti esaten zidan euskarazko haikuak sortzeko. Hala hasi nintzen...
Gereziak eta orbela eraman zenituen titulura zure aurreneko bi haiku liburuetan: Gerezi garaiko haikuak eta Orbel azpiko haikuak. Orain, errautsak...
Ryunosuke Akutagawa haikugileak badu liburu bat: Errautsetako haikuak. Horrenbeste gustatu zitzaidan, erabaki nuen omenaldi bat egitea. Akutagawak bere buruaz beste egin zuen, oso bizitza latza izan baitzuen, eta nire liburua haren heriotzaren urtemugan atera zen inprimategitik, uztailaren 24an. Niretzat erreferente bat da. Rashomon idatzi zuen. Narratibagatik da ezaguna batez ere, baina haren haikuak ederrak dira.
Eta kamishibai? Zer da?
Japoniar kultura xarmagarria da. Reikoren bidez ezagutu nuen. Kamishibai paperezko antzerkigintza da; kami papera da, eta shibai antzerkia. Ipuinak kontatzeko teknika bat da. Eskoletara joan gara, tailerrak egin ditugu, eta sahararrak errefuxiatuta dauden kanpalekuetara ere eraman ditugu.
Japoniak bezainbeste liluratu zaitu Saharak.
Oporrak Bakean programari esker, neskato saharar bat ekarri genuen, elkartasunagatik, konpromiso politikoagatik. Ez ditut babesten jarrera neokolonialistak. Ezagutzen dut haur sahararrak ekarri eta joaten direnean esan duenik beren herrialdera itzuli direla. Ez dute deus ere ulertu: haien lurraldea okupatuta dago. Haurrak haima batzuetara itzultzen dira, errefuxiatuen kanpalekuetara, ez Mendebaldeko Saharara.
Kabiak Bubisher proiektua ere sortu zenuten.
Bai, hemen bezala haur sahararrak ere pantailari begira ikusten genituen, eta liburuak eramaten hasi ginen. Liburutegi ibiltariekin hasi ziren, eta orain wilaya guztietan daude liburutegiak. Bubisher txoritxo bat da, eta txori horiek pausatzeko habiak dira liburutegiak. Kamishibaiak ere eraman ditugu, sahararrek euren kultura kontatu dezaten; dena den, ez dugu hemengo mentalitatea hara eraman nahi. Han beste erritmo bat dute, gerran daude, eta janari faltan daude.
Ernest Hemingwayren obra arakatzen ere ibili zara, beti letren abaroan...
Hala da. Aezkoakoa genuen ama, Olaldeakoa, Garraldakoa [Nafarroa]: Maia. Ama zenaren baserrira joaten naiz maiz, hango mintzataldea dinamizatzen baitut. Hemingway han ibili zen gazte zelarik; Aezkoan eta Iratin. Kontua da haren irudia erabat distortsionatuta iritsi zaigula, erabat lausotua; ez zen bakarrik izan zurrutero, andrezale eta zezenzale amorratu bat. Ez zen agure endekatu bat. Jakin-min handia zuen, eta halako batean euskaldunak deskubritu zituen. «Theses basques are sweet people», idatzi zuen; euskaldun hauek zoragarriak dira.
Literatur ibilbideak egiten dituzue ibarrean.
Estereotipo batekin hautsi nahi dugu, eta, bide batez, haren obra ezagutzera eman. Iaz ekin genion ibilbideak egiteari. Euskal Herrira etorri zela ehun urte bete ziren. Hemingwayren iturria bisitatzen dugu. Zaharrek hala deitzen zioten, hark asko maite omen zuelako iturri hori. Hemingway horrek ez du zerikusirik frankismoak moldatutako irudi karikaturista horrekin. I. Mundu Gerran egon zen, zauritu egin zuten, ideologia bat zuen, kritikoa zen, antimilitarista... Haren poemak guztiz ezezagunak dira. Niri haren literatura interesatzen zait. Ipuingintzan izan zen bereziki ona; haren testu labur horiek, menpeko perpausik gabe, ia-ia telegrafikoak, asko esaten dutenak, baina asko ezkutatzen dutenak... Duela mende bat hori sekulako berrikuntza izan zen literaturan.
LOTSABAKO
Haikugile bat?
Bashoo edo Shiki esan nezakeen, baina Ryunosuke Akutagawa esango dut. Gazteleraz atera duten haren azken liburua ederra da oso: Caja de marionetas [Txotxongilo kutxa].Idazle bat?
Wilkie Collins.Leku bat?
Txerbola mendia, Garraldan [Nafarroa]. Garraldako batek esaten zuen Erromaren parekoa zela Garralda, zazpi muin baititu. Txerbola da horietako bat, eta bertatik zoragarri ikusten da herria.