Kabinara igo da pilotu gaztea. Goizeko hamarretan piztu du helikopteroko motorra, eta azkar bizian jarri da helizea bueltaka. Haize handia eragin du, baina berehala iritsi dira lehenengo hiru bidaiariak. Barrura sartu dira. Entzungailuak jarri dituzte, eta bidaia hastera doala esan die pilotuak. Aireratu da helikopteroa.
Hodeietaraino iritsi gabe, ia zuhaitzen hostoak ukituta egin du hegan. Leitzatik atera da (Nafarroa), turistei inguruko paisaia berdeak erakusteko. Aitzol Apalantza errezildarrarena da proposamena, eta hark gidatu du helikoptero turistikoa ere. Herrialde Katalanetatik ekarri du ideia: «Han hegaldi turistikoak egiten ditugu, eta nire ametsa beti izan da Euskal Herrira etortzea lan egitera. Aukera sortu zen, eta nagusiak laguntza eman zidan». Ikaragarri gozatzen du Apalantzak helikoptero gainean, baina bere ametsa betetzeko pixkanaka joan behar dela dio. «Hau aurreneko proba da». Astebetez baino ez da egongo Euskal Herrian.
Astelehen goizetik arratsaldeko zazpiak arte ibili da BG Helicopters enpresako helikopteroarekin Leitza inguruan bueltaka, eta hamar minutuko bidaiak egin ditu, 60 euroren truke. Atzo eta herenegun, Errezil eta Azkoitiko mendiak erakutsi zituen (Gipuzkoa), eta, gaur, Zizurkilen ibiliko da (Gipuzkoa). Azkeneko eguna da, baina oraindik bada erreserbak egiteko aukera (629-68 50 40). «Oso aste polita da horrelako hegaldiak egiteko», esan du Apalantzak helikopteroari gasolina bota bitartean. Festen hirugarren egunean egon da Leitzan, eta Azkoitian ere festetan egon da. Eguraldiak, gainera, erabat lagundu die. Egun argitsua izan zuten astelehenean Leitzan. «Haizerik ez». Hegan egiteko aproposena. Eta bidaiariek ere eskertu egiten dute. «Ez da batere mugitzen», esan dute gehienek ateratakoan.
Baina mugimenduarena irudipena baino ez da. Helikopteroak orduko 160 kilometroko abiadura hartzen du, eta orduko 200 kilometrokoa ere bai jaisten ari denean. Hala ere, ez dirudi azkar doanik. Eroso egiten da hegan eserita. Mendiko zuhaitz berdeak, oinez dabiltzan mendizaleak, herriko etxeak, errekak... Garbi-garbi ikusten dira denak airetik. «Ez da hegazkin batean joatea bezala, helikopteroan xehetasun guztiak ikus daitezke», azaldu du Apalantzak mikrofonotik. Kabinan sartuta, entzungailuekin ia ez da soinurik antzematen, eta lurralde berdeaz gozatzeko aukera baino ez dago. «Herrialde Katalanetan dena da horia; hemen, ordea, berdea. Askoz politagoa».
Ibilbide finkorik ez
Hamar, hogei edo 30 minutuko bidaiak egin daitezke helikopteroan, eta hiru pertsona joaten dira bidaia bakoitzean. Hamar minutuko hegaldietan, Leitza, Areso, Pagozelai, Uitzi eta Gorriti herrien gainean egin zuen hegan astelehenean. Hala ere, ez dauka ibilbide finkorik. Jende asko hurbildu zen, astelehenean, Leitza airetik ikustera. «Aurretik 30 lagunek eman zuten izena, eta gero, helikopteroa ikusi ahala, jende gehiago ere animatu da». Esperientzia berria delako edo norberaren etxea airetik ikusteko joaten dira gehienak. Leitzan, 87 urteko emakume bat ere animatu zen. Aitaren baserri zaharra ikusi nahi zuen. Baserrira ezin da autoz iritsi, eta hondatuta dago. Ilusionaturik atera zen emakumea helikopterotik, eta pilotua ere pozik zegoen emakumearen irribarrea ikusita. «Gehien baloratzen dudana da jendea gustura jaisten dela ikustea», dio.
Jendeak errepikatu nahi izatea da haren asmoa, hurrengo batean ere horrelako bidaiak egin ahal izateko. «Lau egun hauetan lan pixka bat egitea tokatzen da; ostiral eta larunbatean egingo dugu emaitzen inguruko balorazioa». Hegaldi turistikoak hemen egin ahal izateko nahia du, baina, oraingoz, Zizurkilen baino ez dago txorien antzera mendien gainetik hegan egiteko aukera.
Hamar minutuz txori bilakaturik
Euskal Herriko mendi eta herriak airez ezagutzeko hegaldi turistikoak eskainiko ditu helikoptero batek, astebetezLeitza, Errezil eta Azkoitian egon ondoren, gaur Zizurkilen izango da helikopteroa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu