Bilboko Aste Nagusia

Harremanak estutzeko sokak

Bazkaldu ostean, Bilboko Arriaga plazara joan dira konpartsetako kideak: elkarren aurka aritu dira herri kiroletan. «Lehia sanoa izaten da», ziurtatu dute.

Txinparta Feminista konpartsako kideak Mekauenekoen kontra gaur arratsaldeko sokatiran, Arriaga plazan. ARITZ LOIOLA / FOKU
Txinparta Feminista konpartsako kideak Mekauenekoen kontra gaur arratsaldeko sokatiran, Arriaga plazan. ARITZ LOIOLA / FOKU
amaia igartua aristondo
Bilbo
2025eko abuztuaren 23a
19:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bilboko Arriaga plaza, kolore askotako elastikoz beteta. Erdian, bi soka lodi, eremua ia alderik alde zeharkatzen dutenak. Aurkezlearen esanetara, taldeak hurbildu egin dira, eta bakoitza soka mutur batean ipini; erdialdera bildu dira, halaber, animatzaileak, beren konpartsaren bandera mardula eskuetan. Atzerako kontaketa bozgorailuetatik, eta zaratotsa bat-batean: hasi da norgehiagoka.

Lehia da, baina xehetasun bereziak ditu: lehiakortasunik gabeko diziplina bat da, elkartzeko aitzakia bat, batik bat. Eta halakoa izanik, kirolean parte hartzeak bezainbesteko garrantzia du lagunak animatzeak. Sokatirako zortzi pertsonako taldetik kanpo geratu da Hor Dago Abanteko Unai Callado Iza, baina gogotsu dabil bandera astintzen, eta ozen egiten die bultza konpartsakideei. Ekitaldi «polita» izan ohi dela azpimarratu du. «Konpartsa guztiak batzen gara plazan. Lehia sanoa izaten da, baina baten batek irabazten du beti, eta beste batek galdu... Ederra da ikustea zaleek nola animatzen duten, nola ospatzen, denak batuta...».

«Bigarren larunbata da, eta nabaritzen da egun asko daramatzagula; oraindik badago indarra, baina handirik ez, eta garrantzitsua da ondo eta asko jatea, geroko herri kiroletan ere indarra izateko»

UNAI CALLADO IZA Hor Dago Abante konpartsako kidea

Abantek galdu egin du Txori Barroteren kontra, baina garrantzi gutxi eman diote batzuek zein besteek; aurkezleak iragarri duenean Txori Barrote atera dela garaile, bi taldeek tira egiten segitu dute segundo batzuk gehiago. Ez dirudi arauak asko axola zaizkienik, eta emaitza, are gutxiago; aurkezleak berak ere txantxetan hartu du anekdota, eta barrez hasi da txilioka, ahots urratu batez: «Txori! Txori!». Konpartsakideen bazkarian bapo janda eta edanda joan dira arratsaldeko herri kiroletara, eta gogobetetasun irribarrea dute guztiek. «Bazkaria oso ondo atera da», berretsi du Calladok. «Bigarren larunbata da, eta nabaritzen da egun asko daramatzagula; oraindik badago indarra, baina handirik ez, eta garrantzitsua da ondo eta asko jatea, geroko herri kiroletan ere indarra izateko».

Txosnatik ateratzeko

Sokari tiraka ibili ostean, beste taldeen balentriei adi-adi dago Maite Fombellida Txinparta Feministako kidea. «Oso gustura ibili naiz. Azkenean, esan egin digute nola jarri behar genuen; teknika ere badu, baina ondo pasatzea da garrantzitsuena». Konpartsakide multzo bat du alboan, baina, Arriagako anabasan, nahastuta bukatu dute ezinbestean: Txinpartaren kamiseta more baten ondoan, Satorrak-en hainbat hori ageri dira. Hain justu, helburu hori du saioak: hartu-emana. «Urtean ere hainbat ekintza egoten dira konpartsakideak elkarrekin egon ahal izateko; Aste Nagusian, aste osoan bakoitza bere txosnan dabil, baina badaude momentuak denak batzeko, elkarrekin gozatzeko eta ondo pasatzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.