Bilboko Aste Nagusia

Goizegi hasi, nekez bukatu

Konpartsakideen arabera, Bilboko aurtengo jaietako lehen egunetan aurreko urteetan baino jende gutxiago ibili da. Datei eta eguraldiari egotzi diete errua. Dena dela, giroa ona izan dela nabarmendu dute.

Kaixo konpartsako kideak, gaur, konpartsakideen arteko bazkarian. ARITZ LOIOLA / FOKU
Kaixo konpartsako kideak, gaur, konpartsakideen arteko bazkarian. ARITZ LOIOLA / FOKU
amaia igartua aristondo
Bilbo
2025eko abuztuaren 23a
16:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azkenetan dago Bilboko Aste Nagusia. Eta, beharbada horren ondorioz, hil hurrenaren hondarreko indar guztia bilduta daukala dirudi. Izan ere, sarkorragoak ematen dute kaleetako usainek, zaratatsuagoak txosnetako musikak eta jendearen hizketaldiek, eta bortitzagoak eremu batetik bestera pasatzean dauden soinu eta paisaia aldaketek. Bederatzi egun asteburu bakarrean pilatuta baleude bezala. Konpartsakideek lanpetuago dirudite, hazpegi goibelagoa dute komunak zaintzen ari diren beharginek, eta estuagoak dira eguerdirako han-hemen osatu diren jende multzoak. Azkenetan dago Bilboko Aste Nagusia, baina hasiberriaren hauspoa du oraindik.

Bilboko jaiak ez baitira bukatu. «Ez, ala?», bota du, ironikoki, Aixeberri konpartsako kide batek, neke aurpegi agerikoaz, baina txantxetarako gogoz, halere. «Luzeegiak dira», ebatzi du jarraian. Aldarte festazaleagoa du haren kideak, Joseba Artetak. «Hemen jarraituko dugu jo eta ke, jaiak amaitu arte». Konpartsen arteko bazkaria izaten da bigarren larunbatean, eta Aixeberriko lagun batzuk txosnatik sartu eta irten ari dira etengabe, otordua prestatzen. Arteta trankil antzean dago, jesarrita, bukatua baitu bere beharra. «Marmitakoa eginda dago, eta kristorena atera zait. Ea lehiaketa irabazten dudan», adierazi du, umoretsu —haiek irabazi dute, azkenean—.

«Elkar ezagutzeko egiten ditugu konpartsen arteko bazkariak, harremanak egiteko ez bakarrik gure konpartsakoekin, baizik eta baita beste konpartsetako kide batzuekin ere»

IRATI LARRAÑAGA ETXEBARRIA Kaskagorri konpartsako kidea

Aixeberriko kide guztiek ez dute dastatuko, ordea, batzuek amore eman dute eta. «Tamalez, batzuk bidean geratu dira: gripeak, hotzeriak eta abarrekoak izaten dira. Hemen gaudenok justu-justu iristen gara, baina, oraingoz, indartsu gabiltza», berretsi du Artetak.

Haren irudiko, aurtengo Aste Nagusia «oso ondo» joan da, eta konpartsen arteko giroa ere nabarmendu du. Bat datoz balorazioarekin Kaskagorriko Irati Larrañaga Etxebarria eta Uxue Iturriondo Garcia, baina ñabardura bat egin dute. «Aurreko urteetan baino jende gutxiago egon dela nabaritu dugu», azpimarratu du Iturriondok. «Batez ere, aste hasieran. Ostegunetik aurrera nahikoa jende etorri da, eta giro polita izan dugu; behintzat, Arriagako atzealdea beteta egon da».

Edozelan ere, espero zen aurtengo jaiek nekez hartzea martxa; edo, behinik behin, hala aurreikusita zeukaten Askapeñakoek. «Oso goiz hasi dira; jendea oporretan dago», nabarmendu du Eider Ruiz konpartsakideak. Iruditzen zaio eguraldiak ere ez duela lagundu, goibela izan baita, oro har, eta euri zaparradak izan dira zenbait egunetan. Horien onodrioz, beste urte batzuetan baino jende gutxiago joan zaie txosnara, baina halere jendea batu izana azpimarratu du Ruizek, eta ostiralean festak hauspoa hartu zuela. Oraingoz inpresioak baino ez dira, irailean bilduko baitira konpartsa guztiak hasierako balorazioa egiteko, kontatzeko zer atera den ondo, eta proposatzeko zer hobetu beharko litzatekeen datorren urtera begira.

(ID_15245858) (Aritz Loiola/@FOKU) 2025-08-23, Bilbo. Aste Nagusia
Bazkarirako mahaiak prestatzen. ARITZ LOIOLA / FOKU

Jende kopurua gorabehera, pozteko bestelako motiboak ere badituzte Askapeñakoek: konpartsa indartsu dago kideei dagokienez. «Belaunaldi aldaketa kostatzen ari da; gazteei kostatzen ari zaie etortzea. Baina joan den urtetik hona, jende berria etorri da, eta pixka bat hasita gaude umeak berreskuratzen».

Kaskagorrira ere gazte asko batu dira aurton, eta Altxaporrue «potente» dago. Baikorra da Iratxe Errekalde Altxaporrueko kidea: Agur kanpainara batu da konpartsa, eta Coca-Cola konpainiaren produktuei boikot egitea erdietsi dute. Oraingoz, freskagarriekin eman dute hasierako pausoa, eta datorren urtetik aurrera Israelekin zerikusia duten produktu guztiak baztertzen saiatuko dira, Gazako gerrak jarraitu zein ez. «Espero dugu konpartsa guztiak batzea, eta Palestinari behar duen ahotsa ematea Marijaiarekin batera». Errekaldek aitortu du, dena dela, buruhaustea izan dela. «Zaila izan da hornitzaileen bitartez produktu alternatiboen horrelako kopurua lortzea».

Tiketa, bai ala ez?

Txosna gehientsuenetan itsatsi dituzte zera dioten orriak: ez dutela datafonorik, eta ezin dela txartelarekin ordaindu. Litekeena da halako ohartarazpenak aurten desagertzea. Izan ere, txosnek Batuz sistemara lotu beharko dute datorren Aste Nagusirako. Ebazpen horren inguruko gaitzespena agerikoa izan da dekorazioetan, baina, konpartsakideei galdetuta, oraindik heltzeko dagoen mehatxu baten antza dauka. «Espero dugu ez ezartzea», esan du Ruiz Askapeñako konpartsakideak, eta aitortu du oraindik ez direla hasi aldaketarako prestatzen, baina laster ekin beharko diotela, ziurrenik. «Ez da erraza izango: ordu jakin batzuetan datafonoak saturatzen badira, kaotikoa izango da. Ea egoerari nola egiten diogun aurre».

«Belaunaldi aldaketa kostatzen ari da; gazteei kostatzen ari zaie etortzea. Baina joan den urtetik hona, jende berria etorri da, eta pixka bat hasita gaude umeak berreskuratzen»

EIDER RUIZ Askapeña konpartsako kidea

Errekalde Altxaporrueko konpartsakideak argi laga du sistema berria ezar dezaten galarazten ahaleginduko direla. Maiatz bukaeran, Euskal Herriko berrehun jai batzordek Txosnak. Gureak, denonak dinamika abiatu zuten —tartean dago Bilboko Konpartsen Federazioa—, eta kanpaina horretan du itxaropena Errekaldek: sinadurak biltzen ari dira txosnak ondare immaterial izenda ditzaten. «Musu truk egiten dugu lan gure gauzak aurrera ateratzeko: gure kasuan, kultura», aldarrikatu du, eta salatu hori dela finantzabide bakarrenetakoa instituzioek diru laguntza publiko nahikorik ematen ez duten bitartean.

Ez dute asko sakondu gai horretan. Oraindik aurtengo Aste Nagusia borobildu beharrean daude eta. Kaskagorriko Larrañagari eta Iturriondori Txori Barroten egokitu zaie txanda, eta hori dute buruan, batik bat. Zain daude, berehala joatekoak baitira. Ostegunean izan zuten Arriagako atzealdeko konpartsen arteko otordua Payarekin eta Kaixorekin batera, eta Txori Barrotekoekin bazkalduko dute orain. «Elkar ezagutzeko egiten dugu, harremanak egiteko ez bakarrik gure konpartsakoekin, baizik eta baita beste konpartsetako kide batzuekin ere. Bazkariak topagune garrantzitsua izaten dira», Larrañagaren iritziz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.