Langar laino artean jaikitzen dira harriak sorginen galerian. Egunsentirako hasten dira elkarren artean hizketan. Solasaldi isil bat da hura. Harginaren jarduna arte bihurtu da han: (H)artea. Ez astuntasun, ez gogortasun, eta ez baldarkeria. Harria ez baita hori (bakarrik). «Pisua dute, baina goranzkoa», esango luke Oteizak. Testurak, argiak, azalak eta geometriak. Joseba Lekuona (Iruñea, 1972) artista artisauaren, artisau artistaren, hargin eskultorearen, eskultore harginaren lanak ikusgai daude Donostian, Igeldoko Sorgin galerian. Harriek sorgindutako mundu bat da hura: Interferentzia. Uhinen topaketa.
Berrehun urte baino gehiago dituen baserri ikusgarri batean dago Sorgin galeria, Magurategi bidean, bidezidor artean, Kantauri itsasoari begira. «Honaino etortzen dena honaino etorri nahi duelako etortzen da. Iragazki berezi bat da hori», azaldu du Mirian Badaro brasildarrak, galeriako arduradunak. Arte eta diseinu erakusketak egiten dituzte bertan. Kulturartekotasuna eta diziplinartekotasuna dituzte helburu. «Eta izaki berezi honen erakusketa daukagu orain, urtarrilaren 23ra arte. Haren ibilbide luzea jasotzen duten berrogei pieza dira. Adierazten dutenak diseinuzko ontziteriarekin hasitako ibilia nola bihurtu den eskultura lan bat. Landutako harria eta marmola dira. Diseinu erabilgarria baino askoz gehiago da. Ikusi nahi dituenak aurretik jarri behar da gurekin harremanetan».

Lekuonaren alderdi filosofikoa eta matematikoa goratu ditu Badarok, fisikarekin eta musikarekin sortzen dituen harremanak, eta horren guztiaren emaitza: «Koherentzia eta harmonia duten piezak, estetikoki oso bereziak direnak; bikainak».
Artisaua eta artista
Lekuonak berak egin du zehaztapena: «Ni hargina naiz: harri zizelkaria. Niri ez zait ezberdintzea gustatzen, baina artisautzaren eta artearen arteko debatea hor dago, eta muga bereiztea, gaur egun, ez da horren erraza». Abiatu du bisita. Euritmia izeneko pieza sail bat da: eskulturak dira eta ontziteria dira, ontziteria dira eta eskulturak. Joan eta etorrian dabiltza. Mugaritz jatetxearekin hasitako elkarlanaren emaitza. «Hartu ezazu hau eskuetan», eman dio moztutako pieza bat kazetariari. «Zibilizazio orok egiten du keinu berbera jaterakoan: batzuek arto hosto batekin, beste batzuek palma hosto batekin. Plater gisa erabili, eta ahora eraman. Hori lortzea zen erronka: erabilgarria den zerbait, aldi berean, ederra izatea». Eta gehitu horri material ezberdinen erabilera eta haiei buruzko ezagutza, ezaugarri termikoak eta sentsorialak: Calatoraoko harria eta Macaelgo marmola (Espainia), Carrarakoa (Italia), Igantziko eta Eratsungo marmola (Nafarroa), Markinakoa (Bizkaia), eta Mutrikukoa (Gipuzkoa).
«Ni hargina naiz: harri zizelkaria. Niri ez zait ezberdintzea gustatzen, baina artisautzaren eta artearen arteko debatea hor dago, eta muga bereiztea, gaur egun, ez da horren erraza»
JOSEBA LEKUONAHargina
Harria: gogorra, latza, zakarra eta pisutsua. Lekuonaren kontzeptuak: «Uhinak eta ertzak, angeluak, zainak, sekuentzia harmonikoak eta malguak». Moztutako hareharriak: «Inork ez daki harriek barruan zer duten. Harrobi bakoitzeko harria bata bestearengandik ezberdina da».
Zintzilik jarritakoak, eta barrutik hustutakoak. Barrutik kanpora egindakoak. Harrinabarrak. «Harriak bere balio piktorikoa ere transmititu behar du. Materiak hitz egin dezala bere kabuz». Bipolarra, Kantauri eta Hanpatu dira pieza nabarmenetako batzuk. Baita harginaren azken «obsesioa» ere: toroidea eta haren aukera bisualak.

Harriekin poesia
Oteizari buruzko erreferentzia asko. Haren omenezko makla: tximiniaren gainean jarritako magnesitazko pieza txundigarri bat. Argiaren garrantzia, eta haren itzalak. Mozketa zilindrikoak eta konkaboak. Azidoekin testurizatutako piezak. Bihurritutako harriak. Leundutako ertz biziak. Bihurgune bihurtutako lerro zuzenak. Krustazeoen formetan oinarritutako piezak. Tolestura malguak. «Nire pretentsioa harriekin poesia egitea da», argitu du harginak. «Arestik zioen moduan: ‘Poesia mailu bat da’. Eta harri herri honetan, are gehiago». Introspekziorako gela berezi bat dago. «Hausnarketa eta denbora eskatzen duten piezak dira. Gaur egun ez daukagu hori». Igeldon bai. Harriek bai. Langar laino artean jaikitzen dira egunero, eta egunsentirako hasten dira elkarren artean hizketan.