Harrizko fauna urbanoa

Ibilian eta ikusmiran, ezin sinetsizko bioaniztasuna aurki daiteke euskal hiriburuetako eraikinen fatxadetan, hormetan eta atarietan: animalia ikusgarrien eskulturak, tailuak eta erliebeak dira.

Tximu baten harrizko irudia, Salamanca pasealekuan, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Tximu baten harrizko irudia, Salamanca pasealekuan, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
enekoitz telleria sarriegi
2026ko martxoaren 14a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hontza da garezur baten gainean pausatuta begira ari zaizun hegazti hori. Polloeko hilerriko sarreran dago, zelatari, Donostian. Martin arrantzalea da bakea irudikatzen duen emakume horrek besarkatzen duen txoritxoa, Foruen monumentuan, Iruñean. Hegoak dituzte Mesedeetako zubian dauden lehoiek, Bilbon. Arkume itxurakoa da gargola hori, Baionako katedralean. Kontuz ibili Gasteizen, errinozero eta krokodilo bana dabiltza aske Pierola apezpikuaren lorategian. Badago harrizko, egurrezko eta brontzezko fauna urbano bat ezkutuan dagoena. Eskultura, tailu eta erliebeetan barrena ere egin daitezke safari ederrak.

Txema Hernandez Cristina Enea fundazioko zuzendariak elefanteak ikusten zituen egunero, lanera bidean, Donostiako Mandasko Dukearen pasealekuan dagoen eraikin batean. Pandemia garaia zen, 2020ko uda. Itxialdia arintzen hasi ziren. Eta Elefanteak Hirian erronka bururatu zitzaien. «Jendeari eskatu genion paseo hori egiteko aukera zuenean inguruan ikusten zituen animalien berri emateko. Kale, teilatu eta fatxadetan dagoen fauna horren berri emateko. Argazkiak bidaltzeko Whatsapp bidez, sare sozialen bidez...», azaldu du Hernandezek. Beste modu batera esanda: «Ez ibili telefonoari begira, ez ibili makurtuta, zabaldu begirada: gora, behera, alboetara, begiratu urrunera, altxatu burua».

«Harrituta» gelditu ziren erronkak izan zuen arrakastarekin. Irudi mordoa iritsi zitzaien. «Guk hartu genuen konpromisoa izan zen bakoitzari informazioa gehitzea: ze urtetan egin zen eraikin hori, zein izan zen arkitektoa, zertarako egin zuten... Istorio politak agertu ziren». Adibidez: «Mendeurrenaren plazan dagoen arrano famatua, berez, planoetan ez da agertu ere egiten, eta Donostiako irudietako bat bihurtu da. Astigarragatik Donostiara etortzen zen jendeak lehenengo ikusten zuena horixe izaten omen zen: arranoa. Baina inork ez daki nork, zergatik eta zertarako jarri zuten arrano hori eraikin horretan». Ceinpro ikastetxeko diseinu grafikoko ikasleekin jarri ziren harremanetan, eta egutegi bat diseinatzea proposatu zieten, hirian zehar topatutako animalia horiek oinarri gisa hartuta. Emaitza: Zoonostia erakusketa, 2023ko otsailean. Lorpena: norbere hiriko fauna urbano berezi horretaz jabetzea. Maria Kristina zubiko urrezko zaldiak arrain baten isatsa dauka. Salamanca pasealekuko eraikin horretan tximu bat dago begira-begira, eta hurrengo eraikinean egurrezko musker bat ari da zutabean behera jaisten. Bi txakur daude Aieteko jauregiaren sarreran. Pauma bat Mirakruzen, eta ahari bat Okendon. Suge bat ikusi dute Hondarribia kalean.

«Ez ibili telefonoari begira, ez ibili makurtuta, zabaldu begirada: gora, behera, alboetara, begiratu urrunera, altxatu burua»

TXEMA HERNANDEZ Cristina Enea fundazioko zuzendaria

Ehunka animalia zerrendatu zituzten Donostian, baina erronka berbera bota liteke beste euskal hiriburuetan ere. Bilbon, tigre bat dute Deustun, Joaquin Lucarinirena. Txakurren ahoetatik irteten da ura Txakur kaleko iturrian. Lehoiak daude San Nikolas elizako sarreran, Erriberako merkatuko zutabeetan, BBVA fundazioaren eraikineko sarreran, eta Jado plazako iturrian. Otsoak eta lehoiak Euskaltzaindiaren egoitzako teilatuan, Plaza Barrian.

Iruñean, zezenak daude han goian, zezen plazaren kanpoaldean, Carlos Zirizaren eskulturan. Eta zezenak daude entzierroaren omenez egindako eskulturan ere, Rafael Huertarenean. San Ignazio Loiolakoaren eskulturan, txakur bat ageri da, otzan-otzana. Usoak dira, hegan hastear diren horiek, Gaiarreren omenezko eskulturan. Lau tximu jostalari daude Arte Eskolaren kanpoaldean: ahoa, belarriak eta begiak ixten dituzte hiruk, eskuz, eta mingaina ateratzen du laugarrenak, burlaizez. Bertako irakasle talde batek egindakoak dira.

Gasteizko Santa Barbara plazan, bada eskultura bat hiru animaliaz osatua: koartza, baso igel gorria eta karramarroa. Eta animalia itxurakoak dira Katedral Berriko edo Maria Sortzez Garbiaren katedraleko gargola asko. Baita Baionako Santa Maria katedralekoak ere. Horixe baitute gargolek: izan daitezkeela giza itxurakoak, mitologikoak, geometrikoak, munstro itxurakoak, deabru itxurakoak, aingeru itxurakoak eta animalia itxurakoak ere. «Gargolak edo xurrutarriak, izatez teilatuetako ura kanporatzeko hodi edo erretenak dira. Kontua da horietako asko apainduta joaten direla, eta ikonografia berezia dutela. Ikonografia zoragarri bat», azaldu du Dolores Herrerok, historialari, doktore eta gargolen alorreko adituak. 

«Animalia horiek guztiek esanahi bat dute. Sinbolismo bat dute. Erdi Aroko bestiarioetan hasi ziren agertzen»

DOLORES HERREROHistorialaria, doktorea eta gargolen alorreko aditua

Mundu osokoak ikertu ditu Herrerok, eta liburu batean eta webgune bikain batean ditu jasoak: Doloresherrero.com. Gasteizko katedralekoak goratu ditu, Hondarribikoak eta Irungoak (Gipuzkoa), Iruñekoak, Bilbokoak eta Baionakoak. Groteskoak eta kimerak, denak dauzka jasota. Animaliak, gehienetan, ongiaren eta gaizkiaren errepresentazio gisa agertzen direla nabarmendu du: «Guztiek esanahi bat dute. Sinbolismo bat dute. Erdi Aroko bestiarioetan hasi ziren agertzen. Deabruak izaten dira negatiboak, kristautasunarekin lotuta. Lehoia eta arranoa izaten dira positiboak: indarra eta boterea erakusten dute, eta horregatik daude oso presente heraldikan, armarrietan, eta jauntxoen eta nobleen etxeetan. Txakurrak ere badaude horietan: zaintzaile eta zelatari lanetan agertzen dira».

Erdi Aroko ale ederrak gelditzen direla dio Herrerok, baina asko «hiltzen» ari direla: «Aire zabalean daudenez, eguraldiak baldintzatuta bizi dira. Higadura dela medio, arrazoi kimikoak eta biologikoak direla medio, hondatu egiten dira. Eta gizakiaren jarrerak ez du asko laguntzen, teila hodi batzuk ez direlako garbitzen». Ordezkatu ere egiten dituzte, eta, «aberrazioren bat edo beste» egin duten arren, figura garaikide batzuk «zoragarriak» direla dio Herrerok: «Edozein hiritan topatuko dituzu gargola ederrak. Baina gora begiratu behar da horretarako». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA